Naia Begiristain Etxezarreta: "Dialogoa herri-politiken esparruan disekzionatu dut doktoretza-tesian"
2025eko irailaren 24a

Naia Begiristain Etxezarretak (Lazkao, 1998) eskuratu zuen Euskal Herriko garapenean eragin handiena duen ikerketari saria "Dialogoko hirugarren subjektua: herri politikak ko-sortzeko prozesuak demokratizatzeko marko kontzeptuala"artikuluagatik. IkerGazte kongresuan eskuratu zuen saria Udalbiltzaren eskutik. Komunikazioko Gradua eta Nazioarteko Harremanetako Masterra ditu eta doktoretza-tesia gordailuan utzi berri du uztailean.
Herri-politikak nola demokratizatu duzu ikergai. Nola sortu da ideia?
Egungo errealitateak, nazioarte-mailan zein tokian tokikoan, kezka handia eragiten dit. Eszenatoki sozioekonomiko eta geopolitikoa oso aldakorra da, eta pandemia osteak zenbait joera bizkortu ditu. Autore batzuek ondorengo lau ezaugarriak azpimarratzen dituzte, eta testuinguru orokor gisa baliatu ditut. Bat, ingurunea nahasia eta ezegonkorra da: gatazka geopolitikoak goraldian daude, hainbat gerra, esaterako. Bi, ezagutza aldakorra eta ezegonkorra da: egia-osteko garaian bizi gara. Hiru, konponbideak kontrajarriak dira: erronka larrien aurrean, hala nola klima-larrialdiaren aurrean, bitartekoen eta helburuen arteko zenbait gatazka daude; energia berriztagarrien inguruko aferan zenbait adostasun egon arren, beste hainbat eztabaida daude. Eta lau, mundu-mailako mendekotasun-sistemak esparru ugari hartzen ditu, besteak beste, esparru ekonomikoa, politikoa eta soziala.
Egoera horrek espektro zabal bat osatzen du, eta nik espektro horretako zati txiki-txiki baten eraldaketa aztertzea erabaki dut: herri-politiken eraldaketarena. Betidanik gustatu izan zait egunerokotasuna, gai soziopolitikoak, ekonomia edo nazioarteko harremanak. Era berean, guztiz sinetsita nago eraldaketak txikitik hasten direla. Bizi ditugun krisiei erantzun azkar, lineal edo autoritarioak ematea sarritan ez da eraginkorra. Erronka konplexuei neurrira egindako konponbideekin erantzun behar zaie, lankidetzan eta askotariko jakintzak baloratuz. Hortaz, gaia nik bilatu dudan arren, gaia nigana ere iritsi da.
Herri-politikak ko-sortzeko marko kontzeptuala osatu nahi duzu. Zein da abiapuntua?
Abiapuntua ikerketa-arazoaren definizioa da. Intuizio, irakurketa eta esperientzia batzuen ondorioz sortu zitzaidan ideia, jakintzaren sorrera ez baita prozesu lineala; zenbaitetan guztiz emergentea izan daiteke eta norabide anitzetan garatu. Jakintzaren sorreraren izaera plural hori hartu dut inspirazio-iturri gisa ikerketa-arazoa formulatzeko, eta honela islatu dut:
Herri-politikak ko-sortzeko prozesuak sustatzen diren arren eta ko-sorkuntza erakunde publikoen gai-zerrendan dagoen arren mekanismo inklusibo eta parte-hartzaile gisa, botere-harremanen eraginpean eta haien bitartez baldintzatuta dago. Botere-dinamikek ez dute soilik parte-hartzean eragiten, lankidetzazko prozesuen emaitzak ere baldintzatzen dituzte. Hainbat saiakera egin badira ere herri-politiken ko-sorkuntza demokratizatzeko, zailtasunak ageri dira benetako dialogo parte-hartzailea sustatzeko.
Ikerketa-arazoaren definizioa dela eta, doktoretza-tesiaren muina dialogo-dinamiketan dago. Dialogoa herri-politiken esparruan disekzionatu dut doktoretza-tesian.
Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen duen Kultura Politiko Berriko deliberazio-taldea hartu duzu adibide. Zergatik?
Nire doktoretza-tesiaren markoan aztertzeko interesgarriak diren osagarri gehienak, edo ia denak, barne hartzen dituelako: herri-politikak birpentsatzeko taldea izatea, deliberazio-dinamikak barne hartzea, lurraldeko eragile desberdinak integratzea, dialogo irekia sustatzea, botere-harremanak zalantzan jartzea, eta eragileei ahotsa ematea, besteak beste.
