Deialdiak

Testugintzako arauak

1. Liburuek bete behar dituzten arauak

  • Originalak euskarri elektronikoan (Microsoft Word, Open Office, LibreOffice... bestelako programarik erabiliz gero, haren ezaugarriak jakinaraziko dira) eta paperean inprimaturik aurkeztuko dira (ale bi) DIN A4 formatuan eta Times letra mota erabilita.
  • Irudiak, grafikoak, taulak eta abar euskarri informatikoan aurkeztuko dira. Irudien kasuen saiatu irudi bakoitzaren PostScript-a bidaltzen.
  • Argazki-material guztiek ondoz ondoko zenbakiak izan beharko dituzte, sail bakar batean eta aurretik «irudia» hitza dutela, dagokien oinarekin eta testuan non kokatzen diren adierazten dela.
  • Egileak bere argazkia, bere datuak (lerro pare bat, solapan ipintzeko) eta liburuaren azalpena (7-10 lerrokoa, atzeko azalean idazteko) bidaliko ditu liburuarekin batera.
  • Kapitulu, atal eta azpiatalen egitura eta tamainak:
    • Liburuetako kapituluen izenburuak letra larri lodiz idatziko dira (tamaina: times 18). 
    • Atalburuak, letra xehe lodiz jarriko dira, baina erdian lerrokatuta (tamaina: times 14).
    • Azpiatalen buruek ere letra xehe lodia izango dute, baina ezkerrean lerrokatuta egongo dira (tamaina: times 12).
    • Azpiatalen barruko zatien buruak letra xehe lodi etzanez idatziko dira (tamaina: times 12).
    • Hurrengo mailako azpiatalak letra xehe etzanez emango dira (tamaina: times 12).
    • Zatiak bereziki ugari direnean zenbaki arabiarrekin joka daiteke buruaren aurrean (adibidez 1. / 1.1. / 1.2.1. / 1.2.1.2. / 1.2.1.2.1.) 
    • Times letra mota erabiltzen denean, 11 puntukoa hautatuko da testu nagusirako, 10 puntukoa aipuetarako eta 9koa oin-oharretarako. 
    • Aipuek 10 mm-ko koska eramango dute ezkerretara eta paragrafoetako lehen lerroek 5 mm-koa.
    • 1,5 lerroko tartea utziko da paragrafotik paragrafora bitartean eta 2 lerro edo gehiago atal berria hasten denean. 
  •  Letra etzana eta lodia: Gainerakoetan, ahal den gutxien erabiliko da letra lodia.
    • Letra etzana (eta ez lodia edo larria) erabiliko da zerbait bereziki nabarmendu nahi denean edo, aipua osatu gabe, beste hizkuntza batzuetako hitzak sartzen direnean euskarazko testuan.

2. UZTAROKO artikuluek bete behar dituzten arauak

Testuak euskarri elektronikoan (Microsoft Word, Open Office, LibreOffice... bestelako programarik erabiliz gero, haren ezaugarriak jakinaraziko dira) eta paperean inprimaturik aurkeztuko dira (ale bat). Testuak ondoko aurkezpen-arau hauetara egokitu beharko dira:

  • DIN A4 formatua.
  • Egilearen izen-deiturak, helbidea, telefonoa eta helbide elektronikoa, leku agerian.
  • Artikuluaren izenburuaren ondoren, egilearen izenarekin batera argitaratu nahi den aurkezpena ere zehaztuko da, adibidez: X Institutuko ikertzailea, Irakaskuntza Ertainetako irakaslea, idazlea, Y Unibertsitatea, Z Unibertsitateko irakaslea, psikologoa... Kargu ofizial eta akademikoak, zehaztu nahi badira, letra xehez idatziko dira: zuzendaria, euskaltzaina, doktorea...
  • 10-25 orrialde inguruko artikuluak argitaratuko dira (30.000-65.000 karaktere, tarte zuriak kontatuta), salbuespeneko arrazoiren bat ez bada.
  • Lanarekin batera, 100 eta 150 hitz arteko laburpena ere igorriko da, euskaraz eta ingelesez, eta izenburuaren ingelesezko itzulpena. Artikuluari dagozkion gako-hitzak ere euskaraz eta ingelesez bidaliko dira (lau gehienez).
  • Artikuluaren izenburuan, egileen aurkezpenean eta artikuluaren laburpenean ezin da oin-oharrik jarri.
  • Originalak euskara batuaz idatzirik etorriko dira eta Euskaltzaindiak emandako arauetara moldatuta. Aldizkariko hizkuntz zuzentzaileak artikuluaren hizkuntz zuzentasuna ziurtatzeko beharrezko aldaketak egiteko eskubidea izango du.

