Deialdiak

XIV KOLDO MITXELENA IKERKETA BEKA 2018

1. XEDEA

Errenteriako Udalak, Udako Euskal  Unibertsitatearen (UEU) laguntzarekin,euskarazko ikerketa bultzatzeko, emakumezkoen ikerketa sustatzeko, Errenteriaren inguruko ezagutza  areagotzeko eta Koldo Mitxelena  errenteriar filologoa omentzeko, honen izena duen ikerketa bekarako deialdia egiten du.

Ikerketa esparruak Koldo Mitxelena Elissaltek bere bizitzan zehar landutako honako hauek dira:  euskal kulturaren historia, artea, soziologia, antropologia, ekonomia, hiz­kuntzalaritza, literatura, etnologia, zuzenbidea eta, oro har, giza zientziei buruzko ikerlanak.

2018ko deialdian, honako ikerketa esparruak sartuko dira:  LITERATURA, HIZKUNTZALARITZA eta ANTROPOLOGIA.

2. HIZKUNTZA

Proiektua, azterlana eta memoria euskaraz burutuko dira.

3. IRAUPENA

Bekaren iraupena gehienez 18 hilabetekoa izango da, beka esleitzen den egune­tik hasita.

4. ZENBATEKOA

Beka honen diru zenbatekoa 15.000 eurokoa izango da.

5. ORIGINALTASUNA

Ikerketa-lanak originala eta argitaratu gabea izan behar du.

6. ESKATZAILEAK

Beka norbanakoek nahiz horretarako osatutako lantaldeek jaso ahal izango dute. Bigarren kasu horretan, ikerlanaren zuzendari arduradun bat izendatu beharko da.

7. ESKABIDEETARAKO ARAUAK

Beka eskuratzeko eskaerak dokumentazio hau eduki behar du:

7.1.   Koldo Mitxelena beka eskatzeko orria, behar bezala beteta (eredua udal webgunean, www.errenteria.eus, eskuragarri).

7.2.   Espediente akademiko zehaztuaren eta osatuaren fotokopia. Lantaldeen kasuan partaide guztienak.

7.3.   Eskatzailearen euskarako gaitasuna frogatzen duen dokumentua: EGA edo baliokide* den titulu edo ziurtagiriaren fotokopia. Lantaldeen kasuan berdin, partaide guztiek frogatu beharko dute aipatutako gaitasuna. *(kontuan izan, 47/2012 DEKRETUA, apirilaren 3koa, euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara-maila hizkuntza-tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko dena; 297/2010 DEKRETUA, azaroaren 9koa, euskararen jakite- maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurt­agiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko mailekin parekatzen dituena).

7.4.   Eskatzailearen curriculum vitaea behar bezala beteta, Udalak eta Udako Euskal Unibertsitateak prestatutako ereduaren arabera (www.errenteria.eus web orrian eskuragarri dago), eta curriculum vitaean adierazitako titulazioen eta merituen egiaztagirien fotokopiak. Lantaldeen kasuan, partaide guztienak.

7.5.   Gaiaren azalpena eta lana zelan burutuko litzatekeen azaltzen duen proiek­tua, ahalik eta zehatzena (15 orrialdekoa gehienez), ondokoak azalduz:

– Lanaren ikerketa esparrua.

– Aurrekariak eta gaiaren gaur egungo egoera.

– Ikertzailearen edo taldearen aurreko esperientzia.

– Helburuak.

– Materialak, baliabideak eta lan metodologia.

– Lana garatzeko kronograma.

– Aurreikusitako emaitzak eta horien interesa.

– Bestelako finantzabideak, baldin eta baleude.

8. DOKUMENTAZIOA AURKEZTEKO LEKUA ETA EPEA

Dokumentazioa Errenteriako ZU! Zure Udala zerbitzuan (Errenteriako  Udala, beheko solairua, Herriko plaza 1) aurkeztuko da. Era berean, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko, 39/2015 legeak, 16.4 artikuluan izendatzen dituen leku eta erregistroetan ere aurkez daiteke.