Nolabait, meta-analisi bat izan da: espazioaren dinamikak aztertu nahi nituen, baina espazioak berak nire aztergaia bihurtzen zuen eztabaidagai. Espazio kontraesankorra izango zela aurreikus nezakeen, eta gizarte-ikertzaile moduan hori gozoki bat da, aukera paregabea. Parte-hartzaileen arteko elkarreraginak eta tentsioak nabarmenak izan dira prozesuko zenbait unetan, eta nik uste dut tentsio eta kontraesanetan daudela ikasteko aukerak.
Zein izan da dinamika?
Dinamika bi planotan bana daiteke. Batetik, deliberazio-prozesua bera garatu zen. Ia hiru urteko iraupena izan zuen (2020tik 2023ra) eta lurralde-garapenerako ekintza ikerketaren bidez gauzatu zen. Parte-hartzaileak hilean behin bildu ziren, urtean hamar bat aldiz, eta guztira 24 saio egin ziren. Ikerketaren ikuspegitik, hainbat puntu azpimarratu nahi ditut: erabilitako metodologiak hausnarketa- eta ekintza-zikloak barne hartzen zituela; ikerketa lurraldeko eragileekin batera egin zela; eta jakintza-modu desberdinak uztartu zirela prozesuan. Prozesua garatzeko ikerketa-taldearen lana ezinbestekoa izan dela ere nabarmendu nahi dut: guztira, bost ikertzaile aritu ginen lanean, bakoitza bere rolarekin.
Bestetik, bigarren planoa deliberazio-prozesuaren analisiari dagokio. Horretarako, herri-politiken diskurtsoaren analisia erabili dut. Prozesua amaitu eta distantzia hartu ondoren, deliberazio-saioetan sortutako testuak aztertu ditut, herri-politiken testuinguruan kokatuta. Abiapuntu gisa herri-politiken diskurtsoaren analisiko printzipio nagusia kontuan hartu dut: alegia, prozesua ez dela neutrala edo guztiz teknikoa izan, hizkuntzak, botere-harremanek eta posizionamendu ideologikoek moldatu dutelako.
Hitzak ekintza bera ordezkatzen duen ala ez, ez dakidan arren, argi dut hitza dela ekintzarako lehen urratsetako bat; horregatik, garrantzitsua iruditu zait hitzaren beraren analisia egitea. Betiere, hitzaren interpretazioa, hitz egindakotik harago doala ulertuta.
Zer azaleratu dute emaitzek?
Emaitza asko eta aberatsak identifikatu ditudala esango nuke, ondorioen kapituluarekin bereziki gustura nago. Erantzun hau asko luza nezake, baina sinplifikatzen saiatuko naiz. Dialogoa disekzionatzen aritu naizenez, zera azpimarratuko nuke: dialogoa ez da soilik informazioa trukatzeko prozesua. Parte-hartzaileen identitateak eta kolektibotasuna eraikitzeko dinamika eraldatzailea da. Dialogoaren muina ez dago hitzetan, parte-hartzaileen arteko harremanak gauzatzean baizik. Gainera, dialogoak ekarpen sendoa egiten dio eragileen subjektibazioari: hau da, deliberazio-prozesuko eragileak lurraldeko subjektu moduan identifikatzeko prozesuan laguntzen du. Elkarreraginak eta tentsioak dialogoaren funtsezko elementuak dira, parte-hartzaileen arteko dinamikak eraldatzen dituztelako, kolektibotasuna modu dinamikoan eraikiz. Dialogoko tentsio- eta elkarreragin-dinamikak irudiztatzeko Casteller-aren metafora erabili dut, eta doktoretza-tesiaren testuinguruan metafora esanguratsua iruditzen zait.
Badaude beste emaitza analitiko, teoriko eta metodologiko batzuk ere, eta horien inguruan luzaroan aritu ninteke. Hala ere, uste dut elkarrizketan ez litzatekeela argigarria xehetasunetan gehiegi sakontzea. Horregatik, doktoretza-tesiko ondorioen kapitulua irakurtzera gonbidatzen zaituztet.
Zeintzuk dira erronkak?
Deliberazio-prozesuan zehar izaera anitzeko erronkak izan ziren, logistikoak edo teknikoak eta filosofikoak. Planteamendua anbizio handikoa zen, eta zenbaitetan azaleratu ziren ikuspegi-desberdintasunak parte-hartzaile, lurraldeko eragile, politika-egile eta ikertzaileen artean. Teoriaren eta ekintzaren artean hainbat arrakala egon ziren: proiektuaren diseinuak zenbait espektatibari erantzuten zien, baina ekintzak espektatiba horiek aldatzen zituen. Arrazoi horiek direla medio naturalizatu nahi izan dut tentsioa dialogo-dinamiken barnean.
