Igone Zabala Unzalu: "Jakintzaren sorreran bertan eragina du erabiltzen den hizkuntzak"
2025eko maiatzaren 29a

"Ikerketa ere euskaraz?" hitzaldia emango du Igone Zabala Unzaluk (Alonsotegi, 1961) gaur IkerGazte kongresuan. Euskal Filologian doktorea da eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakaslea eta ikertzailea. 2025etik EHUko Euskara Errektoreordea ere bada. Harekin izan gara.
Zein izan da terminologiaren eta euskararen garapen lexiko-diskurtsiboaren bilakaera?
Hasteko, esan behar da garapen lexiko-diskurtsibo terminoa erabiltzen dugunean erreferentzia egiten diogula euskarak askotariko alorretan izan duen garapenari, alegia, literaturan, arte eszenikoetan, komunikabideetan, administrazioan, hezkuntzan e.a. aritzeko sortu eta egokitu diren baliabide lexiko eta diskurtsiboei.
Alor espezializatuei edo unibertsitateari zehazki begiratzen badiegu, has gaitezke aipatzen 70eko hamarkadaren bukaeran zientzialari talde batek testu zientifikoak euskaraz idazten hastea erabaki zuela. Horretarako, euskarak lehenago ibili gabeko bideak urratzen hasi ziren. Denetariko hizkuntza-baliabideak sortu eta partekatu behar zituzten, besteak beste, lexiko akademikoa, fraseologia eta alorrez alorreko terminologia. Gainera, euskara batuaren kodifikazioa hastapenetan zegoen, eta testu espezializatuak euskara baturako kodifikatzen zihoazen erregelak probatzen joateko eremuetako bat izan ziren.
Hizkuntza-baliabide espezializatuen sorreran laguntzeko funtsezkoa izan zen zientzia euskalduntzeko helburua zuten aditu horiek Elhuyar, UEU eta UZEI moduko erakundeetan biltzea eta haien lana elkarren artean uztartzea.
Alorrez alorreko adituen lana funtsezkoa izan zen euskara unibertsitatean sartzen joateko. Izan ere, UEUren babesean klaseak, hitzaldiak, mintegiak eta tailerrak euskaraz emateak prestatu zuen EHUn euskara sartzeko eta garatzen joateko prozesua. Irakaskuntzarako materialak eta askotariko argitalpenak ere sortu ziren garai horretan. 80ko hamarkadaren hasieran UZEI sortu zen goi-mailako irakaskuntzarako behar zen oinarrizko terminologia landu eta espezialitate-alorrez alorreko termino-hiztegiak sortzeko. Aurrerago Euskalterm ere sortu zuen UZEIk, terminologia norberak bere ordenagailutik kontsultatu ahal izatea posible egin zuena.
Hasierako garai horretan oso txikia zen adituen komunitatea, elkarren ezagunak ziren eta elkarrekin egiten zuten lan. Hartara, hizkuntza-baliabideak sortu ahala adosten eta egonkortzen zirela ere esan daiteke. Gainera, euskara espezializatua sustatzeko xedea zuten aditu horiek hizkuntza-kontzientzia handia zuten euskararen garapenean zuten erantzukizunaz, eta etengabe eguneratzen zuten beren ezagutza euskara batua garatu ahala eta liburuak eta hiztegiak egin eta argitaratu ahala. Irakaskuntzarako materialen eta terminologia-hiztegien elaborazioan, eta dibulgazioan hartzen zuten parte.
Euskara unibertsitatean txertatzea funtsezkoa izan da hezkuntza maila guztietara, administraziora eta komunikabideetara zabaltzeko. Izan ere, unibertsitatean prestatzen dira alorrez alorreko profesionalak, eta bertan ikasten dute beren alorreko terminologia eta fraseologia espezializatua, baita adituen komunitateetan erabiltzen diren testu-generoak ere. Nolanahi ere, adituen komunitatea handitu ahala, hizkuntza-baliabideak partekatzea zailago bihurtu da eta komunitate-sentipena eta euskararen garapen lexiko-diskurtsiboan aditu guztiok dugun erantzukizunaren kontzientzia ere galdu dira neurri handian.
Gainera, lehen azaldu dugun bezala, euskararen garapen lexiko-diskurtsiboa euskara estandar orokorraren kodifikazio-prozesuarekin gainezarri da denboran, eta zenbait tentsio sortu dira horren ondorioz. Izan ere, erreferentziazko soziolinguistek azaldu duten bezala, estandarrari begirako kodifikazioak (hiztegi eta gramatika arauemaileak) egonkortasuna bilatzen du eta, garapen lexiko-diskurtsiboak, aldiz, malgutasuna behar du.
Zeintzuk dira gaur egungo erronka nagusiak?