Errenteriako Udaleko Artxibo eta Argitalpenak zinegotziari zuzenduko  zaizkio eta dokumentazioa aurkezteko epearen barruan funtzionarioak emandako data eta zigilua eduki beharko du.

Eskabidea eta gainontzeko agiriak posta-bulegoetan aurkezten badira, betiere aurkezpen-epearen barruan, gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko zaizkio postetxeko funtzionarioari, hark eguna eta zigilua jarri eta ziurtatu ahal zezan. Horrela bakarrik ulertuko da dokumentazioa postetxearen bulegoan entregatu zen egun berberean sartu zela Errenteriako Udal Erregistroan. Bekaren eskabidea da zigilatu beharrekoa.

Eskaerak eta gainontzeko agiriak aurkezteko epea 2018ko irailaren 1etik urriaren 31 arte egongo da zabalik, biak barne. 

Eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioa osatu gabe dagoela edo oinarri hauetan eskatutako baldintzak ez dituela betetzen ikusiz gero, hamar eguneko epean konpondu edo beharrezko agiriak ekar ditzala eskatuko zaio interesatuari. Hala egingo ez balu eskaeran atzera egin duela ulertuko da, betiere aldez aurretik ebazpena emanda, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluak aurreikusitakoarekin bat.

9. ESLEIPEN PROZEDURA

Beka hau Artxibo eta Argitalpenak zinegotziak esleituko du, 2018ko  abenduaren bukaera aldera, epaimahaiaren proposamena jaso ondoren.

Proposamen hori epaimahaiak epaitutako merezimendu lehiaketa baten emaitza oinarritzat hartuta egingo da.

Erabakia aurkeztu diren guztiei jakinaraziko zaie. Epaimahaia parekidea  izango da edo genero ikuspegia behar bezala txertatua dagoela bermatu beharko da. Honako hauek osatuko dute epaimahaia:

• Batzordeburua:

– Artxibo eta Argitalpenak zinegotzia edo berak delegatutako udalkidea.

• Batzordekideak:

– Udalaren eta UEUren artean izendatutako eta aurkeztutako proiektuen esparruko 3 ordezkari edo aditu.

• Idazkaria:

– Errenteriako Udal Artxiboko ordezkari bat

Horiez gain, epaimahaiak hala erabakiko balu, aurkeztutako gaien inguruko pertsona adituen laguntza eta aholkularitza eska dezake epaimahaiak.

Eskatzaileek aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, epaimahaiak informazio osagarria eskatu dezake edo/eta hautagai batzuk proiektua defendatzera dei ditzake.

Honako alderdi hauek hartuko dira aukeraketarako irizpide nagusitzat:

– Eskatzaileen espediente akademikoa eta bere curriculuma (0-10 puntu).

– Ikerketa proiektuaren interesa, zuzentasun eta balio zientifikoa, original­tasuna eta bideragarritasuna (0-50 puntu).

– Errenteriarekin harreman zuzena duena izatea (0-20 puntu).

– Emakume batek edo emakume talde batek osaturiko lantaldea (20 puntu), %60-99 emakumezkoak dituen lantaldea (10 puntu).

Puntuaketa:

– Eskatzailearen puntuazioa, epaimahaikide bakoitzaren puntuak gehitu eta batez bestekoa izango da.

Epaimahaikide guztiek dute hitz egiteko eta puntuazioa jartzeko eskubidea.

– Puntu gehien duenari esleituko zaio beka eta horrek hartuko ez balu, hurrengoari proposatuko zaio.

Bekaren onuradunak esleipenaren jakinarazpena jaso eta hamar egun balio­kideko epean espresuki idatziz uko ez badio, ulertuko da beka eta oinarrieta­ko betebeharrak ontzat ematen dituela.

