(86) Zentrosomako TEDC2 proteinaren potentzial tumorigenikoa aztertzeko sagu transgenikoaren garapena

Alejandro García Domingo-Aldama1, Larraitz Fernández-Ares1, Ainhoa Iglesias-Ara1, Asier Fullaondo1, Ana María Zubiaga1
1University of the Basque Country (UPV/EHU)

Laburpena

Zentrosoma mikrotubuluak nukleatzen dituen animalia-zelulen organulu bat da, eta bere akatsak, besteak beste, minbiziaren hastapen eta garapenarekin erlazionatu dira. Berriki identifikatu den TEDC2 zentrosomako proteinak garrantzi handia izan dezake minbiziaren garapenean. Izan ere, TEDC2 tumore-lagin gehienetan gainadierazita dago eta minbizi-pazienteen pronostiko okerragoarekin lotu izan da. TEDC2ren gainadierazpenak minbizietan duen garrantzia ikertu ahal izateko, lan honetan sagu-transgenikoa garatu dugu, non proteina horren gainadierazpena Tet-On sistemaren bidez induzitu daitekeen. Sistemak funtzionatzeko beharrezkoak diren transgeneak saguen genoman txertatuta daudela konfirmatu dugu; baita doxiziklina gehituta Tedc2ren mRNA maila emendatzeko gai garela.

Gako-hitzak: TEDC2, Zentrosoma, Minbizi, Sagu-eredu, Transgeniko, Tet-On