Marta Luxán Serrano: "Ikertzeko betaurreko morerik ez badugu jartzen, androzentrismoa birsortzen ari gara"
2025eko maiatzaren 29a

"Ikerketarako metodologia feminista: ekarpenak, eztabaidak eta erronkak" hitzaldia emango du gaur arratsaldean IkerGazte kongresuan Marta Luxán Serranok (Bilbo, 1970). Soziologian lizentziatua eta Demografian doktorea da. Egun, EHUko Soziologia eta Gizarte Langintzako irakasle agregatua eta AFIT ikerketa-taldeko kidea da. Harekin izan gara.
Badago ikerketarako metodologia feministarik?
Horretaz hitz egin behar dut hitzaldian, beraz bai, badago. Feminismotik zientziaren izaera androzentrikoa kritikatu izan da eta androzentrismo hori gainditzeko moduak proposatu dira. Planteatu da metodologia bat, zeinak zientzia tradizionaleko subjektuaren eta objektuaren arteko harreman hori zalantzan jartzen duen eta subjektuen arteko harremanaz hitz egiten duen, dikotomia publikoa/pribatua hausten saiatzen den, teoriaren eta praktikaren arteko interdependentziaz hitz egiten duen eta ikerketa egiterakoan sortzen diren botere-harremanei erreparatzen dien.
Egia da metodologiari lotutako beste eztabaida batzuk ere egon direla. Askotan planteatu da kualitatiboa versus kuantitatiboa eta badirudi ikerketa-metodologia kualitatiboa feministagoa dela. Baina ni ez nator horrekin bat, edozein teknika erabil daiteke ikuspegi feminista batetik. Kontua da hausnartzea eta planteatzea ikerketa bakoitza testuinguru zehatz batean gauzatzen dela eta hor zer-nolako neurriak hartu behar ditugun androzentrikoak ez diren begiradak garatzeko.
Nola aplikatu ikerketa-prozesuetan?
Ikerketak begirada feminista hori integratzen duela ziurtatzeko edo bide horretan pauso batzuk ematen hasteko zer egin genezakeen pentsatzeko, esaterako, 2008an Simref taldea sortu genuen Kataluniako eta Euskal Herriko hainbat jenderen artean. Izan ere, zuk zeure burua feministatzat izateak, edo feminista izateak, militantea... ez du ziurtatzen gerora egin duzuna feminista izango denik.Horregatik, garrantzitsua zela ikusi genuen ikerketa-prozesu osoan geure buruari galdera batzuk egitea ikerketak dituen pauso guztietan begirada feminista txertatzeko: nola begiratzen diogun munduari, zer-nolako erreferentziak erabiltzen ditugun, nola planteatzen dugun gure ikerketa-galdera, zer-nolako subjektuekin lan egingo dugun eta emaitzak aztertzen ditugunean ere zer-nolako gauzak hartzen ditugun kontuan eta nola azaltzen ditugun.
Zergatik da garrantzitsua metodologia feminista erabiltzea?
Bestela gehienetan zientzia androzentrikoa sortzen ari garelako. Eta ez soilik zientzia. Adibidez, gizonez osatutako laginak erabiltzea populazio osoari buruz hitz egiteko, gizon, emakume edo pertsona ez-bitarrez hitz egitea beren arteko harremanik ez duten multzoak bailiran, familiarismora jotzea familia azterketa-unitatetzat hartuz eta ez hor bizi diren subjektuak...
Beraz, ikertzeko eta gizartean gertatzen diren fenomenoak ulertzeko ezinbestekoa dugu ikuspegi feminista kontuan hartzea, ikuspegi kritiko bat kontuan hartzea, bestela gizarte-egiturak birsortzen ari gara. Ikertzeko betaurreko morerik ez badugu jartzen, androzentrismoa birsortzenari gara.
Zeintzuk dira erronka nagusiak?
Erronka nagusiak alde batetik badira erresistentziak. Diziplina batzuetan bere lekua eta garrantzia du ikerketa feministak, baina beste batzuetan ez. Oraindik ideologikotzat jotzen den zerbait da. Oraindik pentsatzen da badagoela objektiboa den zientzia bat. Eta ikerketa inoiz ez da objektiboa. Ikertzeko modu egokiak daude eta egokiak ez direnak, baina ikerketa beti izango da partziala: begiratuko dugu leku batetik, beste norbaitek egingo balu segur aski desberdina izango litzateke, beste subjektu batzuekin egingo bagenu baita ere...Zu eta ni ikerketa-galdera berarekin ondorio berera iritsiko garen ideiarekin apurtu behar dugu.
Eztabaida asko egon daitezke. Lehen aipatu dut horietako bat: ea metodologia kualitatiboa feministagoa den ala ez. Eztabaida antzua da niretzat. Edozein teknika landu daiteke ikuspegi feminista batetik, eta landu behar da. Beste erronka bat da ikuspegi feminista intersekzionala izatea, eta dekolonitatearen gaiaren inguruan ere badugu asko ikasteko oraindik. Beste erronka bat ere bada generoaren definizioari loturik dauden apustu politikoekin nola jarraitu (generoa ez izatea dikotomikoa...) asmatzea, baina ikerketa konkretuetan traba izan gabe.
Ikerketetan ikuspegi feminista txertatzea oso garrantzitsua da, adibidez, genero-harremanekin oso lotuta dauden arazo batzuei aurre egiteko. Baina alor askotan da garrantzitsua: soldata-arrakala, osasuna... Zer ikertzen da? Zer ez? Zer gaixotasun dira lan-gaixotasunak? Zeintzuk ez?... Ezinbestekoa da diziplina guztietan txertatzea. Jendeak ulertu behar du zeintzuk diren ikerketa feministak egiten dituen ekarpenak eta aplikatu. IkerGazten horrelako hitzaldi bat egotea garrantzitsua da ikusteko zeintzuk diren ikuspegi feministak diziplina desberdinetan egin ditzakeen ekarpenak eta sortu daitezkeen eztabaidak eta erronkak planteatzeko.
Zer garrantzi dute IkerGazte bezalako diziplinarteko topaketek?
Oso garrantzitsua da beste diziplina batzuetan dabiltzan kideak ezagutzea eta IkerGaztek badu ezaugarri berezi bat gure herriaren ikuspegitik oso garrantzitsua dena: euskaraz ikertzen duen jende gaztea elkartzeko gunea dela. Garrantzitsua da komunitatea sortzea eta baita beste diziplina batzuetan zer egiten ari den ikustea ere, entzutea... osagarriak direlako. Arazo dezenteri aurre egiteko diziplinartekotasuna ezinbestekoa da. Batzuetan badugu arriskua gure txokoan geratzeko eta IkerGaztek beste leku batzuetan zer egiten ari den ikusten jartzen gaitu, beste zelai batzuetan. Gainera etorkizuneko ikerketei begira harremanak garatzeko leku ezin aproposagoa ere bada.
Zerbait nabarmentzeko?
Eskerrik asko parte hartzeko gonbidapenarengatik. IkerGazte garrantzi handiko ekimena da eta gure ikerketa-taldean dauden gazteak gonbidatu ditugu parte hartzera. Iruditzen zaigu badela espazio interesgarria eta garrantzitsua. Beharrezkoa den espazio bat.