Izaro Solozabal Azcarate: "Burdinazko bortize-konfigurazioa duten nanodisko egokiak aukeratzea ez da lan erraza izan"

2025eko irailaren 24a

Izaro Solozabal Azcarate: "Burdinazko bortize-konfigurazioa duten nanodisko egokiak aukeratzea ez da lan erraza izan"

Izaro Solozabal Azcaratek (Durango, 1997) eskuratu zuen UEUk IkerGazte kongresuan banatzen duen mikroaurkezpen onenaren saria. "Burdinazko nanoimanak: konfigurazio magnetikoa eta biomedikuntza-aplikazioetarako potentziala" lana aurkeztu zuen kongresuan eta horren inguruan hitz egiteko izan gara berarekin. Ingeniaritza Biomedikoan eta Ikerkuntza Biomedikoan ditu masterrak.

Zer dira nanodiskoak?

Nanodiskoak eskala nanometrikoan (10-9 m) fabrikatutako disko-formako imanak dira. Iman hauek tamaina hain txikiak eta disko-itxura izanik, propietate magnetiko bereziak dituzte. Ezaugarri berezi horiei esker, nanodiskoek interes handia dute biomedikuntzako hainbat aplikaziotan, hala nola diagnosian, terapian eta ehun-ingeniaritzan.

Zer erabilera izan ditzakete?

Aurretik aipatutako aplikazioetan nanodiskoak erraz manipula daitezke kanpoko eremu magnetikoen bidez, eta horrek aukera ezin hobea eskaintzen du nanoimanak barneratuta dituzten zelulak urrunetik kontrolatzeko, inolako kalte fisikorik eragin gabe.

Izan ere, gure lana biomedikuntzako arlora bideratuta dago, eta, askotariko erabilerak izan ditzakete. Alde batetik, gure taldeko batek minbizia tratatzeko terapia moduan erabiltzen ditu; beste batek, biosentsoreak garatzea du helburu, melanoma goiz detektatzeko sintomak agertu aurretik; neuroestimulazioaren arloan lan egiten duen ikertzaile batekin kolaboratzen dugu; azkenik, nik ehun-ingeniaritzako aplikazioetan ditut aztergai.

Zuk Fe nanodiskoen espinaren egitura izan duzu aztergai. Zer helbururekin?

Orain arte, gehien aztertu den materiala Permalloy (Fe20Ni80) deritzon aleazioa da. Baina, aleazio horrek nikelaren % 80 du, eta horrek toxikotasuna handitu dezake. Arazo horri aurre egiteko, burdinazko (Fe) nanoegiturak ikertzea erabaki genuen. Burdinak imanazio handiagoa duenez, kanpoko eremu magnetiko txikiagoetatik manipula daiteke, eta horrek urruneko kontrola errazten du. Horrez gain, burdinak toxikotasun txikiagoa du eta biodegradagarria da.

Nola erantzun dute fabrikatutako biomaterialek? Zer erakutsi dute orain arteko emaitzek?

Burdinazko bortize-konfigurazioa duten nanodisko egokiak aukeratzea ez da lan erraza izan. Hasieran, eskala nanometrikoan diametro desberdineko nanodiskoak fabrikatu ziren (200 nm-tik 900 nm-ra), eta lagin bakoitzean burdinazko bost lodiera ezberdin aztertu ziren, 20 nm eta 150 nm arteko tartean. Hala ere, disko guztiek ez zuten bortize-konfigurazio magnetikorik erakutsi.

Horregatik, tesiko lehen urtean nire lana karakterizazio magnetikoan oinarritu zen, biomedikuntzako aplikazioetan erabili aurretik konfigurazio egokienak identifikatu ahal izateko.

Zein da hurrengo pausoa?

Orain arte egindako ikerketetan baieztatu dugu nanodiskoek ez dutela toxikotasunik eragiten larruazaleko zeluletan, eta ikusi dugu zelulek nanodiskoak barneratzen dituztela modu naturalean. Une honetan, kanpoko eremu magnetikoen bidez zelulak urrunetik kontrolatzeko gaitasuna aztertzen ari gara ehun-ingeniaritzako prozesuetan erabili ahal izateko.

IkerGazten mikroaurkezpen onenaren saria eskuratu duzu. Zorionak! Zer-nolako esperientzia izan da?

Esperientzia oso aberasgarria izan da. Poz handia eman dit ikerkuntzan euskal komunitate plurala dagoela ikusteak, eta are gehiago, nire lana publiko zabalari ulertaraztea lortu izanak.

Zeintzuk dira esku artean dituzun erronkak?

Helburu nagusia da suspentsioan dauden zelula desberdinekin 3D formako esferoide homogeneoak sortzea eta egonkortasunez denboran mantentzea. Hori lortzeko beharrezkoak diren baldintza tekniko eta fisiologikoak zehaztea da egungo erronka handienetako bat: emaitza fidagarri eta erreproduzigarriak lortzeko.



Jakintza-arloak