Soziolinguistika hiztegi txikia. Arabatik Euskal Herrira ''Hausnartu''.

Aurkezpena
Hausnartu sarietan saritutako lanak maila tekniko eta metodologiko goreneko gaiak dira, eta euskal gizartearen interesekoak direla ikusten dugunez, modu dibulgatiboan eskainiko ditugu. Hitzaldi segida bat soilik izan beharrean, Oihanederren eta UEUren asmoa ikerketa eta ezagutza soziolinguistikoa gizartearen esku modu dibulgatibo eta erakargarrian egitea izango da, gaiak tokiko euskaldunari gerturatuz. Saritutako lanen segidari koherentzia eta edukiak Gasteiz eta Arabara hurbiltzeko, Hausnartu sarituarekin batera bertako hizlari bat gonbidatuko dugu, tokiko ikuspegia emateko.
Bost arlo jorratuko ditugu, Soziolinguistika hiztegi txikia ikastaroan: Kultura, Komunikazioa, Hezkuntza, Hizkuntza eta Kulturartekotasuna.
- Gure hizkuntza ardatz hartuta, zeintzuk dira bost arlo horietan euskaldunok egiten ditugun hausnarketak? Zeintzuk burura datozkigun kezkak eta proposamenak?
Bost saio eta hamar hizlari izango dira, horietako bakoitzak ekarpen interesgarri bat egin dio euskarak arlo horietan dituen erronkei eta arazoei. Ikastaro honen helburu nagusia da kezka horiek gizarteratzea eta denon artean hausnarketa kolektibo bat egitea. Bestalde, ikastaro formatua emango zaio, hitzaldiei balio erantsia eman eta eduki osagarriak eskainiz, baita amaierako parte hartze ziurtagiri homologatua ere.
Ikastaro hau UEUk eta Oihaneder Euskararen Etxeak antolatu dute elkarlanean.
Laguntzailea Soziolinguistika Klusterra
.
.
Irakasleak
- Manex Agirre Arriolabengoa
- Josu Amezaga Albizu
- Goio Arana Arrieta
- Amelia Barquin López
- Naiara Berasategi Sancho
- Leire Diaz de Gereñu Lasaga
- Gartzen Garaio Atxurra
- Txerra Rodriguez Gomez
- Galder Unzalu Etxabe
- Mario Zapata Solano
- Aitor Zuberogoitia Espilla
Helburuak
Ikastaroan parte-hartuko duten ikasleei eskaini nahi diegu euskal soziolinguistikaren esparruan gaurkotasuna duten hainbat gairen inguruko hausnarketa egiteko aukera. Apurka apurka euskal soziolinguistikaren mundua aberastuz doa gure ikerlariek egin lanekin, eta ''Hausnartu'' sarietara aurkeztutako lanak horren lekuko dira. Ikastaroko partaideek zuzenean jaso ahal izango dituzte egileen ahotsean zeintzuk diren arlo hauen inguruko gaur egungo kezkak eta hausnarketak.
Metodologia
Aurrez aurre emango diren 5 saio izango dira, bakoitzean gai bat monografiko hartuta bi hizlari egongo dira. Hizlarien jarduna osatzeko, partaideei material osagarria banatuko zaie eta gaiaren lanketa pertsonala egiteko aukera izango dute.
Nori zuzenduta
Gaian interesa daukan edonori.