(97) Hiperestentsio egoeran Kretazeoko karbonatozko plataformetan emandako ingurumen-aldaketak (Euskokantauriar Arroa)
Laburpena
Lurraren historiako ingurumen aldaketak ulertzeko karbonatozko plataformak garrantzi handikoak dira, hauek ekosistema itsastarren aldaketen aztarnak gordetzen dituztelako. Euskokantauriar arroan duela 125-100 milioi urte bitartean garatu ziren plataformetan, jatorri mikrobianoa duen karbonatozko sedimentuaren bat-bateko ugaritzea eta glaukonita izeneko mineralen aberastasun anomaloak identifikatu dira. Horiek ingurune sedimentario eta diagenetikoan aldaketak egon zirela iradokitzen dute. Ikerketa honek anomalia horien jatorria eta ingurugiro-baldintzen aldaketak aztertzea du helburu. Horretarako, landa-lana eta laborategiko analisiak gauzatuko dira, arroan gertatutako prozesu geologikoek anomalia horiekin izan dezaketen harremana sakonago ulertzeko.