Donna Apellaniz Nieto: "Ezinezkoa da haur zein nerabeei haien bide emozionalean laguntzea, guk geuk ez baditugu gaitasun horiek landuta"
2024ko ekainaren 28a

"Emozioak hezten: Sentsibilitatez eta ulermenez hezteko formakuntza" antolatu du UEUk Nafarroako Gobernuaren babesarekin Iruñean. Donna Apellaniz Nieto (Donostia, 1990) izango da irakaslea; Lehen Hezkuntzan diplomatua da eta masterrak ditu Hezkuntzako Adimen Emozionalean eta Estrategia sistemiko eta ingurune terapeutikoak sortzea haurtzaroan eta nerabezaroan. Graduondokoa du Bioneuroemoción metodoan eta Familia-terapia sistemikoko masterraren lehengo urtea egin ari da. Haur Terapia Sistemikoan aditua da. Berarekin egon gara ikastaroari buruz hitz egiteko.
Nola hasi zinen Adimen eta Hezkuntza Emozionaleko formakuntzak ematen?
Txikitatik haur emozionala, sentibera eta intentsua izan naizela esango nuke, jakinda halakoak etiketak besterik ez direla, baina, bai, betidanik sentitu dut emozioen zurrunbilo bat eta hau izan da mundu horretan sartzeko nire inpultsoa, dudarik ez.
Magisteritzako karrera amaitu eta gero, Europatik bidaiatzea erabaki nuen eta hezkuntza-sistemarekin izandako dezepzio handiarekin bidaiatu nuen. Horrela ezin zela barruko sentimenetik ihes egin konturatu nintzen, milaka kilometrotara eta Donostian sentitzen nuen berbera esperimentatzen ari nintzen. Bizipen oso intentsu eta aberasgarria izan zen hura: barruan duzunak zurekin bidaiatzen du, beti, zurekin doa.
Beraz, garai horretan, orain dela 12 urte inguru, nire mundu emozionalean sakontzeko beharra sentitu nuen: asko irakurri nuen, zenbait formakuntza jaso nituen eta bidaia oso sakona eta intentsuan murgildu nintzen. Neure burua ezagutzen hasi nintzen eta hala egiten nuen eran haur zein nerabeekin lan egiteko era ere aldatu egin zitzaidan.
Denborarekin, ikasi eta esperimentatu nuen guztia partekatzeko grina sentitu nuen, autokontzientzia eta autozainketa emozionala garatzeko aukera izan banuen, pertsona guztiek ere egin zezaketela sinetsita. Beraz, gurasoei, hezitzaileei eta hezkuntzako profesionalei haur zein nerabeei biderakuntza emozionala emateko formakuntzak ematen hasi nintzen.
Formakuntzetatik abiatuta, gaur egun, haur, nerabe eta helduen terapeuta bezala ere lan egiten dut. Horrekin batera, neure garapen pertsonalari denbora eta espazioa eskaintzen jarraitzen dut, eta etengabeko autoesplorazio- eta (des)ikasketa-prozesuan jarraitzen dut. Asko gustatzen zait gauza berriak ikastea, baita balio ez didaten eta behar ez ditudan patroiak desikastea ere. Horrela, kanpoko munduaren eta neure izatearen ikuspegi berriak aurkitzeko prest nagoelako.
Zer lantzen da?
Formakuntza hau emozioetan zentratzen da, emozioen bidelaguntzan. Haur eta nerabeen emozioak ikusi, onartu, sostengatu eta kudeatzen laguntzea da helburua, beraz horretarako barne-lanketan jarriko dugu fokua. Izan ere, ezinezkoa da haur zein nerabeei haien bide emozionalean laguntzea, guk geuk ez baditugu gaitasun horiek landuta. Adimen eta kontzientzia emozional propioa lantzea eta garatzea funtsezkoa da bide honetan.
