(134) Kode-alternantziak eta kognatuek sarbide lexikoa errazten dute elebidun osasuntsuetan, baina ez beti afasian: Kasu azterketa bat

Garbiñe Almanza Gutiérrez2, Veronica del Grosso1, Miren Arantzeta1
1Gogo elebiduna, Universidad del País Vasco (UPV/EHU), 2Gogo Elebiduna, Universidad del País Vasco (UPV/EHU)

Laburpena

Ikerketa honek kode-alternantzia (hizkuntza batetik bestera aldatzea) eta kognatuak (bi hizkuntzatan antzeko forma eta esanahia duten hitzak, adibidez, lehoi-león) aztertzen ditu elebidun orekatuetan (H1 euskara, H2 gaztelania). Heldu gazte osasuntsuek eta afasia anomikoa duen elebidun batek irudien izendapen ataza bat burutu zuten hizkuntza bakarra erabiliz eta askatasunez bi hizkuntzak tartekatuz. Zehaztasun eta erreakzio denborak neurtu genituen bi taldeetan. Aurreikusten genuen moduan, elebidun osasuntsuen erantzunak, guztiz zuzenak izan ziren. Azkarrago izendatzen zituzten kognatuak (gaztelaniaz batez ere) eta azkarragoak ziren hizkuntza biak erabiltzeko askatasuna zutenean. Emaitza horiek ez ziren errepikatu afasiadun hiztunean. Horrek iradokitzen du hizkuntza-alternantziak eta hitzen kognatu izaerak sarbide lexikoan eragin positiboa dutela elebidun gazte osasuntsuetan, baina ez hala afasia anomikodun hiztun batzuetan. Ikerketa honetan, elebidunen sarbide lexikoari buruzko psikohizkuntzako teoria berrienak aztertzen ditugu, eta argudiatzen dugu anomiaren jatorri desberdinek narriadura-patroi ezberdinak eragin ditzaketela bai hizkuntza-alternantzian bai kognatuen efektuan.

Gako-hitzak: psikohizkuntzalaritza, elebitasuna, sarbide lexikoa, kode-alternantzia, afasia, euskara