Elena Casiriain Iturriria: "Mugak literalki hausten saiatzen gara, indiziplinatik jokatzen, hausnarketa kolektibo bati saiatzeko"

2025eko irailaren 24a

Elena Casiriain Iturriria: "Mugak literalki hausten saiatzen gara, indiziplinatik jokatzen, hausnarketa kolektibo bati saiatzeko"

Elena Casiriain Iturriria (Ortzaize, 1995) maiatzean Bilbon egin zen IkerGazte kongresuko sarituetako bat izan zen. "Mugalur proiektua: mugaldeetako bizipenak eta mugaren iruditegiak Euskal Herrian" lanarekin lortu zuen Giza Zientziak eta Artea arloko ahozko aurkezpen onenaren saria. Casiriain Antropologian doktoregaia da EHUn eta ToulousekoJean Jaurès Unibertsitatean.

Mugaldeetako biztanleak jarri dituzu erdigunean Mugalur proiektuan. Zertan datza?

Euskal Herriaren baitan egiten den marra zuzen horrek, bi Estatu desberdintzen dituenak, eraginak izaiten ditu hurbileko biztanleengan. Hauek mugarekin edo mugan bizi direla diote. Gehienetan ezagutzen dituzte bi aldeetako errealitateak eta badituzte mugaren pasatzeko gakoak. Edo ez. Mugaren bizitzeko manera anitzak badira eta hori zen Mugalur proiektuaren helburuetako bat: agerian jartzea mugan bizitzeak zer erran nahi duen. Zein dira mugaldeetako bizipenak gaur egun?

Bazen ere biztanleek berek zer egiten duten mugari lantzea. Azken hau eraikuntza soziala da, ez da berez emana eta, partez, guk denek parte hartzen dugu bere erreproduzitzen. Proiektu honen bidez, hori ere agerian jarri nahi izan da: erakutsi nola gure egunerokotasunean, biztanle bezala, gure joera desberdinekin, diskurtsoekin eta mugaren iruditegiekin, parte hartzen dugun mugari bizia emaiten. Honek kontra erranak sortzen ditu egia erran, euskaldun bezala, gehienetan ukatzen dugun edo nahi ez dugun marra bat delako eta, denbora berean, biziki barneratua duguna eta zaila zaiguna galdezkatzea.

Galdera, lekukotasun eta hausnarketen espazio bat sortu nahiz, abiatu genuen Mugalur proiektua beraz. Hau, Garapen Kontseiluak eramaiten du, Cederna-Garalur elkarte nafartarrarekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin partaidetzan. NAEN euroeskualdearen dirulaguntza jaso dugu honen eramaiteko, 2023ko uda eta 2024ko urriaren artean. Bigarren urte batentzat ere jaso dugu eta proiektuak gaur egun segitzen du, 2025eko urri bukaera arte.

Nortzuek hartu dute parte?

Mugaren kontzeptuaren deseraikitzea eta galdezkatzea zenez xedea, ikuspegi desberdinak mahai inguruan izaitea interesgarri ikusten genuen. Horiek horrela, Mugalur-ek biltzen ditu ikertzaileak, biztanleak eta artistak. Hau funtsezkoa zen guretzat. Badira munduan zehar kolektiboak manera horretan sortzen direnak, elkargune horretatik sinesten baitute muga-eredu berriak proposatzen ahal direla. Mugak hausten saiatzen gara beraz formaren aldetik ere, arlo desberdinetako jendea batuz.

Ondorioz, Euskal Herriko hainbat ilustratzailek hartu dute parte lehen fase horretan, baita 120 bat biztanlek eta EHUko ikertzaile batzuek, ikasleek zein irakasleek. Aurten, argazkilari batekin partaidetza egina dugu eta beste sorkuntza-gaitasun batzuk dituztenak ere hurbiltzen dira. Elkargune horietan erraiten dugu, artistak, ikertzaile eta biztanle ere badirela; ikertzaileak, artista eta biztanle; eta biztanleak, berriz, ikertzaile eta artista. Mugak literalki hausten saiatzen gara, indiziplinatik jokatzen, hausnarketa kolektibo bati saiatzeko. Atea denei idekia da egia erran, muga-kontzeptua gogoetatzeko eta horrekin jostatzeko gogoa duten guziei.

Zazpi tailer parte-hartzailetan oinarritu da ikerketa. Zein izan da dinamika?

Tailerrak antolatu ditugu Izaban, Orbaizetan, Urepelen, Amaiurren, Beran, Saran eta Hendaian. Aldi oro, inguruetako biztanle orori zabaldua zen gomita. Lekuko elkarte eta herriko etxeekin lan egin dugu batez ere gonbidapenak luzatzeko. Ez zen baldintza berezirik parte hartzeko, salbu tailerra egiten zen herritik aski hurbil bizitzearena.

