IkerGazte2021! Pasa dira beste bi urte, eta ia konturatu gabe IkerGazteren 4. edizioa ate joka dugu berriro ere. Konturatu gabe pasa direla esatea askotxo esatea da, 2020. urtearen hasieratik bizitzen ari garen zurrunbilo hau arrasto ezabaezina uzten ari baita gure gizartean. Badakigu 2021a ere ez dela erraza izango, baina ikergazteok, gora bihotzak eta heldu diezaiogun Gasteizen egingo dugun IkerGazte2021 honi inoizko grina eta ilusio handienaz!

2015.eko 1. edizio hartatik lan asko egin dugu elkarrekin eta erronkak erronka 4. ediziora heldu gara, ez gara ez makalak! 2021eko edizio hau berezia izango dela zalantzarik ez dugu; beste ezeren gainetik topagunea da IkerGazte eta aurrez aurreko topagunea izan dadin gure eskuetan dagoen guztia egingo badugu ere, online egin beharko bagenu ere, IkerGazte2021 egin egingo dugu. IkerGazterik gabeko biurtekorik ezin dugulako irudikatu, jada erreferente garelako. Eta IkerGazterik ez dagoenez zure ekarpenik gabe, UEUren eta Kongresuaren Batzorde zientifikoaren izenean 2021eko ekainaren 9-11an Gasteizen egingo dugun IkerGazte2021era gonbidatzen zaitugu. Edozein delarik ere zure ikerketa-eremua, hurbil zaitez IkerGaztera: giza zientzietan, gizarte zientzietan, zientzia zehatzetan, teknologian, arkitekturan edota osasunean jarduten duen nazioarteko ikertzaile-komunitate euskalduna osatzen dugu eta. Egizu bat ikertzaile euskaldunen bilgune honekin, ezagutu itzazu ikerketan diharduten ehundaka ikertzaile gazte, deskubritu itzazu zure ikerketa-alorretik gertuko eta ez hain gertuko ikerketa-lanak. Tesia bukatu berri duzula? Orain hiruzpalau urte amaitu zenuela? Bukatzear zaudela? Zatoz, ikertzaile euskaldunen komunitatearen aurrean zure emaitzak azaltzeko aukera duzu!

 

Antolakuntzako oharra:

Bizi dugun egoerak baldintzaturik antolatzen gabiltza aurtengo IkerGazte. Horrek beste edizioetan izan dugun antolaketari buelta bat ematea eskatu du, eta besteak beste, egitarauan, poster saioak, edo tailerrak beste modu batera planteatzera, edo aurten lo egiteko aukerak norberak kudeatzera eraman gaitu.

Mesedez, arretaz irakurri egitarauari loturiko argibideak zein informazio orokorrari loturikoak, 2021eko IkerGazte kongresua zelan izango den irudikatzeko. Eta zalantzarik izanez gero lasai asko idatzi egiguzue (a.latatu@ueu.eus).

Bestalde, asterik aste jarraipena egiten diogu LABIk egiten duen aholku zerrendari eta osasun mugei, eta beraz, unean uneko dauden baldintzei egokitzen joango gara. Horrek esan nahi du beraz, agian aforoak zabaldu edo mugatu egin beharko ditugula egoeraren arabera.

Save

Save