Eider Goiburu Moreno: "Normalitatetik at dauden gorputzen ahotsa jaso eta bazterretatik guztiontzat izango den hezkuntza-eredu bat eraiki behar dugu"

2025eko irailaren 23a

Eider Goiburu Moreno: "Normalitatetik at dauden gorputzen ahotsa jaso eta bazterretatik guztiontzat izango den hezkuntza-eredu bat eraiki behar dugu"

"Ikasgelak bazterretatik eraikitzen" jardunaldia antolatu du UEUk urriaren 4an, Eibarren. "Ikasgelan baztertuak diren gorputzak jarriko ditugu erdigunean, baina begirada ez da ikasle zehatz batzuen beharretan jarriko, egituran baizik"esan digu Eider Goiburu Morenok (Orio, 1980). Jardunaldiaren koordinazio-lanetan ari da Goiburu, Pedagogian da doktorea eta UEUren GOI ikastegiko irakaslea eta ikertzailea. "Hezkidetzatik Pedagogia Feministetara: Euskal Curriculuma iparrorratz" graduondokoaren zuzendaria ere bada. Jardunaldian izena emateko aukera irekita dago.

Ikasgelan baztertuak diren gorputzak ekarriko dituzue erdigunera. Zergatik?

Hain zuzen ere, baztertuak direlako. Badira urteak inklusibitateari edo eskola inklusiboari buruz hitz egiten dugula. Eskola inklusiboaz hitz egitean, bazterketarik gabeko eskolaz hitz egiten da eta hainbat baliabide jartzen dira martxan baztertuak diren ikasleei laguntza eskaintzeko.

Jardunaldi hauetan, ordea, ez dugu begirada ikasle zehatz batzuen beharretan jarriko, egituran baizik. Kontuan hartu behar dugu bazterketa ez dela gertatzen soilik indarkeria esplizitu bitartez. Bazterketa, normalitatearen bitartez gertatzen da. Hezkuntza-sistema normala (edo arautua) den horretan oinarrituta eraiki da. Hortaz, normala/arautua ez dena baztertua da. Esate baterako, zenbat idazle ijito ezagutarazten eta irakasten dira gure ikasgeletan? Ikastetxeak diseinatuta daude gurpildun aulkietan mugitzen direnak aske eta eroso mugi daitezen ikastetxe osotik? Gorputz trans edo intersexualei buruz hitz egiten da Biologiako testuliburuetan? Eta gorputz-hezkuntzan?

Jardunaldi hauetan, normalitatea ezbaian jarri eta baztertutako gorputzen bizipen eta ekarpenak partekatu nahi ditugu. Hezkuntza guztiona izan dadin guztion artean eraiki behar dugulako.

Nola eragiten dieteegiturazko zapalkuntza-ardatzek Bigarren Hezkuntzako ikasleei?

Egiturazko zapalkuntzek guztioi eragiten digute: emakumeei jarrera eta jokabide sexistekin, arrazializatuei arrazakeriaren bitartez, euskaldunei hizkuntza-eskubideen urraketekin, desgaitasuna dutenei kapazitismoaren bitartez, lodiei jarrera lodifobikoekin eta abar. Zapalkuntza horiek guztiak gurutzatu egiten dira gainera.

Hortaz, zapalkuntza horiek egiturazkoak diren heinean, Bigarren Hezkuntzan ere hori guztia gertatzen da. Bigarren Hezkuntzako ikasleak nerabeak dira eta nerabezaroa identitatearen eraikuntza-etapa garrantzitsua izanik, zapalkuntza hauek identitatearen eraikuntza-prozesuan eragin dezakete prozesu hori bizitzeko askatasuna mugatuz.

Zein izan beharko litzateke irakasleek ikasgelak bazterretatik eraikitzeko duten ardura eta ahalmena? Horretan ere fokua jarri nahi duzue.

Bai, guretzat oso garrantzitsua da irakasleok gure rolari buruzko kontzientzia hartzea. Aurreko ikasturtean, “Pedagogia Konprometituak” jardunaldiak antolatu genituen. Jardunaldi horietan, irakasle, pedagogo eta hainbat hezkuntza-eragilek hezkuntza botereak zeharkatutako fenomeno sozial eta politiko gisa definitu genuen.

Hezkuntza-prozesuetan gertatzen den gauzarik garrantzitsuenetakoa sozializazioa da. Jendarte eta kulturaren arau zehatzen transmisioa egiten da eta irakasleok arau, sinismen eta jarrera horien guztien transmisioan parte hartzen dugu. Horrexegatik, ezinbestekoa da irakasleok eraldaketa sozialerako ditugun aukerak identifikatzea, dagozkigun ardurak hartzea eta pedagogia konprometituen bideari jarraitzea.

Pedagogia feministen gaia lantzen diharduzue UEUren GOI ikastegian ere. Zergatik da garrantzitsua?

Orain arte aipatutako guztiagatik. Pedagogia feministek hezkuntza fenomeno politiko gisa ulertzen dute eta eraldaketa soziala dute helburu. Desoreka eta botere-harremanetan jartzen dute begirada. Horregatik, justizia soziala bilatzen duten estrategiak garatzen dituzte. Hortaz, pedagogia feministen aterkipean ulertzen ditugu jardunaldi hauek ere. Normalitatetik at dauden gorputzen ahotsa jaso eta bazterretatik guztiontzat izango den hezkuntza-eredu bat eraikitzeko.

Aldi berean, pedagogia feministak hartu ditugu oinarritzat jardunaldien metodologia pentsatzeko. Jardunaldi aktiboa, parte-hartzailea eta esperientziala izango da. Hitzak, gorputzak eta adierazpen modu ezberdinek izango dute lekua.

Nori dago zuzenduta?

Interesa duen orori. Bereziki Bigarren Hezkuntzako komunitateari: eraldaketa soziala bultzatzeko prest dauden irakasle, hezitzaile zein irakaslegaiei.



Jakintza-arloak