Gaur egun erronka ugari ditugu aurrean. Batetik oso garrantzitsua da adituek denetariko testu espezializatuak ekoizten jarraitzea, eta adituek sortzen dituzten testuak corpusetan biltzea eta aztertzea. Bereziki garrantzitsua da testu horietan erabiltzen diren terminologia eta fraseologia erauztea eta datu-baseetan egokiro biltzea, hizkuntzalarien, lexikografoen, itzultzaileen eta adituen eskura kontsultagai egoteko. Horrelako baliabideak funtsezkoak dira hizkuntza-ereduak entrenatzeko eta hizkuntza-teknologiak erabiliz euskara denetariko aplikazioetan integratzeko.
Baliabide horiek beharrezkoak dira baita erroreen azterketarako eta terminologia eta fraseologia harmonizatzen laguntzeko. Hizkuntza-hobekuntzarako baliabideak eta idazketarako laguntza-tresnak sortzea oso garrantzitsua da.
Nolanahi ere, erronka handiena da aditu euskaldunek kontzientzia hartzea euskararen erregistro espezializatuen garapenean duten erantzukizunaz. Nahitaezkoa da adituek beren alorreko testu espezializatuak sortzea, haiek baitira beren alorraren kontrol semantiko-pragmatikoa dutenak eta, gainera, euskal hiztunak baitira. Hizkuntzalarien eginkizuna da adituei laguntzea hizkuntza-kontzientzia hartzen eta sortzen dituzten baliabideak euskararen sistemarekin bat etor daitezen laguntzea, baita aldakortasun asistematikoa harmonizatzen laguntzea ere.
"Ikerketa ere euskaraz?" hitzaldia emango duzu IkerGazte kongresuan. Non jarriko duzu azpimarra?
Behin baino gehiagotan zalantzan jarri da euskara ikerketarako erabili behar ote den. Izan ere, ikerketa eta horren zabalkundea nazioarteko adituen komunitateetan egiten da, eta zabalkunde horretarako, ingelesa erabiltzen da gehienetan lingua franca modura. Nire hitzaldian defendatuko dut euskararen garapenerako eta biziraupenerako nahitaezkoa dela ikerketa-lan akademikoak eta denetariko testu espezializatuak ekoiztea: GrAL, MAL, doktorego-tesiak, lan akademikoen ahozko defentsak, ikerketa-artikuluak, txosten teknikoak, kongresuetako komunikazioak, e.a.
Nolanahi ere, ikerketak eskatzen du, batetik, jakintza sortzea eta, bestetik, sortutako jakintza hori komunikatzea alorreko adituen artean partekatzeko. Jakintzaren sorreran bertan eragina du erabiltzen den hizkuntzak: hizkuntzek barruan badaramate munduari begiratzeko modu bat eta errealitatea kontzeptualizatzeko modu bat. Jakintzaren sorrera bera aberasten du eleaniztasunak. Hortaz, euskara testuak ekoizteko ez ezik, ikerketa-taldeen barruko komunikaziorako erabiltzea ere garrantzitsua da. Ikerketa-taldeen barruan euskara erabiltzea garrantzitsua da adituen diskurtso-komunitateak sortzeko, hizkuntza-baliabide espezializatuak partekatzeko eta erabilera partekatuarekin batera finkatzen joateko.
Hizkuntza-teknologia berriei dagokienez, azpimarratu behar dugu denetariko testuak euskaraz ekoiztea dela helburua. Hartara, itzulpen automatikoa edo teknologia sortzaileak erabili nahi baditugu, erabil ditzagun euskaraz sortutako testuak beste hizkuntza batzuetara itzultzeko, eta ez alderantziz. Euskaraz ekoitzitako testu espezializatuak funtsezkoak dira, hain zuzen, hizkuntza-ereduak entrenatzeko eta denetariko aplikazioetan integratzeko.
Zer ekarpen egiten dio kongresuak euskarari eta ikerketari?
IkerGazte kongresua ekimen bikaina dela uste dut. Izan ere, aukera ematen die euskal ikertzaileei beren ikerketa-lanak aurkezteko nazioarteko kongresuetan aurkezten diren baldintzetan (binakako berrikuspena…) eta erabiltzen diren testu-generoetan (ahozko komunikazioa, posterra, idatzizko artikulua). Aukera paregabea iruditzen zait euskara akademikoaren garapenerako eta finkapenerako.
Funtsezkoa da kongresuan sortutako ahozko eta idatzizko testuak corpusetan biltzea, erregistro akademikoen ikerketarako eta hizkuntza-teknologietarako erabili ahal izateko.
Zerbait nabarmendu nahi?
Zorionak eta eskerrak eman nahi dizkizuet Ikergazte kongresuaren ideia izateagatik eta denboran irautea eta handitzen joatea lortu duzuelako. Gutxitan izan dut bertan tarte luzea emateko aukera, eta aurten ahal dudan eta gehien aprobetxatu nahiko nuke.
