(85) EAEko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako curriculumaren aukerak eta hutsuneak diseinu konpetentzien garapenean STEM hezkuntzaren testuinguruan

Amaia Guridi-Bikuña1, Ainara Bilbao Eraña1, Paula Álvarez-Huerta1
1Mondragon Unibertsitatea

Laburpena

Ikerlan honetan, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako curriculumak, STEM hezkuntzaren testuinguruan, Rusmann eta Ejsing-Duun autoreen (2022) markoan definitutako diseinu konpetentziak garatzeko eskaintzen dituen aukerak aztertu dira. Diseinu konpetentziak, diseinu-prozesuen bidez, arazo konplexuak identifikatu eta horiei aurre egiteko behar diren gaitasunak, ezagutzak eta trebetasunak dira. 77/2023 Dekretuak zehaztutako Curriculumak hainbat aukera eskaintzen dituela ondorioztatu da, hala nola, enpatia, modelaketa eta prozesuen kudeaketari dagokienez. Hala ere, hutsuneak ere identifikatu dira, batez ere, arazoen definizioan eta ideaziorako estrategietan. Etorkizunera begira, EAEko ikasleen diseinu konpetentziak neurtzea, eta azterlan honekin alderatzea proposatzen da, ikerlerro honekin jarraitzeko.

Gako-hitzak: STEM hezkuntza, diseinu konpetentziak, diseinu pentsamendua, 77/2023 Curriculum Dekretua