Beraz, hori izango da formakuntzaren zati garrantzitsu bat, zeinean dinamika batzuen bitartez barrura begiratuko dugun, eta gero (formakuntzaren bigarren zatian) haur zein nerabeekin haien emozioen lanketa hori bermatzeko bidea esploratuko dugun beste dinamika batzuen bitartez.
Nori zuzenduta daude formakuntza hauek?
Nik eskaintzen ditudan formakuntzak publiko osoari eskainita daude, kontzientzia emozionala garatzea helburu nagusitzat dutelako, nahiz eta gero formakuntza bakoitza bizitzako eremu ezberdinetara bideratu den. Formakuntza hau bidelaguntza emozionalean zentratzen da, beraz, haur eta nerabeekin bizi edota lanean jarduten duten pertsonei bideratuta egongo da. Hala ere, autoezagutza, kontzientzia emozional pertsonal eta harremanen lanketa-prozesua egingo dugunez, horretarako gogoz dagoena, beti, bertan parte hartzeko gonbidatuta egongo da.
Uste duzu hezkuntza-inguruneetan, lan-inguruneetan, komunitate-inguruneetan... adimen emozionalaren falta dagoela?
Gaur egun, adimen eta kontzientzia emozionalaz geroz eta gehiago hitz egiten dela errealitate bat da eta hori zoragarria dela uste dut, bizitzaren hainbat aspekturi garrantzia ematen diogulako (ez soilik garunaren adimenari—adimen mentala—baizik eta gorputz-adimenari—adimen emozionala, sentsoriala…—), baina beste galdera batean erantzun dudan bezala, adimen eta kontzientzia emozionala lanketaren bitartez garatzen den gaitasuna da, ezin dugu eskuratu buruarekin soilik ikasten. Lanketa hori prozesu bat da, eta prozesu horretan barruak (emozioak, sentimenak, sinesmenak…) mugitu behar ditugu: geure burua esploratu, sinismenak eraldatu, emozionatu behar gara, gure jokaerak eraldatu, aldatu, eta bide honek denbora eta lana eskatzen du eta gutxinaka egiten da.
Beraz, bai, lanketa egiten ari gara baina, hala ere, oraindik gorputz (emozio, sentimen, afektu…) gehiago falta da hezkuntzan adimen eta kontzientzia emozional hori bermatzeko. Horretarako hezkuntza-sistemak eraldaketa bat behar du, sakona, errotik doana; ezin baita soilik adimen emozionala txertatu beste gai bat izango balitz moduan, adimen eta kontzientzia emozionala era transbertsal batean landu behar da, garenari lotuta baitago.
Zure web orrialdean aipatzen duzu dezepzio handia hartu zenuela ikustean hezkuntza-sistema ez zegoela aldaketetarako hain konprometituta. Nola ikusten duzu orain?
Lana egin nahi dela ikusten dut, baina erroetatik landu beharreko zerbait da kontzientzia eta adimen emozionala, ezin da partxeatu eta lanketa horrek lehendabizi helduetatik etorri behar du, horregatik eskaintzen ditut honelako formakuntzak, era praktiko eta dinamiko batean helduen barne-munduarekin konektatzeko eta kontzientzia emozionala garatzeko, gero haur eta nerabeekin hemendik lan egin ahal izateko, horretan datza benetako eraldaketa.
Hezkuntza-sistema erroetatik aldatzen badugu, bizi garen sistema eraldatzen ariko gara eta horrek pisu eta ardura handia du. Hala ere, esango dut, bizi garen sistemak ez duela aldaketarik nahi, dagoen bezala betikotu nahi du; ez dut uste hezkuntza-sistemaren aldaketa erraza denik, horregatik adabakiak jartzen ditugu "aurpegi-garbiketa" moduko bat egiteko, non adimen emozionaleko gaitasunei garrantzia ematen zaien, baina, ondoren, errealitatea da hezkuntza-sistemaren egitura ez dagoela prestatuta haurren eta nerabeen bizitza emozionalki betea hartzeko, ezta haien irakasleena ere.
Bidean bagaude ere, asko falta zaigu orokorrean eta ez soilik hezkuntza-sisteman.