Euskaldunentzako Jabetze Eskola. Menpeko perpausa izateari uzteko langintzak.

Hasiera - Bukaera data: 2024ko azaroaren 27a - 2025ko maiatzaren 7a (Asteazkenak)
Ordutegia: 18:00-20:00
Izaera: Presentziala
Ordu kopurua: 12
Matrikula-epearen hasiera: 2024ko urriaren 29a
Matrikula-epearen bukaera: 2024ko azaroaren 25a

Aurkezpena

Ezagun da mugitzen ez denak ez dituela kateak sentitzen, baita mugitzeko arrazoiak ezagutzan eta hausnarketa bideetan topatu behar direla ere. Beraz, euskaldunok ere badugu gure inguruan zer ezagutu eta hausnartu, mugitu beharra, lotzen eta mugatzen gaituzten egoerak eta baldintzak eraldatu nahi baditugu, behinik behin.

Euskal Herriko feministek aspaldi erakutsi ziguten bezala, beharrezkoak eta eraginkorrak dira Jabetze Feministarako Eskolak, ahalduntze eskolak alegia; eta han eta hemen, ingurumari ezberdinetan, barreiatuak daude, emakumeak feminismoan jabetzen eta mugimendu feminista bera ahalduntzen eta indartzen. Beraz, euskaldunek badute nora begiratu, eta nondik ikasi.

Hausnarketa horietatik tiraka, Euskaldunentzako Jabetze Eskola bat martxan jarriko da Izaskun Arrue Kulturgunearen (IAK) programazioaren baitan Udako Euskal Unibertsitatearekin elkarlanean. Gure hiriko eta inguruetako euskaldunentzako beharrezkoa den hausnarketarako, ahalduntzerako eta artikulatzeko balioko duena, eta Gasteizko kultura proiektu euskaltzalearen aro berri honi hasiera emango diona.

> Eskola honen dinamizatzailea MANEX AGIRRE ARRIOLABENGOA izango da.

Ikusi hemen Manexi egindako elkarrizketa: "Euskaldunok sarri ez gara ohartzen nolako gauzak sortzeko eta artikulatzeko gai garen"

.

AURKEZPEN EKITALDIA.

Urriak 30, asteazkena. 18:00-20:00 IAKn.

  • Aurkezpena: Manex Agirre Arriolabengoa, eskolaren dinamizatzailea.
  • Hitzaldia: Hizkuntzaren norabideak marrazten. Garikoitz Goikoetxea Etxeberria.
>> Saio irekia aforoa bete arte.

Irakasleak

Helburuak

  • Euskaldunok geure burua jantzi, alor ezberdinetan eraginkorragoak izateko.
  • Jabetu, ahaldundu, eta ondorioz, jendartea eraldatu.
  • Euskararen normalizazioak eta biziberritzeak alor ezberdinetan behar dituen funtsezko gakoak adituengandik zuzenean ezagutu.
  • Euskalgintza esaten diogun sareko eragileen hausnarketak ezagutu.
  • Euskararen soziolinguistika hobeto ezagutu eta horretan sakondu.

Edukiak

Hiru bloketan banatua egongo da, eta hiruhileko bakoitzean bloke bakoitzeko gai bat landuko da.

  • Hausnartzea: pentsamolde zaharrak berritu, eta berriak barneratu egin behar dira. Euskalgintza deritzon giza talde horretan etengabeak dira estrategiak birpentsatzeko zabaltzen diren bideak, beraz horiek ezagutzea eta barneratzea izango da arlo honetako zeregin garrantzitsuena.
  • Ahalduntzea: euskararen biziberritzean hainbat esparrutatik eragiten ari diren proiektuak ezagutu, ulertu eta gure egitea; esperientzia ezberdinen berri jasotzea. Batzuetan talde proiektuak izango dira eta besteetan norbanako ezberdinek abian jarritako ekimen edo egitasmoak.
  • Artikulatzea: garai berriek eragiteko esparru ezberdinak dakartzate ezinbestean, eta ekosistema euskaltzaleari ere bere aliantza sarea berritzea dagokiola dirudi. Norekin elkartu? Non egin azpimarra? Zein aliantza berri egin? Nolakoak dira euskaldun izateko modu berriak?

Metodologia

Saioen egitura

Hilero saio bat egingo da, hileko azken asteazkenean (ikusi data zehatzak egitarauan).

Saioek, bi zati izango dituzte. Lehenengoan, gonbidatuena izango da hitza, eta solasaldirako proposatutako gaiaren inguruan ariko dira, dinamizatzaileak gidatuta. Bigarrenean, aldiz, eskolako kideen parte-hartzea izango da ardatza; gonbidatuek esandakotik abiatuta, saio bakoitzeko gaiari mamia ateratzeko aukera izango dute. Gerora, saioetan landutakoa eta bizitakoa sintetizatu eta bilduko dugu, merezi duen zabalkundea izan dezan.

Nori zuzenduta

Gaian interesa daukan edonori.

Jakintza-arloak