Arturo Elosegi Irurtia: "Ikertzaileok nazioartekotasunaren eta tokikotasunaren artean oreka bilatu behar dugu"

2025eko maiatzaren 28a

Arturo Elosegi Irurtia: "Ikertzaileok nazioartekotasunaren eta tokikotasunaren artean oreka bilatu behar dugu"

Arturo Elosegi Irurtia (Tolosa, 1962) izango da UEUk antolatzen duen Ikergazte kongresuko hizlari gonbidatuetako bat. Biologian doktorea da, Ekologiako katedraduna Euskal Herriko Unibertsitatean, irakaslea, ikertzailea eta UEUkidea. Ibai-ekologian da aditua eta "Pentsaezina ohiko bilakatuz: ekosistemen leheneratzea" hitzaldia eman du gaur Bilboko Euskalduna Jauregian. Harekin izan gara.

Zer-nolako garrantzia dute ibaiek gure ekosisteman?

Ibaiak munduko ekosistema dibertsoenetakoak dira, eta gizakiontzat ezinbestekoak diren onurak eskaintzen dituzte: ura, garraiobideak, energia... Era berean, munduko ekosistema mehatxatuenetakoak ere badira, beren arroetan gertatzen den guztia islatzen baitute. Beraz, arroko giza jarduera guztiek, industriak, nekazaritzak eta abar, arrastoa uzten dute ibaietan. Jarduera horiek sortzen duten kutsadura, ur-emariaren aldaketak, ibilguen degradazioa eta beste hainbat inpaktuk eragiten dute ibaien biodibertsitatea eta funtzionamendua galtzea, gizartea bera kaltetzeraino.

Zer diote ibaiek gizakioz?

Ibai bati begiratzean ez dugu soilik ekosistema bat ikusten, bertako gizartea nolakoa den ere ikusten dugu. Adibidez, duela 50 urte Gipuzkoa eta Bizkaiko ibaiek izugarrizko kutsadura zuten, gizarteak sekulako utzikeria zuelako ingurumenarekin. Jendeari normala iruditzen zitzaion etxe ondoan ibai kirasdun bat izatea. Zorionez, poliki bada ere, ingurumen osasuntsua bizimodu duin baterako ezinbestekoa dela ikasten joan gara. Beraz, ur zikinen saneamendu eta arazketa bultzatu ditugu, industria eraldatu, ingurumen-estandarrak igo ditugu. Honek aldi berean mesede egin die ibaiei eta gizarteari. Oraindik ez da, noski, arazorik falta. Jendea kexatu egiten da, adibidez, ibar-basoko adarretan zintzilik geratzen diren plastikoez. Berriro ere, honek ibaien funtzionamenduaz baino gehiago, gizartearenaz hitz egiten digu. Dena dela, gai bat arazo moduan identifikatzea da konponbiderako lehen urratsa, eta plastikoen kasuan ere, espero dut hobetzen joanen garela, gizartea hobetzen eta, ondorioz, ibaiak hobetzen.

Ekosistemen leheneratzeaz hitz egingo duzu Ikergazten. Non gaude? Zein da jomuga?

Orokorrean, naturarekiko dugun jarrera eta helburuak aldatzen ari dira. Garai batean naturaren ustiapenaz besterik ez zen hitz egiten. Biodibertsitate-krisiaren ondorioz, naturaren kontserbazioaz hitz egiten hasi ginen, baina laster ikusi zen dugun natura kontserbatzea ez dela aski, toki gehienetan ingurumena oso andeatuta dagoenez, hura dagoen moduan mantendu beharrean, ekosistemak leheneratu egin behar ditugula, ahal den heinean. Ez dugu, noski, gizakiaren inongo eraginik ez duen ingurumena bilatzen, hori ezinezkoa baita, baina bai ahalik eta ekosistema naturalenak, biodibertsitate altua ez ezik, gizarteari onura ugari ere ekarriko dizkiotenak.

