IkerGazte: Nazioarteko ikerkuntza euskaraz (2019)

Aurkezpena
IkerGazte2019 badator.
Lehen IkerGazte kongresua antolatzeko erronkari 2015ean heldu genion, baita egin ere. 2017an bigarrena egin genuen eta lehena hobetu genuela sinisten dugu. Oraingoan 2019ko 3. edizioari ekiteko gogotsu gaude. IkerGaztek Durangon hasitako ibilbidea, Iruñean jorratzen jarraitu genuen eta aurten Baionan egingo dugu geldialdia.
IkerGazte2019 kongresuan Euskal Herriko ikertzaile euskaldunok bilduko gara, aurreko ediziotan egon ginenok eta, espero, aurrekoetan egon ez zirenak ere. Ikertzaile euskaldunok bagabiltzalako Euskal Herriko unibertsitateetan eta ikerketa zentroetan ikertzen; badaukagulako ikertzen duguna ezagutarazteko ahalmena eta gogoa; nazioartean egiten duguna bertokoari azaldu nahi diogulako; Euskal Herrian zer ikertzen den jakin nahi dugulako; lankide izan daitekeen hori ezagutu nahi dugulako; eta edozein alorretakoak izanik ere, edozertaz euskaraz jarduteko gai garelako.
IkerGazte ikertzaile euskaldunontzako erreferente izateko bidean dagoela sentitzen dugulako. Horregatik guztiagatik, UEUren eta Kongresuaren Batzorde Zientifikoaren izenean 2019ko maiatzaren 27-28-29an Baionan egingo dugun IkerGazte2019ra gonbidatzen zaitugu. Edozein delarik ere zure ikerketa-eremua, hurbil zaitez Baionara: giza zientzietan, gizarte zientzietan, zientzia zehatzetan, teknologian, arkitekturan edota osasunean diharduten nazioarteko ikertzaileen komunitate euskalduna bada eta. Egizu bat ikertzaile euskaldunen bilgune honekin, ezagutu itzazu ikerketan diharduten ehundaka ikertzaile gazte, deskubritu itzazu zure ikerketa-alorretik gertuko eta ez hain gertuko ikerketa-lanak.
IkerGazte kongresuaren aurreko edizioen inguruan gehago jakiteko:
Informazio guztia eta eguneratua IkerGazte webgunean topatuko duzu.
Ikergazte2019 edizioa Baionako CNRS-IKER Euskara eta euskal testuen ikerketa-zentroarekin elkarlanean antolatzen dugu.
Irakasleak
- Joxean Apeztegia Agirre
- Miren Aranguren Etxarte
- Aitor Bastarrika Izagirre
- Pilar Martinez Blanco
- Uxune Martinez Mazaga
- Igor Ruiz Agundez
- Ion Turrillas Sabalza
Helburuak
Aurreko kongresuetan bezala, ikertzaile gazteak bildu eta ikusgarritasun handiagoa ematea izango da hirugarren kongresuaren xede nagusia. Gazte diogunean ibilbide zientifikoaz ari gara; ikerketa lan baten egile zaren horri, tesia bukatzen ari zaren horri edo azken lauzpabost urteetan amaitu duzun horri zuzenduta dago kongresua.
Horrez gain, beste bi helburu ere baditugu:
- Ikertzaileen arteko SAREA egituratzea.
- Ikertzaileen arteko harremanak sendotuz gero, elkarlana bultzatzea dugu helburu.
- Euskarazko zientzia produkzioa AREAGOTZEA.
Metodologia
Programa akademikoa 4 saio motak osatuko dute: hitzaldi orokorrak, ahozko komunikazioak, posterrak eta tailerrak.
Hitzaldi orokorrak:
- Ikerketari edo euskarazko ikerketari edo baliabide orokorrei (dokumentazioa, inbertsioak...) lotutako hitzaldiak
- Omenaldi eta errekonozimenduak
- Lan erreferentzialen inguruko hitzaldiak
- ...
Ahozko aurkezpenak eta posterrak:
- Tesiak eta tesinak (bukatuak zein bidean)
- Bukatutako proiektuak (emaitza zehatzak dituztenak). Postdok moduan egindako proiektuak edo zentro teknologikoetan egiten direnak ere sartzen dira atal honetan.
5 jakintza arloetan banatutako aurkezpenak izango dira, paraleloan programatuko direnak, baina 2/3 poster-saio batera programatuko dira, arloen arteko komunikazioa bultzatzeko.Ahozko eta posterretako programa arlokako batzordeek erabakiko dute.
Tailerrak:
Tailerrak trasnbertsalak izango dira eta jakintza-arloen arteko harremanak bultzatzeko tresna.
Nori zuzenduta
- Tesia bukatzen ari zaren horri edo azken lauzpabost urteetan amaitu duzun horri
- ikerkuntzako azken joerak eta lanak ezagutu nahi duzun horri
- ikerkuntzako ibilbidea hasi nahi duzun horri
- ikerketa-taldeko ardura duzun horri
- edozein ikertzaileri