Epaimahaiak lanak epaitu eta bekaduna nor/nortzuk den/diren jakinarazi ondoren, jatorrizko lanak erretiratzeko hamar egun baliokideko epea izango da. Epe horretan jasotzen ez diren lanak xahutu ahal izango ditu Udalak.

10. BEKADUNEN BETEBEHARRAK

10.1. Lanaren garapenari buruz (egindakoa eta egiteko dagoena), aurkeztutako proiektuaren araberako txosten bat bidaltzea bekaren lehen 9 hilabeteak igarotakoan.

10.2. Errenteriako Udalaren eta Udako Euskal Unibertsitatearen esku egotea egindako lanen ohar, zirriborro, aurrerapen eta emaitzak.

10.3. Aurreikusitako planaren edo ikertaldearen osaketaren aldaketen berri ematea. Halakorik ezingo da egin Errenteriako Udalaren eta Udako Euskal Unibertsitatearen baimenik gabe.

10.4. Bekaren 18 hilabeteak igarotakoan memoria (ikerlanaren beraren azken erredakzioa) aurkeztea. Lan horren bi ale entregatuko dira, tarte bikoitzez mekanografiaturik, koerlatiboki orrialdeztatua eta koadernaturik, baita euskarri formatu digitalean ere.

10.5. Lanaren luzerak 200 eta 400 orrialde artekoa izan beharko du, orrialdeko 30 lerroz eta lerroko 60 idazki zeinuz, grafikoak, argazkiak eta antzekoak dituzten orrialdeen kasuan izan ezik. Testua ez den elementu oro orrialdeetan zehar edo tokirik ez balego lanaren bukaeran, eranskin gisa, txertatuko da. Era horretako elementu bakoitzak behean bere azalpentxoa izan beharko du. Edozein kasutan, lanak gutxienez testuko 200 orrialderen baliokidea izan behar du. Eranskinetako orrialdeak ez dira kontutan hartuko puntu honetan zehaztutako gutxienekoak betetzeko. Idazkera funtzio komunikatibora, kohesio sintaktikora, koherentziara eta zuzenketa formalera egokituko da.

10.6. Irudiak, marrazkiak, argazkiak eta abar, amaierako testuan sartuko diren arren, aparteko fitxategietan entregatu beharko dira, gutxienez  hazbeteko 300 pixeleko bereizmenarekin, kalitate hori beharrezkoa baita inprimategian inprimatu ahal izateko. Bekaduna aurkeztutako ilustrazioen ustiapen eskubideen egilea/titularra izango da, baita erator litezkeen irudi eskubideena ere, edota argitaratzeko beharrezkoak diren baimenak izango ditu.

10.7. Egileak 30 lerro inguruko laburpena eta edukiaren berri ematen duten deskribatzaileak erantsiko ditu euskaraz gain, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez.

10.8. Testualak ez diren lanentzako mugak ondoren ezarriko dira.

10.9. Egileak bekarako lana bukatutakoan, jendaurrean aurkeztu beharko du, horretarako Errenteriako Udala, UEU eta lanaren egilearen artean eguna eta ordua adostuta.

10.10. Ikerlanaren garapenaren txostena edo amaierako memoria entregatzeko azken epea betetzen ez bada edo epaimahaiaren iritziz nahikoa kalitaterik ez badu, justifikazio edo gainditu ezinezko arrazoirik gabe, oinarri hauen 12. puntuan jasotako penalizazioak ezarriko zaizkio irabazleari. Epaimahaiak erabakiko du emandako arrazoiak nahikoak diren ala ez.

11. BEKAREN ORDAINKETA

Ordainketa modu honetan egingo da, izapide administratiboak burutu ondoren:

– Kopuru osoaren %30a, beka ematen den une berean, aurreordainketa moduan.

– Kopuru osoaren %30a, beka ematen zaionetik 9 hilabetera, horretarako egin­dako lanaren eta egingo duenaren azalpen- txostena (10.1. oinarriaren arabera) aurkeztu eta epaimahaiak ontzat eman ondoren.

