STEAM eta generoa gelan txertatzeko klabeak

Aurkezpena
Ikastaroa guztiz online izanen da.
Gazteek gero eta interes gutxiago dute STEAM (ingelesez Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Arteak eta Matematikak) arloetan, baita ikasketa horiek hautatu eta etorkizunean profesioak zientzia edo teknologian garatzeko. Hau nabarmenagoa da nesken artean. Hau arazo bilakatzen ari da gizartean, alde batetik talentua falta delako enpresetan eta bestalde, zientziaz eta teknologia hain garrantzitsua den gizarte batean hiritarrek gai hauetan jantziak egon behar direlako, ezagutu eta kritikoak izateko.
Hainbat arrazoi daude gazteek, eta neskek bereziki, zientzia eta teknologiara ez hurbiltzeko, esate baterako: profesio hauen ezezagutza, estereotipoak, erreferente falta, etab.
Ikastaro honetan gai hauek ezagutu eta ikasgai desberdinetan txertatzeko proposamenak planteatuko dira. Genero ikuspegitik STEAM gaietan lan egiteko klabeak, ereduak eta esperientziak partekatuko dira. Helburu nagusia, parte-hartzaileek bere irakaskuntzan modu praktiko batean STEAM eta genero ikuspegia txertatzea izango da.
Irakasleak
Helburuak
• Gazteek STEAM arloetara hurbiltzeko eta interesa pizteko dauden oztopoak identifikatuko dira, nesken kasua bereziki.
• Irakasleek, zientzia eta teknologia arloetan aplikatu ditzaketen planteamenduak azalduko dira (esperientziak, praktika onak, etab.)
• Parte-hartzaile bakoitzaren irakaskuntzaren hausnarketa egin eta identifikatu genero ikuspegia txertatzeko praktika egokienak.
Edukiak
• Sarrera, STEM bokazioen egoera gaur egun.
• Zientzia eta teknologiara hurbiltzeko dauden oztopoak.
• Genero ikuspegia zientzia eta teknologiaren irakaskuntzan.
• STEM bokazioak sustatzeko metodologiak eta baliabideak.
Metodologia
1. online saioa. Ahozko azalpen teorikoak, eztabaida eta hausnarketa. Edukien 1 eta 2 puntuak landuko dira.
• Hainbat irakurketa gomendatuko dira (artikulu zientifikoak, txostenak, etab.)
• Irakurketa horien inguruan bakarkako lana egingo da eta talde-txikietan partekatuko da.
2. online saioa. Ahozko azalpen teorikoak, eztabaida eta hausnarketa. Edukien 3 eta 4 puntuak landuko dira.
• Partehartzaile bakoitzak, bakarka, bere ikasgai edo ikastetxerako plan bat diseinatu beharko du STEM eta genero ikuspegia txertatzeko helburuarekin.
• Ikasle bakoitzak bere proposamen didaktikoa aurkeztuko du taldean. Era honetan guztien artean partekatuko dira proposamenak, elkarren arteko esperientzietatik ikasteko eta material gehigarria eskuratzeko.
Nori zuzenduta
Izen-ematea publiko zabalari irekia dago baina unibertsitatean ikasten dabiltzan Nafar ikasleek izango dute lehentasuna. Edozein etapako irakasleei zuzenduta dago.
Ikasleak onartuak izango dira irizpide honen arabera: izen emate epea zabaldu eta lehenengo 15 egunetan izena ematen dutenen artean, lehenik, unibertsitateko nafar ikasleak, gero gainontzeko nafarrak eta azkenik, beste lurraldetakoak.
15 egun horiek pasata, taldea osatu arte onartuko dira ikasleak.