Ane Ortega: “Hizkuntza kooperazioa bada kooperazio eredu oso indartsu bat”
Argazkia: ELEBILAB

Ane Ortega: “Hizkuntza kooperazioa bada kooperazio eredu oso indartsu bat”

“Euskara oinarri eta eleaniztasuna helburu” jardunaldiaren bigarren egunean hizkuntza-aniztasuna munduan eta Euskal Herrian izango da landuko duten lehenengo gaia. Atal horren barruan “Euskal-nasa kooperazioa: metodologia eraginkorraren bila, atazetan oinarritutako irakaskuntzaren bidetik” izenburupean jardungo du Ane Ortega Etcheverryk, Arkaitz Zarraga Azumendirekin batera.




Zure ustez zergatik dira garrantzitsuak era honetako jardunaldiak?

Azken hamarkadetan egindako ibilbideaz hausnartzeko ez daukagu aukera askorik eta hau inportantea da. Jardunaldi honetan hori egingo dugu, neurri handi baten. Bestalde, jardunaldietako gaira arlo eta diziplina ezberdinetatik hurbilduko gara; horien arteko loturak azaleratuz. Normalean gure arlotik ez gara ateratzen, baina ze inportantea den ekarpen berriak eta beste ikuspegiak ezagutzea, ezta? Askotan irudikatu ezin genituen bide berriak horrela sortzen dira: besteen bideak ezagutuz. Nik behintzat bai espero dut audientzian halaxe gertatuko dela: ideia berriak, kontrasteak, gaia beste modu baten ikusteko aukerak.

Zer azpimarratu nahi zenukete?

Jardunaldia konpartitzeko benetako espazio bat izango dela. Partaideak animatu nahi ditut konpartitzeko eta parte hartzeko.