Zentzu horretan, iaz onartu zen Europar Batasunean naturaren leheneratze-legea. Bertan esaten da Europan esfortzu handia egin dela ingurumena hobetzeko, baina martxan jarritako legeak, hala nola Uraren Arteztaraua edo Habitaten Arteztaraua, motz geratu direla. Urrats bat gehiago behar dela Europako ekosistemen egoera hobetzeko. Lege ausarta da eta, besteak beste, esaten du Europar Batasunean 25.000 kilometro ibai askatu behar ditugula, bertan dauden presak kenduz. Naturaren leheneratzea ez da, beraz, batzuen kapritxoa, Europar Batasunean indarrean dagoen legea baizik.

Natura leheneratzearen inguruan, gure ikuspuntua ere aldatzen joan da. Garai batean uraren kalitatea berreskuratzean eginzen esfortzu handiena, kutsadura ikaragarriak ekosistemak ez ezik, giza osasuna ere kaltetzen zuelako. Behin kutsadurarik handiena kenduta, ordea, beste arazo batzuk nabarmentzen dira, hala nola habitaten degradazioa, ibarren urbanizazioa edo espezie exotiko inbaditzaileen presioa. Horrek ingurumena hobetzeko lan-mota berriak ekarri ditu: ibar-basoak berreskuratu, kanalizazioak ezabatu, presak eraitsi edota espezie inbaditzaileen hedapena murriztea helburu duten lanak gero eta ugariagoak dira. Egunero ikasiz goaz, eta dakigun horrekin batera aldatzen dira ditugun helburu zehatzak eta lehentasunak.

Zer garrantzi dute IkerGazte bezalako diziplinarteko topaketek?

Egungo zientziak diziplinartekotasuna aldarrikatzen du, baina ez da erraz lortzen, ikertzaileek, bereziki gazteek, nor bere diziplinako kongresu, ikastaro eta abarretara baitoaz, normala den moduan. Hortaz, diziplinartekotasuna bultzatzen duten topaketek onura handia ekartzen dute, are gehiago IkerGazteren gisan, tokian tokiko ikertzaileak biltzen badituzte. Izan ere, maiz kontaktu gehiago izaten dugu munduaren beste puntan ari denarekin aldameneko eraikinean ari denarekin baino. Geografikoki eta kulturalki hurbil dauden baina arlo desberdinetakoak diren ikertzaileak biltzeak diziplinarteko ulermena errazten du, eta horrek are gehiago erraztu ditzake ondoren nazioarteko sareak. Era berean, diziplinartekotasunak ikerketari balio erantsia ematen dio, ikergai gehienen ondorioak diziplina batetik haratagokoak baitira. Hori ulertzen ez dugun bitartean ezin dugu optimizatu zientziak gizarteari egiten dion ekarpena.

Nola gogoratzen duzu ikergazte garaia?

Euskal Herrian oso ikerketa gutxi egiten zen, eta oso isolatuta geunden mundutik, oraindik diktaduraren ondorioak nonahi ikusten ziren. Oso informazio gutxi lortzen ahal genuen, eta laborategian genituen bizpahiru liburuak eta dozena gutxi artikuluak buruz ikasi arte irakurtzen genituen. Niri dagokidanez, lizentziatura amaitu berritan unibertsitate-irakasle hasi nintzen. Beraz, ikerketaren aurretik lehentasunezkoa nuen irakaskuntza eta hari lotutako lana: irakasgai bat prestatu, terminologia landu, hiztegigintza... Horrek eraman ninduen, besteak beste, Udako Euskal Unibertsitatera, eta hor diziplinartekotasuna deskubritu nuen. Edozein ikastaro antolatzen genuela, hainbat diziplinatako jendea biltzen genuen, eztabaida ezin interesgarriagoak izaten genituen, eta gure arlokoak ez zirenekin komunikatzen ikasi behar izan genuen. UEU toki bikaina izan da beti, ikasteko ez ezik, kontaktuak egiteko ere, pertsonen arteko hurbiltasun aparta eskaintzen baitu. Eta UEUk ere erakutsi zidan zeinen garrantzitsua den dibulgazioa. Hasieran hau gaizki ikusia zegoen zientzialarien artean. Askok esaten zidaten ea zertan galtzen nuen hainbeste denbora dibulgazio-artikuluak eta liburuak idazten, zertarako ematen nituen hainbat hitzaldi edo ikastaro. Gaur, ordea, dibulgazioa ezinbestekotzat dugu.