Tailer-denboran, bakoitzari mapa bat banatu diogu eta kontsigna batzuk emanez, beren bizi-eremuen mapak osatu dituzte. Mapa horretan ez zen irudikatzen Estatuen arteko mugarik. Ezartzen zuten non bizi diren, non lan egiten duten, non dituzten familia, lagunak, aisialdiendako non ibiltzen diren… Hots, eguneroko bizia zein eremutan egiten duten. Horrez gain, eremu afektiboa ere lantzen zen, bereziki maite diren lekuak irudikatuz edo sinbolika berezia duten lekuak ere bai. Bururatzeko, muga galdezkatzen zen, zer den bakoitzarentzat eta nola irudika lezakeen. Ondotik, bakoitzak aurkezten zuen bere mapa eta taldean solas bat sortzen zen. Horiek denak grabatu dira eta transkribatu ondotik.

Horrez gain, ilustratzaile bat ere gonbidatzen genuen tailer bakoitzera. Berak sorkuntza-proposamen bat egiten zuen tailer-denboran edo ondotik, entzuten zuenean oinarrituz. Zazpi sorkuntza desberdin ere baditugu ondorioz.

Biztanleek beren esperientziak eta mapak osatu dituzte, ikertzaileek hori transkribatu eta irakurketak edo hausnarketak proposatu, eta artistek ilustrazioak egin.

Zer da muga eta nola eragiten die mugakideei? Zer diote emaitzek?

IkerGazte kongresuan aurkeztu nuen emaitzen parte bat. Saiatu nintzen biztanleek osatu mapa horietan oinarrituz ikusten nola irudikatzen duten muga. A. L. Amilhat-Szary geografoaren lanari segituz, muga, kontraerranaren lekua bezala kontsideratzea proposatu dut. Hortik begiraturik, ohartu naiz, mapetan eta lekukotasunetan, kontraerran mota desberdinak agertzen zirela.

Geografoak hiru teorizatzen ditu eta hiru horiek atzeman daitezke Mugalur proiektuan bildutako materialean ere. Lehena da “harresizko muga” deitu dudana: honekin parte-hartzaileek erakutsi dute muga bat ez dela sekula arras idekia edo arras hetsia, baina filtro-rola eramaiten duela, batzuei idekiz eta besteei ez, edo leku batzuetan idekiz eta besteetan ez. Bigarrena da “paperezko muga” edo muga administratiboa deitzen dutena biztanleek eta hau lotzen diot geografoak aipatzen duen bigarren kontraerranari, alegia, muga ez dela ageri edo ez ageri, baina joko bat badela, antzerkian bezala, desagertua denean, beste nonbait agertzeko. Nahiz eta Schengen espazioan izan eta mugitzeko eskubidea izan, muga, agertzen da beti nonbait eta/edo momentu eman batean. “Muga gorpuztua” deitu dudana, hirugarren kontraerranari lotzen diot, hau da, denborarekiko tentsioa: muga bat ez da sekula arrunt desagertzen, batez ere bizitutako bortizkeriarekin lotzen bada, eta denbora berean, biziki fite ahanzten dira ukan dituen iraganeko bisaiak. Muga bat ez da beti marra lerro-zuzena izan historikoki eta mugaren eredu berriak irudikatzea zaila zaigu, biziki naturalizatua agertzen da mapetan marra hori. Hiru kontraerran horiei laugarren bat gehitu diet nik, pluralean aipatzen dudana, hauek dira “euskaldunen mugak”. Euskaldun bezala bizitzeko, estaturik gabeko nazio baten barnean, etengabeko tentsio batean hartuak gara eta horrek eragiten ditu bestelako muga batzuk: hizkuntzarenak, sozialak, sinbolikoak eta abar. Hor ere kontraerranetan harrapatuak garela erakusten dute bildutako mapek.

Emaitzak parte-hartzaileei itzultzeko aukerarik izan duzu? Zein izan da harrera?