Izenburu, atal eta azpiatalen egitura

  • Izenburua, egilearen izena eta aurkezpen laburra, letra xehe lodiz (ortografiak eskatzen dituen letra larriak salbu) idatziko dira, erdian lerrokatuta (helvetica 14).
  • Atalburuak, letra xehe lodiz jarriko dira, erdian lerrokatuta (helvetica 12).
  • Azpiatalen buruek ere letra xehe lodia izango dute, baina ezkerrean lerrokatuta egongo dira eta aurrean zenbaki edota letraren bat jarrita (helvetica 11).
  • Azpiatalen barruko zatien buruak, zenbaki edota letrekin hauek ere, letra xehe etzanez idatziko dira (helvetica 11).
  • Helvetica letra mota erabiltzen denean, 10 puntukoa hautatuko da testu nagusirako, 9 puntukoa aipuetarako eta 8koa oin-oharretarako.
  • Zatiak bereziki ugari direnean, zenbaki erromatar eta arabiarrekin, eta letra larri eta xeheekin joka daiteke, buruaren aurrean (1. / 1.1. / 1.1.1. / 1.1.1.a...).
  • Hizkuntz zuzentasuna ziurtatzeko edo aldizkariaren aurkezpen-arauetara egokitzeko, onarturiko artikuluak aldaketaren bat behar izanez gero, astebeteko epea izango du egileak, Erredakzio Kontseiluaren erantzuna hartzen duenetik, testu zuzendua bidaltzeko idazkaritzara; artikulu-ebaluatzaileek eskaturiko aldaketa handiagoetarako, hilabeteko epea emango zaio egileari.
  • Argitaratu baino lehen, gutxienez behin hartuko du egileak bere artikuluaren testu maketatua, eta astebeteko epea izango du testu maketatuan behar diren zuzenketak idazkaritzari jakinarazteko.

3. Liburuek eta UZTAROKO artikuluek bete behar dituzten arauak

Tipografia
  • Testuan ahal den gutxien erabiliko dira letra lodia eta azpimarra.
  • Letra etzana (eta ez lodia edo larria) erabiliko da zerbait bereziki nabarmendu nahi denean edo, aipua osatu gabe, beste hizkuntza batzuetako hitzak sartzen direnean euskarazko testuan. Orobat erabilera metalinguistikoak.
  • Hitzez-hitzezko aipamenak alboko komatxoen artean («...») idatziko dira (Word: Alt + 174 (zabaldu) eta Alt + 175 (itxi)). Hitzez hitz aipatutako pasarteak, berez, komatxo arteko zatirik badu jatorrizko testuan, orduan beste komatxo mota bat erabili behar da. Hauxe da komatxo moten maila-antolaketa: «aaa“bbb'ccc'bbb”aaa».
  • Hitz solteen edo sintagma laburren itzulpenak emateko inprimategiko komatxo soilak erabiliko dira (‘...’), baita esanahia edo adiera azaldu nahi dutenak biltzeko ere.
  • Marratxoa (-), marra luzea (‭―) eta minus zeinua (–)bereiziko dira. Lehena hitz-elkarketetan (eguzki-erloju) eta atzizkietan (-keta) erabili ohi da; bigarrena (Word: Alt + 0151 edo Ctr + Alt + - zenbakizko teklatuan) tartekietan (―...―), eta minus zeinua (Word: Alt + 0150) zenbaki negatiboetan (–5 ºC).
  • Urteek ez dute punturik (2014ko azaroaren 15a), baina zifrek bai (2.500 €). Zifrak idazteko aukera bat baino gehiago egon arren, honako eredu honi lotuko gatzaizkio: milatik gorako zenbaki osoetan, digituak hirunaka multzokatu eta puntuz bereiziko dira; zatiki hamartarrak komaz (15.756.552,172).

Aipuak

  • Beste nonbaitetik harturiko aipamenak, luzeak direnean (hiru lerro baino gehiago), lerrokada berezian emango dira, letra zuzenez, tipo txikiagoan, ezkerreko alboan koska aterata. Itzulpena denean, jatorrizkoa eskaini nahi duenak oin-ohar batean eman dezake alboko komatxoen artean («...»). Edo nahiago bada, alderantziz.
  • Laburrak direnean (hiru lerro edo gutxiago), lerrokada bereizi gabe emango dira, letra zuzenez, alboko komatxoen artean («...»). Itzulpena denean, jatorrizkoa eskaini nahi duenak oin-ohar batean eman dezake alboko komatxoen artean («...»). Edo nahiago bada, alderantziz.
  • Laburrak zein luzeak izanik ere, aipuak oin-oharren barruan eskaini nahi direnean, lerrokada bereizi gabe emango dira, letra zuzenez, alboko komatxoen artean («...»).
  • Aipuen barruko testu zatiak kendu direla adierazteko, hiru puntu kako zuzenen barruan erabiliko dira ([...]). Testu zatiak aipamenaren hasieran edo amaieran kendu badira, ez da zertan adierazi kako zuzen edota hiru punturen bidez.
  • Aipuaren amaierako puntua lanaren erreferentziaren ostean jarriko da.

