Uxoa Iñurrieta Urmeneta: "Euskarari indarra emateko ingurune digitala ere aintzat hartu behar da"

2025eko irailaren 17a

Uxoa Iñurrieta Urmeneta: "Euskarari indarra emateko ingurune digitala ere aintzat hartu behar da"

"Euskara eta Digitalitatea" graduondokoa eskainiko du urritik aurrera UEUren GOI Ikastegiak. Testuinguru digitalean euskara sustatuko duten aditu eta arituak formatzen lagundu nahi du eta graduondokoaz hitz egiteko izan gara Uxoa Iñurrieta Urmenetarekin (Donostia, 1990). Hizkuntzalaritza Konputazionalean da doktorea Iñurrieta eta UEUren GOI ikastegiko irakaslea, ikertzailea eta "Euskara eta Digitalitatea" graduondokoaren arduraduna da.


Bigarren edizioa da aurtengoa. Berrikuntzak izango ditu?

Iaz ikusitakotik hobekuntza txikiak egiteko asmoa dugu, baina berrikuntza nabarmenik ez, momentuz. Gauzek ondo funtzionatu duten ikusteko, ondo etortzen da pare bat urteko zikloak egitea.

Testuinguru digitalean euskara sustatuko duten aditu eta arituak formatzen lagundu nahi du graduondokoak. Zer jasoko du bertan ikasleak?

Batetik, euskaraz eskura dauzkagun tresna eta baliabide digital mordo bat ezagutzeko aukera izango du, eta uste dut horixe izan dela joan den ikasturteko ikasleek gehien eskertu duten gauzetako bat. Bestetik, berriz, euskarak ingurune digitalean bizi duen egoeraren berri ere izango du, eta aukera izango du horren inguruan gogoeta egiteko, gaiari euskalgintzaren ertz desberdinetatik helduta.

Zein da graduondokoaren helburua?

Helburu nagusia, aurreko galderan aipatu didazun horixe: testuinguru digitalean euskara sustatuko duen jendea prestatzea. Euskarari indarra emateko ingurune digitala ere aintzat hartu behar dela da gure abiapuntua, eta horri buruzko kontzientzia piztea eta elkarlanean estrategiak sortzea nahi genuke.

Online modalitatean emango da horretarako propio sortutako eredu pedagogikoa oinarri hartuta. Zer bereizgarri ditu? Zein izango da metodologia?

Hasteko, bereizgarri gisa, aipatuko nuke UEUk urte luzez garatutako eredu pedagogiko bat dela, master eta graduondokoetan hainbatetan erabilia eta oso emaitza onak lortzen dituena. Ikasleek beren martxan egin ditzakete lanak, ordu eta egun jakinetan konektatu gabe, baina, aldi berean, astekako antolamendua erabiltzen dugu, talde guztia gutxi gorabehera batera joan dadin, irakasleek jarraipen estuagoa egin dezaten eta parte-hartzaile guztiek elkarrekin lan egiteko aukera izan dezaten. Oro har, asteazken goizetan zabaltzen ditugu ikasgaiak, eta ikasleek astebeteko epea izaten dute ikasgai bakoitzeko materialak lantzeko eta jarduerak egiteko, nork bere erritmoan baina, jakina, behar duten guztietan, irakaslearen laguntzarekin eta gidaritzarekin.

Alorreko hainbat eragile garrantzitsuk parte hartuko dute irakasle-taldean...

Bai, garrantzia eman diogu horri, eta hainbat elkarte eta erakunderen arteko elkarlana bilatu dugu: Elhuyarreko bi partaide ditugu irakasle-taldean, Badalabeko bat, Euskal Wikilarien Kultur Elkarteko beste bat, NOR ikerketa-taldeko bat, HiTZ zentroko hiru...

Nori dago zuzenduta?

Gaian interesa duen edonori.

Nabarmentzeko zerbait?

Hortxe-hortxe gabiltzala taldea osatzeko... Iaz edizio zoragarria izan zen, eta gustura gelditu ginen bai ikasle eta bai irakasleok. Animatu parte hartzera!!!

Jakintza-arloak