Nora Santos Loyola: "Pegmatitek interes handia dute industria zeramikoan eta farmazian, eta, orain, gero eta gehiago teknologia berrietan"
2025eko irailaren 24a

IkerGazte kongresuko sarituetako bat izan da Nora Santos Loyola (Eibar, 1999). Geologian du gradua (EHU) eta egun doktorego-tesia egiten ari da. Kongresuan "Belvís de Monroy granito-pegmatita sistemaren karakterizazioa eta zeresana Mazizo Iberiarreko elementu arraroen esplorazioan" lanaren mikroaurkezpenarekin lortu du saria. Haren ikerlana gehiago ezagutzeko izan gara berarekin.
Pegmatita arrokak dituzu ikergai. Zergatik?
Gradua ikastean oso gustuko izan nuen Mineral Hobiak eta Industria Arrokak ikasgaia. Irakaslearekin kontaktuan jarri nintzen eta pegmatiten inguruan lan egiten zuela esan zidan. GrALa berarekin egiteko aukera izan nuen. Hasiera batetik arroka bereziak eta ikaragarri politak direla jakin arren, GrALean arroka hauen garrantzia zein zen ulertu nuen eta gehiago landu ahala nire interesa handitzen joan zen. Zuzendariek MAL eta tesi-proiektua beraiekin egiteko aukera eskaini zidaten. Gaur, tesi proiektuaren 3. urtean murgilduta nago, GrALeko zuzendari berberekin, Caceres probintziako pegmatita batzuk ikertzen.
Iberiar Mazizoan ugariak direla diozu. Zu zehazki Caceresen ari zara lanean. Zergatik zonalde horretan?
Urteak dira Iberiar penintsulan mineralizazioak eta, zehazki, pegmatitak ikertzen direla. Horiek interes handia dute industria zeramikoan eta farmazian, eta, orain, gero eta gehiago teknologia berrietan. Teknologia hauek litio zein beste elementu arraroen beharra dute, adibidez, litiozko bateriak egiteko. Hori horrela, Caceres probintzian pegmatita-mineralizazio ikertu gabeak daude, baita jadanik ikertutako zenbait ere. Horiek, zerotik iker daitezke edo teknika berri batzuk erabiliz eta beste elementu batzuk jomugan izanda (ber)iker daitezke. Azken horien artean, Belvís de Monroyko pegmatitak daude, gaur arte oso gutxi ikertuak izan direnak. Gainera, intereseko zenbait elementutan aberastuta daudelako zantzuak daude, elementu horien artean litioa edo fosforoa daude.
Zonako granito-pegmatitak dituzu ikergai. Zer da haietan aztertu nahi duzuna?
Trantsizio ekosozialaz hitz egiten dugunean, zeharka, mineral-horniduraz hitz egiten ari gara. Sortzen ari diren industria eta teknologia berriek elementu arraroak behar dituzte eta horiek mineraletatik lortzen dira. Aipatutako mineralak mineralizatutako arroketan agertzen dira, hau da, intereseko elementuen kontzentrazio altua duten arroketan. Mineralizazio mota batzuk, adibidez litio-, fosforo- edo eztainu-mineralizazioak, arroka granitikoei lotuta egon daitezke. Guk Belvís de Monroyko granitoa eta pegmatitak ikertzen ditugu, horien ezaugarriak ezagutu, beste antzeko mineralizazioekin alderatu eta intereseko mineralizazioak aurkitzeko. Hau da, patroiak zehaztea dugu helburu, mineralen esplorazioaren gastu ekonomiko eta tenporala murrizteko. Horrez gain, mineralizazioaren eskala eta sorrera ere ulertu nahi dira.
Zer erakutsi dute orain arteko emaitzek?
Emaitza gehienak lortuta dauden arren, interpretatzea eta eztabaidatzea falta da. Hala ere, aurreratu daiteke Belvís de Monroyko arrokek ezberdintasun nabarmenak dituztela Iberiar penintsulako litiodun granito-pegmatita sistemekiko eta horrek eztabaida eta patroi berriak diseinatzeko aukera sortzen duela.
Ikerketaren zer fasetan zaude?
Tesiko 3. urtean nago, landa-lana bukatu eta azkenengo emaitzak batzen ari naiz. Beraz, landa bulegoarengatik aldatu dut dagoeneko eta datuak interpretatzeko eta artikuluak idazteko fasean sartu naiz.
IkerGazten mikroaurkezpen onenaren saria eskuratu duzu. Zorionak! Zer-nolako esperientzia izan zen?
Estantzia egiten ari nintzen Portoko Unibertsitatean eta IkerGaztera joatea arnasa hartzea izan zen, etxera itzultzea. Asko disfrutatutako kongresua izan zen eta besteen ikerketekin harrituta gelditu nintzen. Saria eskuratzea oso sorpresa atsegina izan zen, Portora pozez itzultzeko.
Zeintzuk dira esku artean dituzun erronkak?
Ikerketari dagokionez, proiektuan ikerketa-lerro berriak irteten ari dira. Geologian metodologia berriak lantzen eta martxan jartzen ari diren garai batean gaude. Horregatik, hasierako proiektuan buruan ez genituen satelite bidezko azterketak eta bestelako instrumentazioak probatzeko aukera asko irten dira. Hala ere, aipatu bezala, idazteko fasean sartzeak tesiaren azkenengo txanpara gerturatzen nagoela adierazten du. Beraz, gaurko erronka handiena tesia idaztea da, dudarik gabe.
