"Gatazka edo desadostasuna modu egokian kudeatuta, harremana indartzeko balio dezake"

2023ko martxoaren 27a

"Gatazka edo desadostasuna modu egokian kudeatuta, harremana indartzeko balio dezake"

"Gatazkak ulertu eta eraldatzeko gakoak" ikastaroa antolatu du UEUk apirilean Iruñean. Irakasleak Elena Egiguren Ezkerro eta Leire Inza Munguia izango dira. Biak dira abokatuak, bitartekariak eta komunikazio ez-bortitzeko formatzaileak.

Gatazka aukera izan daiteke...

Bai. Askotan mingarria eta deserosoa izan daitekeela ahaztu gabe, gatazka baten atzean ikasketa bat dago. Haserre gauden pertsona horrek ere gutaz hitz egiten du, gure ispilua ere bada.

Gatazka edo desadostasuna modu egokian kudeatuta, harremana indartzeko balio dezake. Garrantzitsua da alde batek eskatzen duenaren atzean behar batzuk daudela bereiztea, baita alde guztien beharrak zainduko dituzten soluzioak esploratzea ere.

Zer da azken batean gatazka? Zer dago atzean?

Gatazka batean ohikoa da norberak arrazoia lortu nahi izatea. Orduan, plano mentalean gaude eta deskonexio bat gertatzen da sentitzen dugunaren eta behar dugunaren artean. Gatazka, parte bakoitzak bere beharrak zaintzeko erabiltzen dituen estrategien artean gertatzen da, eta ez bakoitzaren beharren artean. Izan ere, behar bat zaintzeko estrategia asko daude eta sormena behar da aukera berriak ikusteko. Ohikoa da pertsona bat soluzio bakar bati eutsita geratzea.

Behin gatazka sortuta, nola kudeatu?

Gure ustez elkarrizketa da bidea. Horretarako, gune seguruak sortu behar dira, eta metodologia jakin batzuk menderatzen dituen hirugarren pertsona batek asko lagundu dezake itxita zegoen komunikazio hori irekitzen, elkarren arteko konfiantza berreskuratzen eta elkar ulertzea sustatzen. Alegia, bi parteren artean sortu den urruntasuna, pausoz pauso, gertutasuna bilakatzen. Eta distantzia murriztu denean, orduan, gertutasunetik, errazagoa da guztientzat egokiak diren soluzioez hitz egitea.

Begirunezko komunikazioa aipatzen duzue. Zertan datza?

Begirunezko komunikazioan pertsona bakoitzak beretzat garrantzitsua dena azalduko du, eta besteak, enpatiaz jasoko du hori aldatu edo ezereztuta nahi izan gabe. Besteari nola entzuten diogun (entzumen enpatikoa) eta norberak nola hitz egiten duen (adierazteko modu zintzoa eta zaindua) funtsezkoak dira.

Teknika jakin batean baino gehiago intentzioan datza. Eta praktikatzea ezinbestekoa dela iruditzen zaigu, eta hori egingo dugu ikastaroan.

Zer litzateke azken batean harreman osasuntsu bat?

Harreman osasuntsu batek alderdi guztien beharrak kontuan izango ditu. Gehienetan gatazka baten aurrean gaudenean konponbidea bilatzea lehenesten dugu, eta horrek, guretzat garrantzitsuak ziren hainbat aspektu atzean uztera eramaten gaitu (bakeagatik bada ere…). Harreman osasuntsu batean, ostera, guztientzat garrantzitsuak diren aspektu horiek aintzat hartuko dira, inolako kontzesiorik gabe. Eta hortik abiatuta, eta enpatia, asertibitatea eta zintzotasuna bidelagun ezarriko dira harremanaren oinarri berriak.

Nori begirako ikastaroa da?

Modu zaindu batean komunikatzen ikasi nahi duen edonori. Besteak beste, irakasle, guraso, gatazkekin lan egiten dutenei, jendartean lan egiten dutenei, gizarte-hezitzaileei…

Zein da azken helburua?

Azken finean gure ikastaroaren helburua da jendeari tresnak eskaintzea komunikazioa hobetzeko, eta, ondorioz, kalitate eta sakontasun hobeagoko harremanak lortzeko.

Jakintza-arloak