Ikerketari dagokionez, ekosistema desberdinak ikertzen hasi nintzen, baina 1988an hiru lankidek estrategikoa bilakatuko zen erabakia hartu genuen: elkarrekin ikertuko genuen, ibaiak aztertuko genituen, eta batez ere oinarrizko ikerketa eginen genuen, ez garai hartan boladan zeuden ibaien egoera ekologikoaren neurketak. Hasiera batean inguruko ikertzaile askok esan ziguten oker ari ginela, oinarrizko ikerketa hori denbora galtzea zela, baina epe ertainera kontrakoa erakutsi genuen, oinarrizko ikerketak emandako informazioak ekosistemak hobeki ulertzea ahalbidetzen zigula, eta horri esker askoz ere lan aplikatu hobeak egin genitzakeela. Horrela, denbora igaro ahala bi joera izan genituen, kontrajarriak eman arren elkar indartzen dutenak: alde batetik, gero eta lan gehiago egiten hasi ginen nazioarteko sareetan, eta bestetik, gero eta gehiago deitzen ziguten Euskal Herriko kudeatzaileek, elkarlan galdezka. Gaur ere, bi lerro horiek uztartzen saiatzen gara: ibai-ekosistemen oinarrizko funtzionamendua ulertzen, eta informazio hori kudeaketan eta ekosistemen leheneraketan aplikatzen. Diziplinartekotasuna ere betidanik izan dugu giltzarri, eta beti bilatu izan dugu elkarlana kimikariekin, geomorfologoekin, ekonomialariekin eta abar.

Zer aholku emango zenieke kongresura datozen ikergazteei?

Edozein kongresutara bidaltzen ditugun ikasleei ematen diedan aholku bera: aldendu zaitez erosotasun-eremutik. Ez zaitez joan soilik zure ikergaiaren hurbilekoak diren hitzaldietara, hitzaldi horiexetan ikasiko baituzu gutxien. Ez ezazu ahaztu kongresuak zure lanaren parte garrantzitsu direla, eta behartu ezazu zeure burua zugandik urrun samar daudenekin hitz egitera. Uste duzun baino kontaktu hobeak lortuko dituzu, horietako batzuk bizi osorako baliagarri eginen zaizkizunak. Eta ikerketaren nazioarteko hizkuntza ingelesa den arren, tokian tokiko hizkuntzek beste konplizitate bat eskaintzen dute. Horregatik, Euskal Herrian euskarak balio erantsi handia du, eta euskaraz egin dituzun kontaktuek indar berezia mantentzen dute denboran zehar.

Zerbait nabarmendu nahi?

Ikertzaileok nazioartekotasunaren eta tokikotasunaren artean oreka bilatu behar dugu. Garrantzitsua da nazioarteko azken joera eta informazioaren berri izatea baina, era berean, gure lana tokiko gizartera hedatzea lortu behar dugu. Gaur egun, ikertzaile gehienentzat nazioartekotasuna bermatuta dago, ia guztiak ari baikara nazioarteko proiektuetan ez bada, nazioarteko kongresu eta sareetan. Baina aldi berean, ezin dugu tokiko gizartea ahaztu, eta horretarako, bertako agenteak ezagutu behar ditugu. Uste dut munduko toki gutxitan dagoela hemen IkerGaztek eskaintzen duen aukera.

Jakintza-arloak