(157) Biomedikuntzan aplikazio teranostikoak izan ditzaketen rHDL-AuNC konplexu hibridoen garapena
Laburpena
Gaixotasunen diagnostikoan eta terapien garapenean aurrepenak eman diren arren, funtsezkoa da ikuspuntu espezifikoagoak garatzea medikuntza pertsonalizatu baterako trantsizioa eman dadin. Horretarako baliagarria suerta daitekeen ikuspuntuetako bat nanobioteknologia da. Disziplina honek sistema biologikoen zein horien osagaien nanoeskala mailako manipulazioaz baliatuta material, dispositibo edota teknika berritzaileen garapena sustatzen du. Horren harira, apolipoproteina A-1 (ApoA-1) proteinaz eta urrezko nanoklusterrez (100 atomo edo gutxiagoko urrezko multzokaketak) osatutako egitura hibridoek ikuspuntu berritzaile bat eman dezakete. Nanoklusterrek (AuNC) urrezko nanopartikula handiagoek ez bezalako propietate interesgarriak dituzte, hala nola fluoreszentzia, diagnostikorako edota tratamentuen jarraipenerako baliagarria izan daitekeena. Bestetik, ApoA-1 interes kliniko handia duten HDL partikulen (kolesterol “onaren”) osagaietako bat da eta soberazko kolesterolaren birkaptazio prozesuan funtzio nagusia du, gaixotasun kardiobaskularretan efektu terapeutikoa aurkeztuz. Hortaz, sortutako hibrido proteo-metaliko horiek interes kliniko handiko konplexuak suerta daitezke diagnostikorako zein terapiarako nanotresna gisa erabili daitezkeelako, hau da, herramienta teranostikoak gauzatzeko ahalmena ematen dutelako. Testuinguru horretan, ApoA-1 eta AuNC barnebiltzen dituzten egiturak sintetizatu dira ikerketa lan honetan. Horretarako giza jatorrizko ApoA-1 errekonbinanteki ekoitzi zen eta ezarritako metodo sintetikoen bidez ApoA-1-AuNC hibrido proteo-metalikoak sortu ziren. Behin konposatu horiek eraikita, karakterizatu eta HDL antzeko nanoplataforma birkonbinatuak (rHDL-AuNC) sortzeko gai zirela baieztatu zen. Guztira, lan honetan aurrerapen bioteknologiko gisa ApoA-1 eta AuNCn arteko konbinaketa berria sortzea lortu da. Etorkizunera begira, hibrido berrien biobateragarritasuna aztertzea garrantzizkoa izango da, hala nola helburu teranostikoa duten aplikazioetan erabilgarriak diren frogatzea.