Oin-oharrak

  • Oin-oharrak orrialdearen oinaldean jarriko dira, eta ez dokumentuaren amaieran.
  • Oin-oharren bidaltze-marka puntuazio-markaren aurrean jarriko da (...idatzi zuen1.). Esaldi bat komatxoekin amaitzen bada eta ostean puntuazio-marka bat badagokio, oin-oharraren bidaltze-marka komatxoen eta puntuazio-markaren artean joango da «...idatzi zuen»1.).
  • Oin-oharretan ez da erreferentzia bibliografikorik eskainiko.

Bibliografia

Lanak honela agertuko dira, letra zuzenak, lodiak eta etzanak, xeheak eta larriak, parentesiak, komak eta puntuak hemen erakusten den moduan jarriz:

a) Liburua

Egilearen deitura, Egilearen izenaren lehen letra. (argitalpen urtea): Liburuaren izena, Argitaletxea, Edizio-tokia.

Connor, W. (1998): Etnonacionalismo, Trama, Madril..

b) Aldizkari bateko artikulua

Egilearen deitura, Egilearen izenaren lehen letra. (urtea): «Artikuluaren izenburua», Aldizkariaren izena, zenbakia, orrialdea-orrialdea.

Agirre, L. (2010): «Joxe Azurmendi: “Oso untzi hauskorreko argonautak gara euskaltzaleok”», Hegats, 45, 183-214.

c) Bilduma bateko, kongresu bateko agiri-liburuko edo halakoetako artikulua

Egilearen deitura, Egilearen izenaren lehen letra. (urtea): «Artikuluaren izenburua», in Editorearen izenaren lehen letra. Editorearen deitura (arg., ed., zuz., koor. [hala badagokio]), Bildumaren izena, Argitaletxea, Edizio-tokia, liburukiaren zenbakia, orrialdea-orrialdea.

Agirrebaltzategi, P.(1998): «Euskararen aldeko mugimendu sozialen zeregina etorkizunean», in J. Intxausti (ed.), Hizkuntzen aldeko mugimendu sozialak, UPV-EHU, Leioa, 185-210.

Liburu edo artikuluari buruzko oharrik eskaini behar denean, kako zuzenen artean emango da [...], adibidez faksimilea dela argitzeko, berrargitalpen bat dagoela esateko, argitaratzear dela zehazteko, itzulpena denean jatorrizkoaren izena emateko...

Aipaturiko dokumentua modu elektronikoan ere eskuragarri denean, angelu artean zehaztuko da helbide elektronikoa gainerako informazioaren ondoren:

Dokumentua soilik modu elektronikoan eskura daitekeenean, honela aurkeztuko da:

Egilearen deitura, Egilearen izenaren lehen letra. (argitalpen-urtea): Dokumentuaren izena, (Kontsulta: urtea-hilabetea-eguna).

Miyagawa, S. (2011): Agreements that occur mainly in the main clase,   (Kontsulta: 2014-05-01).

Dokumentuak beste euskarri batzuetan argitaratu direnean (zinta magnetiko, CD-rom...), irizpide berak erabiliko dira, baina amaieran euskarria zein den adieraziko da kako zuzenen artean [...].

Hurrenkera alfabetikoan eskainiko da bibliografia, egileen deituren arabera. Egile baten lan bat baino gehiago agertzen denean, aurrenekoan idatziko dira izen-deiturak eta hurrengoetan marra luze bat emango da hauen lekuan, eta komaren ondoren urtea.

Egile beraren lanak hurrenkera kronologikoan eskainiko dira, zaharrenetik hasita; urte batean lan bat baino gehiago baldin baditu (urteaa)izango da lehena, (urteab) bigarrena, (urteac) hirugarrena...

  • Egile biren artean idatzitako lanak honela aurkeztuko dira:

Egilearen deitura, Egilearen izenaren lehen letra. eta Egilearen deitura, Egilearen izenaren lehen letra. (urtea):

Amonarriz, K. eta Arruti, I. (1998): «Euskararen aldeko Mugimendu Sozialak gaur egun», in J. Intxausti, Hizkuntzen aldeko mugimendu sozialak, UPV/EHU, Leioa, 147-184.

