Cira Crespo Cabillo: "Gatazketan memoriak oso paper garrantzitsua dauka"
2024ko ekainaren 20a

"Gatazkaren memoria, memoriaren gatazka" jardunaldia antolatu dute Usurbilen Jakinek, Usurbilgo Udalak eta UEUk elkarlanean, bertan izango da Cira Crespo Cabillo (Bartzelona, 1980) "Ezin-esanaren miña; miñen ezin-esana. Gatazka nazionalaren teorizazioaren inguruko gogoeta bat” hitzaldiarekin. Historian doktoratua da Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Duela 15 urte etorri zen Euskal Herrira bizitzera, Gasteizera, eta batez ere historiaren dibulgazioan egiten du lan. Bertan osatu du familia. Berarekin izan gara.
Gatazka nazionalaren teorizazioren inguruko gogoetaz jardungo duzu. Non jarriko duzu fokua?
Gatazka honi buruzko teorizazioari erreparatuko diot, uste dudalako azken urteotan gure gizartea zeharkatzen duten gatazken artean gutxietsia dela. Esango nuke, une honetan, ez dakigula gatazka nazionalaz nola hitz egin eta zer izendapen erabili. Hau da, ez daukagu teoria argi bat mendekotasun hori ulertzeko eta, ondorioz, hari aurre egiteko.
"Ezin esanaren miña" diozu. Zergatik ezin esana?
Arazo nazionala ez da abstrakzio bat, menderakuntza zehatza baizik. Mina eragiten duten egoera eta jokaera zehatzak dira. Adibidez, gure seme-alabek euskaraz hitz egiteagatik eskolan haiekin sartzen direnean, hori zer da? zer gertatzen da han? arrazismoa da? Ala kasu honetan ezin da “arrazismo” hitza erabili? Orduan zer? Eraso zehatz hauei buruz hitz egiteko hitzak adostu beharko ditugu, bestela min horren ezin esana geratzen da, eta, ondorioz, konponezina eta min horren aurrean babesgabetasuna.
Izenburuan Orixeren poema baten azken lerroak jarri ditut: “ezin-esanaren mina, mina ezin-esana”. Han, zehazki, egileak bere min pertsonalari buruz hitz egiten du, baina beno, alde batetik, uste dut pertsonala politikoa dela, eta beste aldetik, dudarik ez daukat Orixerekin min asko partekatzen ditugula, ezin-esanaren min asko, alegia.
Gatazkaren memoria egiteak memorien gatazka dakarrela esaten da.
Beno, alde batetik, memoria ia beti da gatazkatsua. Historia egitea, gatazkari buruzko historia egitea da, ia beti. Beste aldetik, gure gatazkei dagokienez... zauriak hor dira, eta zauriak garbitu ezean, gaiztotu egiten dira. Horri buruz ez mintzatzeak ez du esan nahi minak desagertzen direnik, bakarrik esan nahi du, agian, ez ditugula ulertzen, edo agian, definitzea kosta egiten zaigula...
Zerbait nabarmentzerik nahi?
Uste dut gatazketan memoriak oso paper garrantzitsua daukala. Gure minak, kasu honetan gure arazo nazionalak, atzean historia luze bat dauka, eta historia horri buruz hitz egiteko erak arazoari aurre egiteko modua mugatuko du. Historiak lagunduko digu marko teorikoa sortzen; hau da, hemen gertatzen diren gauzei izenak jartzen, eta diskurtso argiak izaten. Hau da, zer da hemen gertatzen dena? Badu kolonialismoaren teoriarekin harremanik? Bigarren mailako kultura bat bezala tratatua izatea, hala erakundeetan nola kaleetan, hori arrazismoa da? Ez bada, orduan, zer da? Zeren zerbait izango da, eta izen bat jarri beharko genioke, ezta?
Hala ere, ni ez naiz oso ona behar den abstrakzio-maila horretan aritzeko; hortaz, hitzaldian hitz egingo dut teoria faltari buruz, oso teoria gutxi erabiliz eta, aldiz, adibide, zalantza asko. Nire asmoa da mahai gainean jartzea elkarrizketa hasteko baliagarri izan litezkeen duda eta ideia batzuk. Egia esan, galdera asko ditut... erantzunak baino gehiago.