Beñat Irasuegi Ibarra: "Ezinbestekoa izango da publiko-pribatu dikotomiatik atera eta lurraldeko eragile ezberdinen harreman publiko-komunitario-kooperatiboen eremuak eraikitzea"
2025eko ekainaren 19a

"Kooperatibismo bat komunitateari begira: lurraldeetako beharrei erantzuteko ereduak zabaltzen" jardunaldia antolatu dute JAKIN, Usurbilgo Udalak eta UEUk, OlatuKoop eta HUHEZIren laguntzarekin. Beñat Irasuegi Ibarra (Errenteria, 1978) kooperatibista. Talaios kooperatiban langile bazkidea eta Olatukoop sareko kidea ibili da antolaketa lanetan eta berarekin hitz egin dugu.
Kooperatibismoaren gaian jarriko duzue fokua aurtengo jardunaldian. Zergatik?
Kooperatibismoak historia luzea eta anitza izan du Euskal Herrian, industrializazioak sortu zituen langile desjabetuen antolaketarako tresnetatik hasi, euskaraz lan eta bizi ahal izateko proiektuekin jarraitu, edo gaur egun lanaren burujabetza oinarri hartuta gure lurraldeetan kooperatiba berriak sortzen ari diren herritarretaraino. Lana antolatzeko kooperatiben ohitura sakona dugu, erroak kooperatibismo modernoaren aurretik dituena, eta ildoari jarraituz, jendartearen beharrak eta konplexutasun soziala areagotuz doazen garai honetan, lurraldeari eta komunitateari atxikitako kooperatiba komunitarioen forma berriak sortzen ari dira. Gertatzen ari den honen berri ekarri nahi izan dugu kooperatibismotik Jakinek, Usurbilgo Udalak eta UEUk antolatutako jardunaldira, komunitatearen beharrei begira sortzen ari den kooperatibismoaren berri ematera gatoz.
Zer eskain dezake kooperatibismoak gaur egungo Euskal Herrian? Hainbat esperientzia ekarriko dituzue jardunaldira.
Kooperatibismoak eskaintzen du ekonomia modu demokratikoan, eta jabetza modu kolektiboan ulertu eta sortzeko tresna multzo kontrastatua, eta pentsamendu-ildo bat, garapen handikoa, garaiko ildo politiko eraldatzaileekin harremanetan jartzen eta nahasten dakiena, ekologismoaren, feminismoaren eta antirrazismoaren eskutik asko ikasi duena eta lurraldeetan proiektu berriak etengabe sortzeko gai dena.
Esango nuke, kooperatibismoaren pentsamendua praktikan oinarritzen dela, eta horregatik ekarri ditugu Euskal Herri guztiko esperientzia kooperatiboak jardunaldira, praktikak egon badaudelako, baina tamalez askotan ezezagunak edo gutxietsiak direlako. Esperientzia hauek oinarri direla, pentsatzen eta sortzen jarraitu nahi dugu.
Adibide orokor bat jarrita, uste dut denok gure egunerokoan ikusi, kezkaz bizi dugun erreleboaren krisi orokorrari erantzuteko tresna zentrala izango dela kooperatibismoa datozen urteetan, herri txikietan edo hirietan herritarrak, langileak eta erakunde publikoak antolatu beharko dira ehunka enpresa bideragarri kooperatibizatzeko, eta horiek ikuspegi trantsizional batetik komunitatearen beharretara bideratzeko.
Zeintzuk dira proiektu kooperatiboen eta instituzioen elkarlanaren arteko erronka nagusiak?
Gure auzo eta herrietan sortzen ari diren beharrei erantzuteko, ezinbestekoa izango da publiko-pribatu dikotomiatik atera, eta izaera publikoaren ikuspegi zabal, emantzipatzaile eta desmerkantilizatu batetik, lurraldeko eragile ezberdinen harreman publiko-komunitario-kooperatiboen eremuak eraikitzea, bai garapen ekonomiko eraldatzaile baten ardura hartzeko, eta baita herrigintzaren ikuspegi eta estrategia berritu bat zabaltzeko ere. Bide horretan asko dago egiteko. Alde batetik eremu publiko-komunitarioak tresna kooperatiboekin eraikitzeko oztopo juridikoak gainditzeko ezagutza zabaldu beharra, baditugulako udalgintza eta kooperatibagintza elkarlanean jartzeko tresnak, baina askotan beldur instituzionalek edo teknikari eta hautetsien ezezagutzak muga handiak jartzen dizkiete herritar antolatuek egin nahi dituzten proiektuei. Bestetik, lurraldeko beharren identifikazioan, estrategiak diseinatzean eta proiektugintza martxan jartzeko elkarlanerako gune eta politika publikoak sortu behar dira. Asko dago egiteko eremu honetan, eta ezinbestekoa izango da gure herri eta auzoetan lan egiteko eta bizitzeko.
Zer da jardunaldiarekin lortu nahi duzuena?
Jardunaldietan lurralde-garapenerako ildo berritu bat eta praktika multzo bat badagoela erakutsi nahi dugu. Azken urteotan asko hitz egiten da harreman publiko-komunitarioez, baina eduki teoriko eta praktikoz hornitzen ez badugu, kontzeptu huts bat eraikitzeko arrisku handia dugu. Horretarako ezinbestekoa da praktika errealak erakutsi, praktika hauek aitortu eta proposamen sistematizatuak eskuragarri jartzea. Herri Kooperatiben ideia politikoa eta tresna azalduko dugu jardunaldian, aurrerantzean Euskal Herrian diren proiektuei eskaini eta zabaltzeko asmoz.
Eta noski, jardunaldiaren asmo nagusietako bat da bertan elkartuko garen proiektu, herritar eta eragileen arteko saretzea sustatzea, ezinbesteko aldagaia eremu honetan.
Zerbait gehiago nabarmentzerik nahi duzu?
Erronka handiak ditugu gure lurraldeetan, hala nola krisi klimatikoa, digitalizazio estraktibista, bizitzaren prekarizazioa edo pertsonen indibidualizazioa, erronka erraldoiak izanik, paralisira edo segurtasun indibidualeko jarrera erreakzionarioetara eraman gaitzaketenak. Horregatik, gure komunitateetan herritarrak antolatu, eta lan eta bizitza bizigarriak eraikitzeko proiektugintza indartu eta zabaldu nahi dugu. Bide horretan pausoak emateko aukera ederra izango dugu egunotan.