Euskaldunentzako Jabekuntza Eskola (II). Menpeko perpausa izateari uzteko langintzak.

Hasiera - Bukaera data: 2025eko urriaren 7a - 2025eko azaroaren 11 (Asteartea)
Ordutegia: 18:00-20:00
Modalitatea: Presentziala
Ordu kopurua: 12
Matrikula-epearen hasiera: 2025eko uztailaren 25a
Matrikula-epearen bukaera: 2025eko urriaren 6a
Euskaldunentzako Jabekuntza Eskola (II). Menpeko perpausa izateari uzteko langintzak.

Aurkezpena

Euskaldunentzako Jabetze Eskola. Ezagun da mugitzen ez denak ez dituela kateak sentitzen, baita mugitzeko arrazoiak ezagutzan eta hausnarketa bideetan topatu behar direla ere. Beraz, euskaldunok ere badugu gure inguruan zer ezagutu eta hausnartu, eta badugu mugitu beharra, lotzen eta mugatzen gaituzten egoerak eta baldintzak eraldatu nahi baditugu, behinik behin. Euskal Herriko feministek aspaldi erakutsi ziguten bezala, beharrezkoak eta eraginkorrak dira Jabetze Feministarako Eskolak, ahalduntze eskolak alegia; eta han eta hemen, ingurumari ezberdinetan barreiatuta daude, emakumeak feminismoan jabetzen eta mugimendu feminista bera ahalduntzen eta indartzen. Beraz, euskaldunek badute nora begiratu, eta nondik ikasi.

II. edizioa. Hausnarketa horietatik tiraka jarri genuen martxan 2024-2025 ikasturtean, lehenengoz, Gasteizko Euskaldunentzako Jabetze Eskola, Izaskun Arrue Kulturgunearen programazioaren baitan, Udako Euskal Unibertsitatearekin elkarlanean. Eta lehenengoak, segida ekarri du: 2025eko urriaren 7tik azaroaren 11ra ekingo diogu II. edizioari, hizlari zein talde berria osatuz. Iazko helburu berberari egingo diogu tira: Gasteizko eta inguruko euskaldunok geure burua jantzi, alor ezberdinetan eraginkorragoak izateko; jabetu, ahaldundu, eta ondorioz, jendartea eraldatu; euskararen normalizazioak eta biziberritzeak alor ezberdinetan behar dituen funtsezko gakoak adituengandik zuzenean ezagutu; euskalgintza esaten diogun sareko eragileen hausnarketak ezagutu; eta amaitzeko, euskararen soziolinguistika hobeto ezagutu eta horretan sakondu.

Jakintza-arloak