Ikergazte kongresuan izena emateko epea ireki da
2025eko apirilaren 7a

Maiatzaren 28tik 30era egingo da UEUk antolatzen duen Ikergazte kongresua Bilbon, Euskalduna Jauregian. Ikertzaile gazteak biltzea eta horien ikusgarritasuna handitzea da helburua eta gaur ireki da bertan izena emateko epea.
Bi urterik behin antolatzen den kongresua da eta seigarren edizioa izango da aurtengoa. 2015ean hasi zuen ibilbidea Durangon eta harrez gero Iruñean, Baionan, Gasteizen eta Donostian izan da. Bizkaira itzuli da 2025ean eta besteetan besteko harrera bikaina izatea espero da.
Egitarau betea da aurtengo ere. Lau ikertzaile gonbidatuk parte hartuko dute eta Olu Jenzen (Southamptongo Unibertsitatea) ikertzaileak emango dio hasiera kongresuari. Aditua da LGTBQ+ gazteen kulturan eta ikusizko aktibismo digitalean. Egun berean hartuko du hitza Arturo Elosegi Irurtiak ere (UPV/EHU), Ekologiako Katedraduna da bera eta Ibai-ekologian aditua. Bigarren egunean Juan Carlos Moreno Cabrera (Madrilgo Unibertsitate Autonomoa) Hizkuntzalaritza Orokorreko katedraduna izango da eta azken egunean berriz Maia G. Vergniory (Sherbrookeko Unibertsitatea, DIPC) fisikariak hartuko du hitza. Kongresuan zehar hitzaldiak eta tailerrak ere antolatu dira eta baita Bilboko hainbat eragilerekin batera egitarau soziala ere: ikerl(h)ari bideopodcastaren zuzeneko grabaketa, Bilbotik bisita-gidatua, La Sinsorga Kulturgune Feministara bisita eta beste hainbat proposamen.
Eta nola ez, ikergazteak izango dira hiru egunetako protagonistak. Duela egun batzuk bukatu da artikuluak aurkezteko epea eta kongresuaren erreferentzialtasunaren erakusgarri dira bertan aurkeztu diren lanak, ehundik gora. Lan horiek kongresuan aurkeztuko dituzte hiru modalitatetan: Ahozko aurkezpenen bitartez, Mirkroaurkezpen moduan edo Poster formatuan. Laster egongo dira hauek ere Ikergazteren webgunean ikusgai.
Beraz, gaur hasi eta maiatzaren 16ra arte eman izena Ikergazte kongresuan.