Xabier Landabidea Urresti: "Guretzat berririk onena litzateke entzutea Tuteran, Bermeon edo Ziburun Kutxaz Kanpo saioak antolatu direla bertan euskarak dituen erronkei perspektiba desberdinetatik heltzeko"

2025eko irailaren 18a

Xabier Landabidea Urresti: "Guretzat berririk onena litzateke entzutea Tuteran, Bermeon edo Ziburun Kutxaz Kanpo saioak antolatu direla bertan euskarak dituen erronkei perspektiba desberdinetatik heltzeko"
Argazkia: Badalab

"Kutxaz Kanpo: Euskararen etorkizunak lantzeko ahalduntze ludikorako saioa" antolatu dute Fikzio Fabrikak eta Badalabek UEUrekin elkarlanean Eibarren. Saioaren koordinazio-lanetan aritu da Xabier Landabidea Urresti (Begoña, 1981) eta harekin izan gara urriaren 3an Markeskoa Jauregian egingo den saioaz hitz egiteko. Landabidea Ikus-entzunezko Komunikazioan eta Politika eta Administrazio Zientzietan lizentziatua (EHU) da eta Aisia eta Giza Potentzialean doktorea (DU). UEUkidea eta Fikzio Fabrikako kidea ere bada.

Zer da Kutxaz Kanpo?

Kutxaz Kanpo Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategiaren eta Fikzio Fabrika eraldaketarako sormen kolektiboaren arteko esperimentu bat da, 2024an hasi genuena eta 2025ean jarraitzen ari garena. Helburua izan da euskararen eta euskal hiztunen errealitate, orainaldi eta etorkizun desiragarri eta ez-desiragarrien inguruko hausnarketa kolektiboak sustatzea, horretarako mahai-, karta- eta rol-jokoak erabiliz. Euskara erabiltzen jarraituko dela bermatzeko beharrezkoak izango diren antolaketa- eta harreman-eredu desberdinak/desiragarriak nolakoak izango diren irudikatu eta esperimentatu nahi izan dugu ludikotasunaren bidez.

Zeintzuk izan dira ekimenaren lorpenak?

Aitortu behar dut maila askotan nagoela oso pozik orain arte egindakoarekin. Batetik, Badalabekin lan egin ahal izatea zoragarria izan da hausnarketarako bidea zabaltzen duten espazio seguru eta dibertigarriak sortzeko orduan. Bestetik, bereziki aberasgarria iruditu zait profil (adin, genero, jatorri, hizkuntza, ofizio, interes, militantzia...) oso ezberdinetako jendearekin taldeak osatzea, benetan prozesu- eta emaitza-mailan “gauzak gertatzea” ahalbidetu duelako. Heterogeneotasunak funtzionatu egiten duela frogatu dugula uste dut, heterogeneotasuna balioan jartzeko inguruak sortzeko gai garenean. Bestalde, uste dut bagenuela hipotesi bat: joko eta jolasek pentsatzeko eta eztabaidatzeko bide berriak eskaintzen dizkigutelakoa, eta uste dut hori ere frogatuta gelditu dela ekimenaren bi urte hauetan zehar. UEU plaza perfektua da gure esperimentuari jarraibidea emateko, egia esan.

Zer ekarpen egin diezaieke Kutxaz Kanpo ekimenak Euskal Herriko eragileei?

Hasteko esan behar dut guk ez dizkiegula ez haien ez euskararen arazo guztiak konponduko saio honetan. Zoritxarrez saioa amaitutakoan arazoek hor jarraituko dute. Baina saio honek bai eskaini nahi ditu tresna berriak gure kezka eta auziei kolektiboki modu berrietan heltzeko. Parte-hartzaileei 2024an egindako ibilbidetik proposamen pare bat eskainiko dizkiegu, lehen pertsonan bizitzeko “Kutxaz Kanpo Esperientzia”, eta ondoren arratsaldean eragileen beren kezketatik abiatuta proposamen berriak egiteko tailer bat egingo dugu. Gure asmoa da bertaratutakoei esperientzia- eta hausnarketa-marko aberats bat eskaintzeaz gain, haiek gerora proposamen ludiko berriak egin ahal izateko baliabideak eskaintzea.

Aurrera begira zer?

Guretzat berririk onena litzateke entzutea Tuteran, Bermeon edo Ziburun Kutxaz Kanpo saioak antolatu direla bertan euskarak dituen erronkei perspektiba desberdinetatik heltzeko. Izan euskaltegi, auzo-elkarte, unibertsitate edo antzerki-konpainia, uste dugu jolas eta jokoek orain arte esploratu gabe izan ditugun bideak eskaintzen dizkigutela kritikoki, estrategikoki eta elkarrekin (alde edo kontra!) pentsatzeko.

Ondorioak liburu baten jasoko dituzue. Zein da asmoa?

Kutxaz Kanpo: Esperientzien Kutxa izenburu probisionala eman diogu eta aurtengo Durangoko Azokan aurkeztu nahi genuke. Liburu deitzen diogu, baina agian ez du orririk izango. Zerbait berria egin nahi dugu, erabilgarria eta erakargarria izango dena. Ikusiko dugu ze forma hartuko duen.

Nori dago zuzenduta?

Euskararen etorkizunetan interesa duen edonori, eta espezifikoki etorkizunaren inguruko ardurak sentitzen dituzten norbanako eta taldeei, erronka, aukera, itxaropen eta beldurrei buruz beste modu batzuetan pentsatu, sentitu eta hitz egiteko lanabesak eskainiko baitizkiegu.

Nabarmentzeko zerbait?

Prozesua benetan gozagarria izan da eta gogo handia dugu urriaren 3ko saiorako, gure proposamenez gain, Euskal Herri osoko eragile eta norbanakoen ikuspegi eta kezkak ezagutu eta mahaira ekartzeko aukera izango dugulako. Esango nuke gaian edo metodo berrietan interesa baduzu, zalantzarik ez izan eta izena emateko, oso ondo egongo da!

Jakintza-arloak