Herrigintzaren aro berri baterako begiradak.

Aurkezpena
Herrigintzaren inguruko azterketa eta hausnarketa pausatua egin nahi duen ikastaro eta, aldi berean, tailerra da. Plaza hutsa guztion artean hartu eta ekarpenez betetzeko ekimenaren baitan beste mugarri bat izan nahi du.
XXI. mendeak, Euskal Herriari aurkezten dizkion erronka berrien markoan, eta burujabetza eta demokratizazio prozesu baten baitan, euskalerrigintzaz birpentsatu eta imaginario berri baten sorkuntzarako eta artikulaziorako hausnarketa gune izatea nahi dugu.
Herrigintza aro berriaren paradigmen gaineko gogoeta bultzatu nahi da eta, horretarako, eremu ezberdinetan –euskalgintza, feminismoa, ekonomia soziala, hezkuntza komunitatea, kulturgintza, eta abar– eraikitzen ari diren proposamenen berri jaso eta elkargurutzabideez hausnartzea dugu xede.
Ikastaro hau Iratzar Fundazioarekin elkarlanean antolatu da.
Irakasleak
- Lorea Agirre Dorronsoro
- Urko Aierbe Sarasola
- Uxue Alberdi Alberdi
- Helena Franco Ibarzabal
- Jule Goikoetxea Mentxaka
- Txoli Mateos Gonzalez
- Amaia Oleaga Agesta
- Igor Ortega Sunsundegi
- Joseba Otondo Bikondoa
- Pello Otxandiano Kanpo
- Xabier Sarasua Maritxalar
- Idoia Zengotitabengoa Laka
- Mario Zubiaga Garate
Helburuak
- Euskalerrigintzaren inguruan hausnarketa kolektiboa egitea.
- Arlo ezberdinetan egiten ari diren ekarpenak eta berrikuntzak jasotzea.
- Ekarpen horien guztien arteko elkargurutzabideez gogoeta egitea.
- Herrigintzaren paradigma eta imaginario berri baten gaineko hausnarketari bide ematea.
Metodologia
Ikastaroa parte hartze modu ezberdinez zeharkaturik egongo da. Jasotzeko eta entzuteko tartea egongo da, arlo ezberdinei buruz mahai inguru formatuetan. Eta era berean, edukietan sakondu, hausnartu eta kolektiboki eraikitzeko espazio eta denborak ere hartuko ditugu talde dinamika ezberdinak aurrera eramanez.
Egitarauan ikusgarri denez, herrigintzako esparru ezberdinen errealitatean sakontzeko parada izango dugu, patxadaz, eta bakoitzak bere ekarpena egiteko aukera izatea bilatuko da. Plaza hutsa, denon artean, kolektiboki, hausnartzen eta betetzen ikasiz.
Esan gabe doa, feminismoaren begiradaz blaiturik joango dela ikastaroa. Irakasleak gonbidatzerakoan begirada hori bilatu nahi izan dugu. Eta metodologiaren erabakiaren atzean ere, jakintza kolektiboa eraikitzeko ariketen erabilpenean, arreta berezia jarriko diogu begirada honi. Guztion ahotsei garrantzia eman nahi diogu.
Nori zuzenduta
Euskalerrigintzaren inguruan interesatuta egon daitekeen ikasle edo herritar ororentzat zuzendutako ikastaroa da. Ez da beharrezkoa inolako ezagutza maila zientifiko zehatzik. Helburua esparru ezberdinetatik iritziak eta ekarpenak jasotzea da eta ondorioz, berdin dio euskalgintza, kulturgintza, sozioekonomia edo herrigintzako beste esparruetan aditua edo aritua zaren. Ekarpen guztiak izango dira baliotsuak.