– Gainontzeko %40a, bekaren bukaeran, lana aurkeztu eta epaimahaiak ontzat eman ondoren.

Lana amaituko ez balitz, oinarri hauetako 12. puntua (Itzulketak eta zigorrak) ezarriko da.

12. ITZULKETAK ETA ZIGORRAK

12.1. Ikerlanaren garapenaren txostena edo amaierako memoria entregatzeko azken epea bukatu baino lehen eta Udalak aurretiaz errekeritu fabe, bekadunak bere borondatez saria itzultzen badu, sarituak ordura arte jasotako zenbatekoa eta dagozkiono berandutze interesak itzuli beharko ditu. Udalak berandutze interesak kalkulatuko ditu. Diru-laguntzen Lege Orokorraren 38. artikuluan jasotakoari jarraituta.

12.2. Ikerlanaren garapenaren txostena edo amaierako memoria entregatzeko azken epea bukatuta Udalak errekeritu ondoren saria itzultzen denean, sarituak ordura arte jasotako zenbatekoa itzultzeaz eta dagozkion berandutze interesak ordaintzeaz gain, ezarriko zaion zigorrari aurre egin beharko dio. Zigorra ordu­ra arte jasotako diru- sariaren zenbatekoaren adinako isuna izango da.

13. LANEN JABETZA

Lanen jabea Errenteriako Udala izango da. Udalak berarentzat gordetzen du ikerketak osoki edo/eta partzialki erreproduzitu, argitaratu eta plazaratzeko eskubidea, bere kabuz edo beste erakunderen baten hitzarmenez, lehentasunez Udako Euskal Unibertsitatearekin, egoki deritzonean. Beti ere, lanaren egilea edo egileak aipatu beharko ditu.

Sortutako materiala aurkeztu eta urte biko epean Udalak argitaratu ez badu, egileak edo egileek Udalari baimena eskatu beharko lioke(te) material hori erabili ahal izateko. Egileak edo egileek, Udalak oniritzia jakinarazita, jasotako bekaren aipamena egin beharko du(te) (bekaren eta beka eman duen erakun­dearen eta laguntzailearen izenak jarriz) eta Udalari argitaratutako lanaren 20 ale eman beharko dizkio.

14. GORABEHERAK

Deialdia honako oinarri hauek arautzen dute, eta bertan arautzen ez den guztirako azaroaren 17ko 38/2003 Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorra, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, aipatu dekretua garatzen duen Araudia eta aplikagarria den gainerako legedi osagarria hartuko dira kontuan.

Errenteriako Udalak eta Udako Euskal Unibertsitateak betebehar hauetan aurreikusi gabeko gorabeherak konpondu ahal izango dituzte. Era berean, beka indarrik gabe utzi ahal izango dute, onuradunak betebehar hauetako eginbeharrekoak betetzeke lagako balitu(zte).

15. IZAERA PERTSONALEKO DATUEN BABESA

Beka eskaera aurkeztean, oinarri honetan ezarritako baldintza guztiak bete egiten dituela eta oinarriek diotena goitik behera onartzen dituela aitortzen du eskatzaileak. Era berean, adierazten du, eskaeran jasotako datu pertsonal horiek bere baietzarekin jaso direla eta onartu egiten duela datu horiei tratamendu automatizatua ematea eta Errenteriako Udalarenak diren eta behar bezala baimenduta dauden fitxategietan jasotzea; eta baimena ematen du datu horiek udal kudeaketan bakarrik erabil daitezen. Hala ere, datu pertsonalak babesteko araudi orokorrean aurreikusitako kasuetan, beste administrazio publiko batzuei edo hirugarrenei datuok helarazi edo laga ahal izango zaizkie.

Copyright @ 2018 UEU -- Bisitariak: 683568

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko eta eduki eta funtzio berezituak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Argibide gehiago eskuratzeko: cookie-politika.