(135) Ongarri organiko eta mineralarekin ongarritutako patata laborearen N2O isuriak eta sentsore optikoen bidezko nitrogenoaren diagnosi nutrizionala

Martxel Makatzaga1, Ana Aizpurua1, Ander Castellon1, Haritz Arriaga1
1NEIKER

Laburpena

Nekazaritzako nitrogenoaren erabilera okerrak, inpaktu negatiboa du ingurumenean. Horien artean, klima aldaketan inpaktu handia duen oxido nitrosoaren (N2O) isuriak. Sentsore optikoen bidez, landarearen nitrogenoaren egoera nutrizionala aztertu da patata landarean (Solanum tuberosum L.), momentuan behar duen dosia, zehatzago aplikatzeko helburuz. Rapidscan, zeptometro eta SPAD neurgailuak erabili dira, normalizatutako ezberdintasun begetazio-indizea (NDVI), hosto-azaleraren indizea (LAI) eta klorofila edukia aztertzeko, hurrenez-hurren. Hondoko ongarriketan oilo-zirina (170 kg N ha-1) eta nahasketa minerala (10-18-24+2,5 MgO; 100 kg N ha-1) aplikatu ziren. Azaleko ongarriketan aldiz, nitrato amoniko kaltzikoa (NAC %27) aplikatu zen dosi ezberdinetan: 0, 41, 81 eta 122 kg N ha-1. Hondoko ongarriketa izan zen patataren ekoizpenean gehien eragin zuen faktorea, nahasketa mineralaren mesedetan 38 t ha-1, oilo-zirinarena 31 t ha-1 zen bitartean. Ekoizpen balioek, LAI eta NDVI indizeekin eduki zuten loturarik esanguratsuena, hazkuntzaren hasierako faseetatik gainera. N2O isurietan ez zen tratamenduen arteko ezberdintasunik egon, nahiz eta oilo-zirina aplikatutako partzeletan aurkitu zen isuririk altuena (319 µg N2O m-2 h-1) hondoko ongarritzearen egun gutxietara. Gainera, ez zen gai izan, nahasketa mineralari esker lortutako ekoizpen-balio maximoetara iristeko. NDVI indizeak, laborearen diagnosi nutrizionalari buruzko informazioa ematen digunez, azaleko ongarriketako dosia doitzeko eta ekoizpena estimatzeko erabil daiteke.

Gako-hitzak: Solanum tuberosum, NDVI, SPAD, LAI, zehaztasun nekazaritza, oilo-zirina