Olu Jenzen: “Lanik interesgarrienak diziplinen arteko elkarrizketetatik sortzen dira”

2025eko maiatzaren 28a

Olu Jenzen: “Lanik interesgarrienak diziplinen arteko elkarrizketetatik sortzen dira”

Olu Jenzen (1974, Suedia) emakume katedraduna da Southamptongo Unibertsitatean, Erresuma Batuan, eta Komunikazioaren eta Kultura Digitalaren alorrean aritzen da. Aditua da LGTBQ+ gazteen kulturan eta ikusizko aktibismo digitalean, eta eskarmentu handia du gazteen parte-hartzeari buruzko ikerketan. "Gazte trans eta genero-disidenteak. Backlasha, sormena, komunitatea eta erresilientzia" (Trans and gender diverse youth, backlash, creativity, community and resilience) izeneko hitzaldia eman du Ikergazte kongresuan.

Gogoan dituzu zure lehen ikertzaile-urratsak?
Nire doktorego-tesia literatura eta teoria kritikoaren arlokoa zen, eta nahiko lan bakartia zen. Beraz, gogoan dut, doktoretzaren ondoren, zenbat gozatu nuen lehenengo ikerketa kolaboratiboan sartu nintzenean eta ingurune komunitarioetan ikertzen hasi nintzenean. Geroztik beti nahiago izan dut talde-lana.

Zerk eraman zintuen kultura digitala ikertzera?
Genero- eta kultura-arloko ikasketak ditut; beraz, interesgarriak iruditzen zaizkit gure bizitza eta esperientzia digitalen alderdi sozialak, kulturalak eta politikoak. Sare sozialen inguruan egin nuen lehenengotariko ikerketa-proiektu batean, argi gelditu zen gauza bat zela zertarako sortu ziren sare sozialak eta beste bat jendeak nola erabiltzen zituen. Horrek erakutsi zidan zenbat balio duen gizakietan oinarritutako ikuspegiak hedabide digitalak ikertzerakoan, eta kulturak era askotan garatzen direla teknologien inguruan.

Aditua zara aktibismo bisualean eta LGTBIQ+ gazte kultura digitaletan. Zein harreman dago justizia sozialaren eta kultura digitalaren artean?
Hedabide digitalek eta Internetek mugimendu sozial eta indibidualei aukera berriak zabaldu dizkie aktibismorako, justizia sozialeko mugimenduak eraikitzeko, sostengua eta konpromisoa mobilizatzeko, audientzia ezberdin eta zabalagoetara iristeko, bai eta erregistro desberdinetan adierazteko ere; azken hori bereziki garrantzitsua da niretzat. Baina garrantzitsua da, baita ere, azpimarratzea botere-desorekek sortutako gizarte-arazo guztiak presente daudela ingurune digitaletan ere.

Ikerketa-metodoei dagokienez, ikerketa dekolonialaren metodoen garrantzia azpimarratu nahi izan duzu. Zertan datza?
Ikerketa praktika gisa ikusteko ahalegin bat da, eta ulertzeko gure praktikek badutela egiturazko motxila bat. Ikerketa-metodo antiarrazista eta dekolonialetan parte hartzeko, egiturazko ondare hori onartu behar da lehenik. Era berean, berarekin dakar kontuan hartzea zer egin dezakezun ikertzaile moduan, lanean agertzen diren justizia sozialeko, berdintasuneko eta inklusioaren arloko arazoei aurre egiteko.

Eta zergatik da sormena horren erraminta garrantzitsua zuretzat?
Sormenezko ikerketa-metodoak erabilgarriak izan daitekezke hainbat arrazoirengatik. Hasteko, era horretako metodoek geure burua beste era batera adierazteko modu bat eskaintzen digute, galdetegi batean edota ohiko elkarrizketa batean baino ñabardura gehiagokoa. Gainera, sormenezko metodoek parte-hartzaileak inplikatzeko aukera ematen dute, hain formalak ez diren era irisgarriagoetan. Horrek ikertzeko mugak apurtu ditzake, eta, adibidez, gazte-jendeari aukera eman diezaioke ikerketan ohi baino gehiago inplikatzeko. Ikerketa bera parte-hartzaileagoa da, eta ezagutzaren ko-ekoizpenerako aukerak eskaintzen ditu. Batzuetan, onurak oso sinpleak dira, baina erabakigarriak. Adibidez, hitz egiterakoan eskuak lanpetuta edukitzeak elkarrizketa erraztu dezake (marrazteak, zerbait sortzeak, Legoekin eraikitzeak, dena delakoa egiteak).

"Gazte trans eta genero-disidenteak. Backlasha, sormena, komunitatea eta erresilientzia" da zure hitzaldiaren izenburua (Trans and gender diverse youth, backlash, creativity, community and resilience). Zer azpimarratu nahiko zenuke?
Interesgarria iruditzen zait azpimarratzea zenbat modutan eraikitzen dituzten komunitateak transek eta genero-disidenteek, eta nola sortzen duten erresilientzia modu sortzaile eta kolektiboan, aurrean dituzten erronkei erantzuteko.

Askotan aipatu izan duzu diziplinarteko begiradaren beharra. Zer iruditzen zaizkizu hau bezalako diziplinarteko kongresuak?
Uste dut kongresua oso aukera baliagarria dela. Lanik interesgarrienak diziplinen arteko elkarrizketetatik sortzen dira, eta gai bati angelu desberdinetaik begiratu ahal izateak onura asko dakartza.

Zure esperientzia kontuan hartuta zer esango zenieke ikerketan hasi berri direnei?
Garrantzitsua iruditzen zaien ikerketa egiteko. Praktikari berari ere garrantzia emateko, ez bakarrik emaitzei. Elkarri laguntzeko arrakasta lortzen.

Jakintza-arloak