(62) Gertuko biotinilazioa E2F7 transkripzio faktorearen interaktoma deskribatzeko estrategia gisa: TurboID sistemaren garapena
Laburpena
E2F transkripzio faktoreek (E2F1-8) prozesu biologiko eta gaixotasun ugaritan parte hartzen dute. E2F7ri dagokionez, bere funtzio nagusia proteinak eta mikroRNAk kodetzen dituzten geneen adierazpena erreprimitzea dela deskribatu dugu, baina bere ekintza-mekanismoa ezagutzeke dago. Lan honetan, E2F7ren interaktoreak aztertzeko TurboID biotina ligasaren bidezko proteinen gertuko biotinilazio-sistema baten garapena deskribatzen dugu. Horretarako, doxiziklinaren presentzian TurboID-E2F7 ekoizten duten zelula-lerro egonkorrak garatu ditugu. Gure datuek berretsi dute TurboID-E2F7 fusio-proteina zelulen nukleoan kokatzen dela batik bat, E2F7 proteina basatia bezala. Aldiz, bere interaktoreak zitoplasman zein nukleoan egon daitezkeela ikusi dugu. Gainera, lan honetan garatu den estrategia E2F7ren interaktoreak identifikatzeko sistema baliagarria dela frogatu dugu.