  • Hiruren artean idatzitakoak honela:

Egilearen deitura, Egilearen izenaren lehen letra.; Egilearen deitura, Egilearen izenaren lehen letra. eta Egilearen deitura, Egilearen izenaren lehen letra. (urtea):

Taulé, M.; Martí, M. A. eta Recasens, M. (2008): «Ancora: Multilevel Annotated Corpora for Catalan and Spanish», in Proceedings of 6th International Conference on Language Resources and Evaliation (LREC), Marrakech, Maroko.

  • Hiru egile baino gehiago direnean, lau era hauetako batean aurkeztuko dira:

Egilearen deitura, Egilearen izenaren lehen letra. eta beste (urtea):

Egilearen deitura, Egilearen izenaren lehen letra. et al. (urtea):

Zenbaiten artean, (urtea):

Varii, (urtea):

Oin-oharretan ez da fitxa bibliografikorik eskainiko. Bibliografian sartu nahi ez den zerbait aipatzeko noizbait horrela egin nahi bada, lehenengoz agertzen denean aipatuko da osorik aipatu beharrekoa, eta hurrengoetan bibliografian balego bezala jokatuko da, edo op. cit., ibidem... eta halakoez baliatuz, testu nagusian beti ere, ez oin-oharretan.

Ekidin daitekeen ohar-gehiegikeria saihestearren, egin behar diren bibliografia-aipamenak ahal dela testu nagusian sartuko dira, parentesi artean, egilearen deitura (egilearen izena diskurtsoaren parte ez denean), argitalpen-urtea eta bi puntuen ondoren orrialdea(k) zehaztuz adibidez: (Mitxelena, 1961: 45) edo (Mitxelena, 1961: 45-70). Egilearen izena diskurtsoaren parte denean, soilik argitalpen-urtea eta bi puntuen ondoren orrialdeak idatziko dira parentesi artean. Orrialde-zenbakirik ez da jarriko, erreferentzia lan osoari badagokio, adibidez: (Mitxelena, 1961).

Erreferentzia bat baino gehiago eman behar badira, puntu eta komen artean bereiziko dira, eta kronologikoki antolatuta zaharrenetik berrienera.

Inolako gaztigurik gabe erabil daitezke arlo bakoitzean ohizkoak diren bibliografia-laburdurak. Bestelakorik erabili behar denean lehenengoz erabiltzen denean jakinaraziko da bakoitzaren esanahia; asko direnean artikulu-bukaerako zerrenda batean bil daitezke. Arruntak ez diren sinbolo edo diakritikoak erabiltzen direnean, hauen zerrenda erantsiko zaio artikuluari maketatzailearen lana errazteko.

Irudiak, argazkiak eta taulak

Gaiarekin zerikusia duten argazkiak, taulak eta irudiak (ilustrazioak) sartu ahal izango dira. Euskarri informatikoan entregatuko diren irudiek honako ezaugarri hauek izan beharko dituzte:

  • Gutxieneko bereizmena: 300 pp-tik gora, gutxieneko kalitatea ziurtatzeko.
  • Irudiaren neurria: 10 x 10 cm-tik gorakoa.
  • Artxiboaren formatua: TIFF, EPS edo JPG izango da.

Testu barruko aipamenak erraztearren, zenbatuta joango dira: 1. taula, 2. taula... Orobat adibideak, ugari direnean: (1), (2), (3a), (3b).

Inprimatzeko orduan zuri-beltzean agertuko dira. Era berean, argazki guztiek ondoz ondoko zenbakiak izan beharko dituzte, aurretik edo atzetik ‘irudia’ hitza (edo horren laburdura) dutela, dagokion oinarekin eta testuan non kokatzen den adierazten dela.

Izan ere, argazkien oinetan, irudiak norberarenak ez badira, ilustrazio horien autorea nor den esan behar da edo behintzat irudien iturria aipatu, hau da, liburua, aldizkaria, katalogoa edo artxiboa den. Hona adibide batzuk:

  • 2. irudia. Bilbao aldizkaria, 214. zk., 2007ko maiatza, 10. or.
  • 3. irudia. Euskomedia Fundazioa. Eusko Ikaskuntza.
  • 4. irudia. Hirigintzako artxiboa, Bilboko Udala (dokumentuaren espedientea eta zenbakia zehaztuko dira, bai eta urtea ere, ahal bada).

Copyright @ 2018 UEU -- Bisitariak: 683568

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko eta eduki eta funtzio berezituak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Argibide gehiago eskuratzeko: cookie-politika.