Maria Navarro Gastiasoro: "Aro Kuantikoaren atarian gaudela esan daiteke"

2025eko maiatzaren 30a

Maria Navarro Gastiasoro: "Aro Kuantikoaren atarian gaudela esan daiteke"

"Lege klasikoetatik harago, material kuantikoak" hitzaldia emango du IkerGazte kongresuko azken egunean Maria Navarro Gastiasoro fisikariak (Barakaldo, 1988). Hamarkada bat baino gehiago eman du atzerrian ikerketa-talde ezberdinetan material kuantikoen inguruan ikertzen batik bat. 2023an bueltatu zen Euskal Herrira eta egun ikertzailea da Donostia International Physics Center-en.

Zertaz ari gara material kuantikoez ari garenean?

Fisika kuantikoak aztertzen du nola funtzionatzen duen munduak bere eskala txikienetan. Adibidez, atomo gutxi batzuetan, edo eskala subatomikoan gertatzen dena. Erreinu kuantikoan partikulak uhinak dira, eta uhinak partikulak, eta munduak nola funtzionatzen duen ulertzeko egunero erabiltzen dugun intuizioa ez dirudi aplikatzen denik. Material kuantikoekin, materialen barneko propietate kuantiko berezi hauek lehen planora ekartzen saiatzen ari gara, gero erabili eta kontrolatu ahal izateko. Propietate desberdinak dituen material kuantiko berri bat aurkitzen dugun bakoitzean, teknologia bikainetarako aukera berriak sortzen ditugu. Aro Kuantikoaren atarian gaudela esan daiteke.

Supereroankortasuna hobeto ulertzeko ari zara lanean. Zertarako? Zein da helburua?

Material kuantiko interesgarrienetako bat da supereroalea. Supereroale bat energia galdu gabe korrontea eraman dezakeen materiala da. Gure eguneroko bizitzako kable guztiek metalak erabiltzen dituzte, hala nola kobrea edo aluminioa. Metalak eroale onak dira, baina ez dira supereroaleak. Horrek esan nahi du energia galtzen dutela erabiltzen ditugun bitartean. Beraz, pentsa ezazu nonahi dauden linea elektriko guztietan energia galtzen ari dela (eta energia-krisi bat dugu!). Zergatik ez ditugu linea elektriko guztietan erabiltzen? Inork ez duelako oraindik aurkitu kanpoko tenperatura eta presio normaletan funtzionatzen duen supereroalerik. Edo presio oso altuetan, edo tenperatura oso baxuetan baino ez dute funtzionatzen ezagutzen ditugun supereroaleek. Sare elektrikoko metalezko hari guztiak supereroaleak izango balira, gaur egun erabiltzen dugun energiaren ehuneko dexente bat aurreztu genezake. Horregatik ari dira mundu osoko hainbeste zientzialari (ni barne) supereroale hobeak bilatzen eta garatzen.

"Lege klasikoetatik harago, material kuantikoak" hitzaldia emango duzu IkerGazten. Non jarri duzu fokua?

Lehenik eta behin fisika kuantikoaren oinarrizko ezaugarri batzuk aurkeztuko ditut. Suposatzen dut entzuleetako batzuek (askok?) ez dutela inoiz fisika kuantikoari buruz ezer entzun. Gero material kuantikoen deskribapentxo bat emango dut, eta bukatzeko, supereroaleen trikimailu kuantikoak azalduko ditut. Nola funtzionatzen dute supereroaleek? Non erabiltzen ditugu gaur egun?

Zer garrantzi dute IkerGazte bezalako diziplinarteko topaketek?

Diziplinarteko topaketa guztien moduan zure eremutik kanpo lanean dauden pertsonekin elkarrekintzak izatea. Oso polita da beste arloetan zer den interesgarri aurkitzen dutena ezagutzea. Eta zure lana aditua ez den norbaiti azaltzea oso ariketa osasuntsua da ikerkuntzan!

Jakintza-arloak