Deialdiak

UEUko liburuen onartze-prozesua

Protokolo zehatz eta agerikoa

Unibertsitate-argitaletxeak eta unibertsitateetako argitalpen-zerbitzuak urratsak ematen ari dira beren liburu-produkzioaren ebaluazioa kalitate-irizpideen arabera bermatzeko. UEUk ere urrats handiak eman ditu azken urteetan eta, neurri batean, horiek protokolo zehatz eta ageriko batean biltzea baino ez du bilatzen dokumentu honek. Honela, UEUn argitaratu nahi duen egileak, ziur jakingo du zein den bere liburua aztertzeko eta ebaluatzeko UEUn erabiliko den bidea, eta UEUn argitaraturiko liburua esku artean hartzen duen irakurleak argi izango du zein izan diren liburu horrek argitaratu arte pasatu dituen kalitate-iragazkiak. Prozesu honen bidez argitaraturiko liburuen kredituen orrian honako lerro hauek agertuko dira: “Liburu honek UEUren argitalpengintzako ebaluazio-prozesua gainditu du; liburuaren jakintza-alorreko bi [/ hiru] adituk ebaluatu dute jatorrizkoa, peer review erako ebaluazioan, horietako batek [/ bik] egilearen daturik ezagutu gabe (double-blind)”. 

Protokolo hau 2015ean abiarazi zen lehenengoz, eta harrezkero izaniko esperientziaren arabera moldatu da.

Noiz aurkeztu UEUn argitaratu nahi diren liburuak?

UEUk deialdi bat egingo du urtero, maiatz-ekainean, UEUn argitaratu nahi duten libururen bat idatzi duten egileek beren eskariak aurkezteko. UEUk, bere urteko argitalpengintza-plana osatzean, lehentasuna emango die epe horretan eta deialdi horretan aurkezturiko eskariei, eta UEUko Argitalpen Batzordeak urteroko azaro-abenduan zehaztuko du hurrengo urteko plana, deialdi horretan aurkezturiko proposamenak aztertu eta ebaluatu ondoren. Dena den, urte osoan ere aurkeztu ahal izango dira proposamenak, behar izanez gero, deialditik kanpo; horiek ere ebaluazio-prozesu bera izango dute.

Deialdi horretatik kanpo geratuko dira liburu-proiektuak, esan nahi baita oraindik idatzi ez diren liburuak. Horien proposamenak Unibertsitate-liburuen Sorkuntza Sustatzeko Diru-poltsen Deialdira bideratuko dira (orohar, ekainean zabalduko da urtero diru-poltsen deialdi hori eta urriaren hasierara arte izango da aurkezteko epea).

Zelan aurkeztu UEUn argitaratu nahi diren liburuak?

Amaituriko liburua UEUn argitaratu nahi duenak UEUren Liburugintzako Deialdiari itxarotea komeni da, baina, orohar, honako hauek bidali behar zaizkio UEUko Argitalpen Batzordearen idazkariari (argitalpenak@ueu.eus):

  • Egilearen edo egileen CVa, beste dokumentu batean.
  • Liburua formatu elektronikoan.
  • Liburua formatu elektronikoan, egilea identifikatzeko balioko luketen datuak ezabatuta (ebaluazio itsua egin ahal izateko).
  • Liburua paperean inprimatua. 

Zelan ebaluatuko dira UEUn argitaratu nahi diren liburuak?

UEUren Argitalpengintza Batzordearen buruak erabakiko du eskari bati dagokion ebaluazio-prozesua abiaraziko den ala ez.

UEUren Argitalpengintza Batzordeak UEUko arduradun bat izendatuko du, liburuaren jakintza-alorreko UEUkide adituen artean, ebaluazio-prozesuan sartzen den liburu bakoitzarentzat. Arduradun honen egitekoa izango da liburu horren jarraipena egitea, idazkariarekin batera, liburua UEUn argitaratu arte edo UEUn argitaratzea erabat baztertu arte; arduradun honek jakingo du zein den liburuaren egilea, baina egileak ez du jakingo zein den arduraduna, liburua UEUn ez argitaratzea erabakitzen bada. Arduradun honek bilatuko ditu, orobat, berarekin batera peer review erako ebaluazioa egingo duten aditua edo adituak (bat gutxienez, bi ahal dela); aditu hauek ez dute jakingo zein den egilea, eta egileak ez du jakingo zein diren ebaluatzaileak (double-blind).

Hala UEUko arduradunak nola eduki-ebaluatzaileek, liburuari buruzko txostena beteko dute. Horretarako, honako dokumentu hauek erabiliko dituzte:

  • UEUko arduradunaren txostena UEUn argitaratu nahi den liburuaz

            03b1 Dokumentua

  • Ebaluatzailearen txostena UEUn argitaratu nahi den liburuaz

            03b2 Dokumentua

Bestalde, UEUko hizkuntza-arduradunak liburuaren hizkuntza-kalitateari buruzko txostena egingo du.

Ebaluazio-prozesua gainditzen duten liburu guztiak argitaratuko ditu UEUk?

UEUren Argitalpengitza Batzordeak erabakiko du zein diren interesgarriak UEUrentzat eta zein sartuko dituen bere argitalpen-planean, kontuan izanik aurkezturiko liburu guztiak eta finantzabide-aukerak.

Copyright @ 2018 UEU -- Bisitariak: 683568

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko eta eduki eta funtzio berezituak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Argibide gehiago eskuratzeko: cookie-politika.