Etorkizuneko erronkei dagokienez, doktoretza-tesiaren baitan teoriari, metodologiari eta analisiari loturiko hainbat erronka azpimarratu ditut. Nolanahi ere, doktoretza-tesian garatutako eredua ekintzan sakondu, eraldatu eta hobetzea litzateke niretzat erronkarik garrantzitsuena. Doktoretza-tesiko gaiak, besteak beste, bizi dugun egoera sozioekonomiko, politiko eta egunerokotasuneko zenbait erronkearekin lotura duela esatera ausartzen naiz. Hortaz, garrantzitsua da niretzat doktoretzan garatu dudan eredu esperimentala ekintzan sendotzea.
Euskal Herriko garapenean eragin handiena duen ikerketari saria eskuratu zenuen IkerGazte kongresuan. Zorionak! Zer-nolako esperientzia izan zen?
Oso-oso gustura hartu nuen saria, eta benetan eskertzen dut kongresuan parte hartzeko aukera. Tesiko etapaz disfrutatu dut, asko gainera. Nik zortea izan dut maila anitzetako babesa izan dudalako. Gainera, kontziente naiz beste askok ez dutela nik adina babes jaso. Baina ezin da ukatu prozesu gogorra dela. Sakrifizio eta esfortzu handia eskatu dit, bai ekonomikoa zein emozionala. Maite ditudanek absentzia asko barkatu dizkidate, eta maite ditudan hainbat gauza egitea pixka bat atzeratu behar izan dut. Sari hau azken urteetan egindako lanaren errekonozimendu moduan ere hartu nuen, eta horregatik nago hain eskertuta.
Bestetik, eskerrak eman nahi dizkizuet zuei ere. IkerGazte plataforma aparta da euskal ikertzaile gazteok elkarren artean harremanak gauzatzeko, gure ikerketa euskaraz ezagutzera emateko eta etorkizuneko sarea osatzen hasteko. Ikerketa euskaraz egiten dugun ikertzaile asko gara, eta ikerketaren gizarteratzea euskaraz egiteko plataformak funtsezkoak dira. Are gehiago, nire kasuan, ikerketa-lana atzerriko hizkuntza batean idazteak zentzua galtzea ekarriko luke eta diskurtsoaren interpretazioa ahulduko luke. Ikerketako zenbait emaitza eta esanahi euskaraz besterik ezin ditut zehaztasunez adierazi, gizarte- eta kultura-ezaugarri zehatz batzuk kontuan hartu behar direlako. Zehaztasuna eta tokian tokiko eragina bermatzeko nahitaezko hautua izan da. Etorkizunean, ikerGazte izateari uzten diodanean, sare honen parte izaten jarraitzea gustatuko litzateke, euskara ardatz hartuta.
Zeintzuk dira esku artean dituzun erronkak?
Egia esan ez dut asko pentsatu tesi-osteaz (uztailaren 24an gordailuan utziberri dut tesia), oporretan bat eta beste egiteko ideiarik banuen arren, inoizko opor lasaienak egin ditut, eta eskerrak. Hori bai, deskantsu-egunetatik itzuli eta jada burua lanean dut. Egun bizi dugun errealitateak asko gurutzatzen nau, eta uste dut ikerketa zelai ederra dela egungo errealitatea ukitu eta hobera eraldatzen saiatzeko. Gizarte-zientzialariontzat errealitatea batzuetan laborategia ere bada, eta horregatik ardura handia dugu.
Ikertzaile gazteok ikerketa-paradigman aldaketak eragin ditzakegu. Barnetik ari gara, eta ikerketaren erraietan eragingo duen hurrengo belaunaldia gara. Ekintza-ikertzaile moduan, ekintzan dagoen ikertzailea naiz, baina ekintza ororen intentzioa utopia bat izan daitekeela uste dut. Paradigma-aldaketa horretan ikerketa egiteko moduak, ikerketaren eragina eta hizkuntza-hautua aipa ditzaket. IkerGazte plataforman hizkuntza-hautua aipatzea ezinbestekoa zait. Euskaraz egiten dut ikerketa ia osotasunean, eta ikerketa hori gure hizkuntzan ezagutzera emateko plataformak behar ditugu. Nire arloan ikerketa euskaraz egin arren, ingelesez asko argitaratzen da. Horregatik, plataforma horien inguruan lanketa egitea guri dagokigu, eta Euskal Herrian baditugu adibide politak (IkerGazte bera, edo Inpakta, kasu). Hari horiei eusten eta lanean jarraitzea ezinbestekoa da. Izan ere, hizkuntza-hautuak eragin zuzena du bai ikerketa egiteko moduetan, bai ikerketak berak gizartean duen eraginean.
Laburbilduz, datozen urteetako nire erronkak dira ikerketa-paradigma barnetik eraldatzen eta tokian tokikoan eragiten jarraitzea. Amak beti esaten didan moduan, egiten dudan orori bihotz puxketa bat jarriz.