111 Nola erabili Moodle geletan, PBL edo problemetan oinarritutako metodologiekin

Aurkezpena
Matrikulazio epea: 2014ko irailaren 8tik 26ra arte.
Azken urteotan aldaketa handiak gertatzen ari dira gizartean, ekonomian eta kulturan eta aldaketa horiek eragina dute hezkuntzan. Industria-gizartetik informazioaren, jakintzaren eta ikaskuntzaren gizartera igarotzen ari gara eta sortzen ari den gizarte berrian, funtsezkoa da ingurunean gertatzen denaz ohartuko diren pertsonak heztea, etengabeko aldaketetara egokitu daitezkeenak eta egoera berriei modu erabakitzaile, eraginkor eta etikoan erantzuteko gai izan daitezkeenak.
Jakina, honelako testuinguruan, ezin daiteke hezkuntza irakasle eta ikasleen arteko informazio-transferentziatzat hartu; aitzitik, hezkuntzak aukerak eskaini behar ditu informazioa bilatu, aztertu eta beregain jakintza eraikitzeko.
Erronka honek eragindako aldaketak ikus daitezke dagoeneko ikasgeletako jardueretan, irakasleen zereginean edota ikaskuntza-irakaskuntza prozesuan erabiltzen diren material edota baliabide berrietan. Azkenaldion irakasleek eta irakaskuntza-erakundeetako arduradunek hitzetik hortzera darabiltzate era honetako hitzak: metodologia aktiboak, kooperatibismoa edo informazio eta komunikaziorako teknologien erabilera, besteak beste.
Metodologia aktiboek (PBL, EBL, kasuetan oinarritutako metodoa, …) jomuga hori lortzeko aukera paregabea eskaintzen dute. Izan ere, hezkuntza arloko ikertzaileek ondokoa baieztatu dute: metodologia horiek edukiak atxikitzeko gaitasun handiagoa ahalbidetzen dute, baita lotura handiagoak ezartzea teoria eta praktikaren artean eta aurretiaz ezagutzen dutenaren eta ikasten dituzten edukien artean; horrez gain, arlo ezberdineko edukien integrazioa handiagoa da eta prozesua ikasle-taldeetan gauzatzen denez, gaitasun sozialak eta ikasleen erantzukizun-maila hobetzen da. Zehazki, Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza (PBL) ikaskuntza-prozesuaren abiapuntua problema edo kasu bat da eta prozesu horretan garrantzia handiagoa du galdetzeak erantzuteak baino. Era honetako irakaskuntzan oso mesedegarriak suertatzen dira Informazio eta Komunikaziorako Teknologiak (IKT), esate baterako, MOODLE izeneko plataforma. Plataforma honek irakasleen interakzioa bideratzeko eta elkarlanean oinarritutako ikasketa bultzatzeko gero eta gehiago erabiltzen den aplikazioa da.
Datozen lerroetan “Nola erabili MOODLE geletan, PBL edo problemetan oinarritutako metodologiekin” formazio proiektuaren nondik norakoei buruzko informazioa jaso dut.
Aurrez-aurreko saioak: urtarrilak 14 eta martxoak 18, 25
Irakasleak
Helburuak
- Irakasleak trebatzea irakaskuntza-metodologia aktiboen diseinu eta aplikazioan, batik bat Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza (PBL) izeneko metodologian.
- PBL metodologia praktikoa diseinatzea gelan lan egiteko euskarri bezala eta bitartean, gogoeta bultzatzea bakoitzaren irakasgaiaren edo irakasgaien irakaskuntzaren garapenaren inguruan.
- On-line bidezko irakaskuntzarako dauden baliabideak ezagutzera ematea, MOODLE plataformaren erabileran sakonduz.
- PBL metodologiarekin bat datozen MOODLE programa multzoaren modulu erabilgarrienak ezagutaraztea; hots, elkarlaneko jarduerak eta ikasketa aktiboa sustatzeko tresnak ezagutaraztea: foroak, tailerrak, wikiak, glosategiak, datu-baseak, portfolioak, blogak,… Baita MOODLEek eskaintzen dituen aukerak nola osatu kanpoko beste aplikazioekin (dropbox eta youtube, besteak beste).
- MOODLE plataformaren aplikazioak ezagutaraztea eta erabiltzea: taldekatzeen kudeaketa eta ebaluaziorako tresnak (adibidez, errubrika bidez).
- Gela batean aplikatzea ikastaroan landutakoa, datuak biltzea, ondorioak ateratzea eta lehen diseinu hori etorkizunean hobetzeko proposamena prestatzea.
- Irakasleen motibazio, interes eta inplikazio handiagoa lortzea.
Edukiak
1. TIC-TAC-TPACK
Informazio eta Komunikaziorako Teknologien erabilera Hezkuntzan: zergatik eta zertarako.
2. Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza (PBL)
Jatorria. Kontzeptua. Metodologiaren oinarriak eta ezaugarriak. Irakasle eta ikasleen rol berriak.
3. PBL metodologian oinarritutako proiektu baten diseinua
Proiektuaren proposamena. Ikaskuntza helburuak eta Gaitasunak. Jarduera-motak. Denboralizazioa. Taldekatzea. Atzeraelikadura. Ebaluazio-motak. Sor daitezkeen gatazkak. Bibliografia eta baliabideak.
4. PBL metodologiarekin bat datozen MOODLE plataformaren moduluak
Elkarlana, ikaskuntza aktiboa eta autonomia sustatzeko lagungarriak diren baliabideen erabilera eta aplikazioa: foroak, tailerrak, ikasgaiak, clusterrak, wikiak, glosategiak, datu-baseak, portfolioak, blogak, youtube, dropbox…
5. Ikaskuntza-irakaskuntza prozesu aktiboen kudeaketa
Taldeen antolaketa MOODLEn
MOODLEn tailer moduluaren ebaluaketa errubrika bidez, koebaluazioa, autoebaluzioa,....
Atzeraelikadura emateko baliabideak
6. Aplikazioa eta emaitzen analisia
Ikaskuntza-irakaskuntza prozesua ebaluatzeko teknikak eta adierazleak.
Datuen bilketa eta emaitzen analisia. Estatistika.
Ondorioak ateratzea eta egindako diseinua hobetzeko proposamena idaztea.
Metodologia
Formazioak eduki teorikoak eta praktikoak uztartuko ditu.
Alde teorikoari dagokionez, gaiari buruzko irakurketak, ikerketa nahiz iritzi artikuluak eta bibliografia (aldizkari, liburu eta esteka interesgarriak) banatzeaz gain, power point aurkezpenak, bideoak eta aplikazioak edota ebatzitako ariketak erabiliko dira.
Alde praktikoari dagokionez, bi talde-eztabaida eta talde-dinamika gidatuak (gaitegi jakin batez egituratukoak) eta plataformaren bitartez astero proposaturiko jarduera praktikoak izango dira tresna nagusiak.
Bakarka bai taldeka lan egingo da.
MOODLE plataforma eta bestelako teknologia berri batzuk erabiliko dira.
Nori zuzenduta
Irakasleak orokorrean