Lehenik erran behar dut ez naizela bakarrik eta ez dut ikusten Mugalur nik egiten dudan ikerketa bezala, parte-hartzaileei itzultzen diedana. Kolektibo bat gara, manera desberdinetan parte hartuz bakoitzak ekarpenak egiten dituena. Biztanleekin, beste ikertzaileekin eta artistekin eraikitzen den gogoeta da Mugalur: itzuli baino gehiago, ideia zen partekatzea eta espazio berri baten idekitzea gogoeta, galdera eta hausnarketa gehiago sustatzeko. Bururatu zitzaigun horretarako euskarri baten sortzea. Kazeta bat sortu genuen, zeinean hiru ikuspegiak bateratuak ziren: ikertzaileen irakurketa-proposamenak baita galderak ere, biztanleen bizipenetan oinarritu hitzak edo aipuak, eta artisten sorkuntzak. Batez ere, hiru ikuspegien arteko emaitza izan da kazeta horretan den mapa-proposamena. Mapek eragin handia dute gure mugaren irudikatzeko eran eta pentsatu dugu mapa mota berriak beharrezkoak ditugula, mugari molde berri batez begiratzeko. Biztanleek tailerretan kontatu mugaldeko ohitura eta usaiak, ikertzaileek transkribatu eta hautatu dituzte, ondotik bi ilustratzaileek marrazkira pasatzeko. Prozesu horren emaitza mapa-proposamen bat da. Mugaren iruditegi bat ekartzen du, ez dena marra soila, baina barnatasuna baduena, bizia baduena bere baitan eta aipatu ditudan kontraerran guziak ere barneratuak dituena. Zeharkatzearen ideia ere agertzen da, baita denboraren barnatasuna ere. Ez zuen helburutzat kontatzea zehazki zein den mugaldeetako bizia, baina xumeki proposamen baten egitea, filtro desberdinetatik pasatu ondoren eta erakustea horrelako elkarguneak, arloen arteko solasak emankorrak izaiten ahal direla, proposamenak sortzeko. Euskarri horren zabaltzen eta partekatzen gabiltza oraindik beti intentzio berarekin: mugari buruzko solas gehiago sortzea, lekukotasun gehiago partekatzea, sorkuntza gehiagoren iturri izaitea.

IkerGazten ahozko aurkezpen onenaren saria eskuratu zenuen Giza Zientziak eta Artea atalean. Zorionak! Zer-nolako esperientzia izan zen?

Milesker! Erran behar dut IkerGazte izan dela enetzat mundu baten deskubritzea edo komunitate baten parte sentitzearen esperientzia. Euskaldun bezala, euskaratik munduaren ulertzeko, sesitzeko edo sentitzeko saiakerak egiten ari garenontzat, arnasgune bat bada. Euskara ikerketa-munduan behin eta berriz mahai gainean jarri da: argi dut gaur eta kongresutik honat, oraindik gehiago, ene ikerketa ez dela berdina erabiltzen dudan hizkuntzaren arabera. Horrek berak garrantzi handia du ikerketarentzat. Munduaren erraiteko erak aldatzen dira hizkuntzaren arabera, orduan nola zientziak izaiten ahal du pretentsioa munduaren azaltzeko hizkuntza bakarrean? Hori izanen litzateke errealitate gehiengoaren baztertzea. Euskaraz ikertzea, engaiamendu bat da. Eta horrela eskuratu dut sari hori ere: engaiamendu bat bezala, euskaraz eta euskaratik egiteko ikerketa. Duda eta galdera anitz ditut oraindik, zeren eta euskara presente baldin bada ere, ez da hizkuntza bakarra ene ikerketetan, baina konfiantza osoarekin atera naiz euskaraz saiatzeko argitan jartzen ene hausnarketa eta galderak.

Zeintzuk dira esku artean dituzun erronkak?

Mugalur proiektuarekiko lehenik, prozesua segitzen dugu eta beste molde batez proposamen berriak egiten. Beti elkarguneak sortzen entseatzen gara, hiru profilak lotuz. Tailerrak antolatzen ditugu modu berrian, egun osoko formatuarekin. Laborategi esperimentalak sortzen ari gara mugako leku desberdinetan, sorkuntza berriak proposatzeko asmoz. Ea noraino eramaiten gaituen bide horrek…

Eta gero ikertzaile gazte bezala, orain aipatu bezalaxe, euskaraz ikerketa egitearena bada erronka bat enetzat, ez dena hain bistakoa ene kasuan. Ikasketen parte handi bat ez dut euskaraz egin eta gaur deseraiki behar ditut estruktura batzuk, euskaratik aritzeko sortzen. Beste erronka bat da mugak hausten dituen ikerketa-lerro horren defendatzea, erran nahi baitu lurraldean kokatzen den ikerketa egitea, biztanleekin, eragileekin eta baita sorkuntzatik ere pasatuz. Enetzat, ikerketa baten egitea, beti kokatua izaiteaz gain, sorkuntza-prozesu bat da. Ene filtrotik pasatzen da idazten dudana. Alderantziz, sortzaileak, obra bat egiten duelarik, errealitate bat sesitu du, ikertu du eta saiatuko da argitan jartzen, galderak sortzen. Bi prozesuak paraleloan egiten dira, erritmo berdina dute, tonua agian ez. Bien arteko dantza lortuz, agian tonu berri bat sortzeko parada bada, ez batak eta ez besteak ez lezakeena atzeman bakarrik. Hau da gure jendartearen erronketariko bat nik uste, Donna Haraway-k argiki uzten duena: nola egin eta eraldatu geure buruak bestearekin elkarlanean? Beste horren gibelean ezartzen duguna zabala da, jendea edo ez.

Jakintza-arloak