Euskararen biziberritzea: marko, diskurtso eta praktikarako aukera berriak birpentsatzen.

Aurkezpena
Azken hamarkadetan euskararen biziberritzeari begira egindako aurrera pausoak agerikoak diren bezala, euskalgintzan diharduten agenteen artean gero eta orokortuagoa dago fase baten agortzearen kontzientzia. Aurreko fasean, euskararen ezagutza sendotzea eta zabaltzea hartu zen ardatz, ezagutza eta erabileraren artean harreman zuzen eta positiboa zegoela sinetsita, eta euskararen biziberritzea ezagutzak bermatuko zuela pentsatuta. Ikuspegi hori zalantzan dago gaur egun; euskararen ezagutzak gora egin arren, erabilerak ez duelako joera eta neurri berbera jarraitu, ez hedabideetan, ez etxean, ez aisialdian, ez eskolako esparru batzuetan, ezta lan munduan ere. Aldi berean, urteotan, testuinguru soziala bera ere aldatu egin da, garai batean eraginkorrak ziren euskararen biziberritzeari begirako diskurtsoen baliozkotasun eta eraginkortasuna auzitan jarriz.
Eszenatoki horrek interpelatu egiten gaitu: norantz eta nondik egin behar dira euskararen biziberritzearen aldeko ahalegin berriak? Orain arteko marko berberetan funtzionatzen jarraitu dezakegu? Diskurtso berriak behar ditugu? Badaude? Zein praktika izango dira beharrezkoak hemendik aurrera? Eta noski, zein harreman daude eta behar ditugu praktika, diskurtso eta marko zahar-berrien artean?
Ikastaro hau Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuarekin elkarlanean antolatu da.
Ikusi hemen ikastaroaren aurkezpen bideoa: Ibon Manterola eta Jone Goirigolzarri, Euskararen biziberritzea.
Ikusi hemen ikastaroko bildeo bilduma
Irakasleak
- Jaime Altuna Ramírez
- Kike Amonarriz Gorria
- Alberto Barandiaran Amillano
- Leire Diaz de Gereñu Lasaga
- Jone Goirigolzarri Garaizar
- Jone Miren Hernandez Garcia
- Mikel Irizar Intxausti
- Paula Kasares Corrales
- Xabier Landabidea Urresti
- Ibon Manterola Garate
- Ane Ortega Etcheverry
- Txerra Rodriguez Gomez
- Patxi Saez Beloki
- Gorka Salces Alcalde
- Belen Uranga Arakistain
- Josune Zabala Alberdi
Helburuak
- Euskararen biziberritzearen orain arteko ibilbidearen hausnarketa kritikoa egitea esparru eta ikuspegi anitzetatik.
- Euskararen normalizazioan aurrera egiteko diskurtso eta praktika berriak proposatzea, esparruz esparru.
- Euskararen biziberritzearen ikuspegi globala lantzea, esparruen arteko sinergiak bilatuz.
Edukiak
- Euskararen normalizazio prozesuaren azterketa kritikoa.
- Familia, aisialdi, eskola, lan mundu eta hedabideetako euskararen biziberritzerako diskurtso eta praktika zahar eta berrien azterketa eta proposamena, ikuspegi orohartzaile batetik.
Metodologia
Ikastaroak hitzaldiak eta eztabaida-saioak bilduko ditu. Ikastaroari sarrerako hitzaldi batekin emango zaio hasiera. Hitzaldiaren helburua euskararen biziberritze prozesuaren ibilbide kritikoa burutzea izango da, gaur egungo markoa irudikatuz eta ikastaroan zehar landuko diren gaiei sarrera eginez.
Sarrera horren ostean euskararen biziberritzeari esparruz esparru helduko zaio, betiere, ikuspegi orohartzailea buruan izanik. Esparru bakoitzaren lanketarako adituen mahai-ingurua eta ikastaroan izena eman dutenen lan-dinamikak konbinatuko dira. Dinamika hauek askotarikoak izango dira eta gaian aditua den dinamizatzaile batek gidatuko ditu. Dinamikon helburua hizlariek planteatutako ideietatik pausu bat harago joatea izango da, alegia, euskararen biziberritzerako diskurtso eta praktika erabilgarri edota berriak proposatzen saiatzea.
Ikastaroari itxiera hitzaldi batekin emango zaio. Azken hitzaldi horren helburua ikastaroan zehar agertutako ideia interesgarrienak bildu eta ikastaro/hausnarketa saio berrietarako galdera berriak planteatzea izango da.
Sarrerako eta itxierako hitzaldietan zein mahai-inguruetan ohiko galdera txandatxoak ere izango dira.
Nori zuzenduta
Ikastaroa maila profesional, akademiko zein pertsonalean euskararen biziberritzearekiko interesa duen norbanako, talde zein erakunde guztiei dago zuzendua. Besteak beste, erakunde publiko zein pribatuetako langileei: euskara teknikariak eta plangintza sortzaile eta bideratzaileak, aisialdiko begiraleak, kazetariak, irakasleak, ikerlariak, eta abar.