Ahoskera Laborategia: zuzentasunari, egokitasunari eta naturaltasunari buruzko saioak

Aurkezpena
1968an Euskara Batua abiatu zenetik, eta 1995ean Euskara Batuaren Ahoskera Zainduari (EBAZ) buruzko araua kaleratu zenetik, bide luzea egin da. Denbora-tarte horretan, euskararen ahoskerari dagokionez, euskarazko telebista, irrati, podcast eta YouTube kanal berriak sortu dira; euskarazko irakaskuntza nagusi da gure inguruan; beste hizkuntzetatik euskararako interpretazioa sendotu da; euskarazko antzezlan eta ikus-entzunezkoetan aktore asko trebatu dira… Baina ahozko euskararen inguruko lanketa berezirik ez da egin, ekarpen teoriko gutxi eta praktikara eramateko saiakera apur batzuk baino ez:
- 2019ko otsailean Euskaltzaindiaren Ahoskera Batzordeak gaiaren inguruko jardunaldiak antolatu zituen Gasteizko Artium museoan: Eta ahoskera zer?
- 2019ko urriaren 22an, “Euskaraz ahoskatzen ikasi eta irakatsi” ikastaroa izan zen Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean. Lourdes Oñederrak eta Oroitz Jauregik egin zuten saioaren atal teorikoa, eta, ondoren, Julia Marinek eman zuen saio praktikoa. Oso balorazio positiboa egin zuten parte-hartzaileek, eta han egoteko aukera izan zutenetako batzuek adierazi zuten halako besteren bat egiteko nahia. Horren harira, bertan izandako eta ez izandako batzuk elkartu, denak ere euskararen eta haren ahoskeraren inguruan kezkatuak, eta honako proposamen hau egitea erabaki zuten: Euskararen Ahoskera Laborategia abiatzea, Gasteizen.
- Bien bitartean, Euskaltzaindiaren Ahoskera Batzordeak Gasteizko Oihanederren izandako ikastaroaren tankerako beste saio batzuk antolatu ditu Donostian eta Bilbon.
Euskara estandarraren ahoskerarekin eta, oro har, ahozkotasunarekin zerikusia duten bestelako aldagaiekin esperimentatu nahi da laborategi honetan: azentua, intonazioa, euskal doinua, e.a. Horretarako mahainguru bat eta hiru saio trinko antolatuko dira: mahainguruan euskara lanabes duten hiru profesionalen hausnarketak entzungo ditugu eta larunbat goizetan izango diren hiru saio trinkoetan, lehenik gaiari lotutako adituen ekarpena jasoko da, eta ondoren esperimentatzeari ekingo zaio laborategian.
Ahozko euskararen inguruko lanketa berezia egin nahi da, eta praktikari garrantzi berezia emango zaio: saio bakoitzaren bigarren zatian, metodo enpirikoa geure egin, eta esperimentatu egingo dugu, ahozkoa lan-tresnatzat hartuta. Probetarik ez dugu erabiliko; baina, laborategi-lanak eskatzen duen bezala, probetan ardaztuko ditugu saiook, probatzea baita edozein langairi etekina ateratzeko modurik egokiena: hizkuntzarekin jolastea, saiakuntzak egitea, esperimentatzea. Amaieran, nola ez, ikasitakotik ondorioak ateratzen saiatuko gara, denon arteko hausnarketa eta iritzi-trukea baliatuz.
.
>>> Ikusi dinamizatzaileei egindako elkarrizketa: “Kode propioak beharko lituzke ahozko jardunak”
.
Jarduera hau UEUk eta Oihaneder Euskararen Etxeak elkarlanean antolatu dute.
.
Laguntzaileak:
.
Helburuak
- Euskara estandarraren ahoskera egokia, jatorra eta zuzena jorratzea.
- Euskara estandarraren ahoskerarekin eta, oro har, ahozkotasunarekin zerikusia duten bestelako aldagaiekin esperimentatzea: azentua, intonazioa, euskal doinua…
- Hitza eta ahotsa lanabes duten profesional euskaldunei oinarri teoriko eta praktiko sendoak eskaintzea.
- Interesa agertzen duen orori bere ahoskera hobetzen laguntzea.
- Euskara estandarraren ahoskeraren oinarrien inguruko hausnarketak praktikan jartzea.
- Euskararen erabilera sustatzea.
Edukiak
AURKEZPEN MAHAI INGURUA
Otsailak 24, asteazkena, 19:00etan.
- Mahai ingurua: Hitza lanabes sarritan aldrebes.
- Parte-hartzaileak: Ilaski serrano, Franck Dolosor eta Edurne Azkarate.
Nori zuzenduta
Hitza lanabes duten profesionalei:
- Hedabide ezberdinetako esatariak: telebista eta irratia, batez ere
- Hezkuntza arloko irakasleak: ikastetxeak, euskaltegiak, unibertsitatea...
- Kultur sortzaileak: aktoreak, bikoiztaileak, ipuinkontalariak, bertsolariak, magoak….
Bere ahoskera hobetu nahi duen edonori.