154 DBHn "Balio etikoak" lantzen

Aurkezpena
Matrikulazio epea: 2019ko irailaren 9tik 27ra arte, biak barne. IRAKASLEGUNEA
Bigarren Hezkuntzako Filosofia Irakasleen Elkarteak (AGORA) Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateari (HEFA) egindako eskaera batetik sortu da ikastaro hau, eta bigarren hezkuntzako filosofia irakasleen eskaera zehatz bati erantzuten dio.
LOMCEren etorrerarekin batera 2013tik “Balio etikoak” ikasgaia ematen da DBHko 4 urtetan zehar, astean saio bakarra duen hautazko/espezifiko moduan. Filosofia irakasleek premia adierazi dute ikasgaiaren inguruko materialak, testuak, jarduerak eta abar bateratzeko eta irakasleei irizpide pedagogiko, akademiko eta metodologiko zehatzagoak helarazteko, ikasgaia indartu eta formazio programa orokorrarekin alineatu dadin.
Ikastaroa etika/politika/gizartea alorretan adituak diren EHUko irakasle eta ikerlariek emango dute, AGORA elkartearekin elkarlanean.
Irakasleak
- Javier Aguirre Santos
- Belen Altuna Lizaso
- Maite Arraiza Zabalegui
- Agustin Arrieta Urtizberea
- Cristina Lasa Ochoteco
- Mikel Torres Aldave
- Ekai Txapartegi Zumeta
Helburuak
- Bigarren Hezkuntzako filosofia irakasleei DHBko lau urtetan ematen den “Balio etikoak” ikasgaia modu koherentean diseinatzen laguntzea.
- Ikasturte bakoitzeko helburu, eduki eta metodologia adin-tarte bakoitzari egokitzea, ikasgaiak lau urtetan zehar garapen jarraikor bat izan dezan.
Edukiak
DBHko “Balio etikoak” ikasgaiaren oinarrizko konpetentzia da ikasleak ‘Gizarte eta herritartasunerako’ prestatzea. Horretarako, DBHko irakasleek hainbat gaitasun landu behar dituzte, ikasgaiko 6 unitate didaktikoetan zehar. Konpetentzia sozial eta zibikoak landuko ditugu ikastaroan, hala nola elkarbizitzarako konpetentzia, norbera izaten ikasteko konpetzentzia eta hitzez komunikatzeko konpetentzia (ikus Heziberri 2020 “Balio etikoak” ikasgaiaren gida).
Horiez gain, beste gaitasun batzuk zehar-konpetentzia moduan ere landu behar dira. Hala nola:
- Argudio etikoen aurreko entzuketa eta errespetua (hezkidetza barne)
- Arrazoibide etiko onargarriak (eta ez onargarriak)
- Entzuketa aktiboa –non ikaskidea ‘aurkitzen’ den-
- Desadostasunen kudeaketa
- Bilaketak egiten ikastea datuak, esperientziak, … esanguratsuak aurkitzeko
- Lotura erreflexiboak egitea ikus-entzunezko materialen (bideo-pelikula-artikulu-liburu eta abar) eta jorratutako gaiaren artean
Ikastaro honetan zeharkako konpetentzia horiek guztiak ere landuko dira, baina soilik pedagogikoki. Alegia, gaitasun horiek DBHko ikasgeletan nola txertatu modu natural batean izango da gure saioetan landuko den gaia, beti ere Hezkuntza Ministeritzak ikasgai honi ezarritako helburu, ebaluazio irizpide eta irakaskuntza lorpenak kontuan hartuta.
Metodologia
UEUk lehenetsitako IKD ereduari jarraituaz, ikastaro honetan hausnarketa etikoak sustatzeko erabiliko den metodologia aktiboa arazo-egoera etikoetan oinarrituko da, ikasleen arteko debate-egituratuak sustatuz eta haien prestaketa eta ebaluaketa kritikoari pisua emanaz.
Ikastaroetan praktikan jarriko den metodologia da “Balio etikoak” ikasgairako aholkatzen dugun metodologia bera. Ikastaroko metodologia beraz, aldi berean praktika eta eredu gisa erabiliko da.
Arazo-egoera etikoak ikasgelan lantzeko debate-egituratu metodologia bat proposatuko da, dagoeneko DBHn emaitza egokiak eman dituena. Metodologia horretan oinarrituz landuko da unitate-didaktiko bakoitza, ikastaroko aurrez aurreko saioak adibide/eredu forma hartuko dutelarik, bigarren hezkuntzako irakasleek eginaz jabetu daitezen “Balio etikoak” ikasgaiari dagozkien irakaskuntza emaitzetaz. Ikastaroa, beraz, praktikoa ere izango da, arazo-egoerak lantzeko eztabaida-egituratuen adibide/ereduetan oinarritua. Saio bakoitzean arazo-egoera etiko bat erreproduzituko da, ikastaroko irakasle bakoitzak aukeratuko duena, ondoren DBHko “Balio etikoak” ematerakoan bigarren hezkuntzako irakasleek ikasgela zer-nola antolatu adibidea/eredua izan dezaten, eta metodologia horren inguruan hausnartzeko aukera izan dezaten.
Ikastaroko irakasle bakoitzak erabakiko du aukeratzen duen arazo-egoera etikoa lantzeko zein material didaktiko edo ikus-entzunezko erabiltzen duen. Bigarren hezkuntzako irakasleek ondoren euren arazo-egoerak diseinatzerakoan bestelako material didaktiko eta ikus-entzunezko bilatu beharko dituzte. Hori izango da lan pertsonalari dagokion ariketaren zati garrantzitsu bat.
Aktiboa izateaz gain, IKD eredua kolaboratiboa/kooperatiboa ere bada. Zentzu horretan, ikastaroa abiatu aurretik online-plataforma bat irekiko dugu, zeinetara bigarren hezkuntzako irakasleek euren arazo-egoera etikoak modu partekatuan igo ditzaten. Horrela, bigarren hezkuntzako irakasle bakoitzak 2 arazo-egoera igotzen baditu, gutxienez 20 lagun izango direla kontuan izanik, ikastaro amaieran gutxienez 40 arazo-egoera izango dituzte guztiek eskura, ondoren euren ikasgeletan erabili ditzaketenak. Ikastaroaren ardura izango da 40 arazo-egoera horiek 6 unitate-didaktikoetakoak izan daitezen modu orekatuan. Kontuan izan DBHko ikasgelan astean arazo-egoera bat lantzen bada, ikasturte batean soilik 35 arazo-egoera behar direla eta ikasturte batetik bestera ez dagoela zertan arazo-egoera guztiak aldatu. Ikastaroaren emaitza baliotsua da, beraz, 40 arazo-egoera ondo diseinatu, landu eta egituratu izatea.
Ikastaroaren hasieran arazo-egoera etikoen zerrenda zabal bat banatuko da, eta haiek guztiak lantzeko metodologia aproposena jarriko da martxan. Horretaz gain, “Balio etikoak” ikasgaiaren programazio eredu bat ere banatuko zaie, euren programazioak egiterakoan abiapuntu bat izan dezaten.
Nori zuzenduta
DBHko eta Batxilerreko irakasleak.