Deialdiak

Humanitate digitalen inguruko euskarazko ikerketa sustatzeko deialdia 2019

Deskribapena: Udako Euskal Unibertsitateak (UEU), Euskal Wikipediako Kultur Elkartearen (EWKE) laguntzarekin, humanitate digitalen inguruko euskarazko ikerketa sustatzeko eta euskarazko datu libreen sorkuntza, elkartrukea eta zabalpena bultzatzeko asmoz honako ikerketa-deia egiten du.

Dokumentuen digitalizazio masiboarekin, sare sozialen eztandarekin eta hizkuntz teknologien hedapenarekin arloen arteko lankidetza abiadura biziz garatzen ari da. Esparru bien artean eremu berriak ere ireki dira ikerketari eta berrikuntzari begira. Pasa den ekainaren 26an UEUk antolatu zuen “Humanitate digitalak: aukerak, erakundeen rol berriak eta elkarlana jardunaldia izan zen deialdi hau antolatzeko motibazioa. Bertan giza- eta gizarte-zientziak ikertzeko hainbat bide berri proposatu ziren, horietako asko gainera, Wikipedia edota Wikidatarekin lotuta daude. Bi plataforma horietan humanitatetei buruz datu andana (big data) lizentzia libreekin jaso edota modu grafikoan erakutsi baitaitezke. Jardunaldiko aurkezpenen bideoak lagungarri izan daitezke lantzeko bide berriak aurkitzeko.

.

Deialdiaren ezaugarriak:

  • Proiektua, azterlana eta memoria euskaraz burutuko dira.
  • Ikerketa-lanaren iraupena gehienez 8 hilabetekoa izango da, diru-poltsa esleitzen den egunetik hasita.

  • Ikerketa-lanak originala eta argitaratu gabea izan behar du.

  • Ikerketaren helburua wikimedia proiektu bat edo gehiago erabili eta indartzea izango da.
  • Ikerketaren emaitza gisa txosten bat eta gutxienez euskarazko artikulu zientifiko bat (Uztaro, Ekaia, Euskarazko Hedabideen Urtekaria, Kondaira...) sortu beharko dira.

  • Horrez gain, ezagutza librea sortu, elkartrukatu edota zabaltzeko asmoa duten datuak edota programak sor litezke, beti lizentzia libreekin zabaltzeko modukoak.

  • 5.000 euroko 2 diru-poltsa aurreikusten dira.

  • Eskaerak eta gainontzeko agiriak aurkezteko epea 2019ko urriaren7tik urriaren 25era arte egongo da zabalik, biak barne. UEUko webgunearen bidez aurkeztu beharko dira.

.

Adibide batzuk:

  • Ahotsak.eus webgunean milaka audio eta transkripzio gordetzen dira. Transkripzio horietako lexemak Wikidatarekin elkartu daitezke, hitz bakoitzaren aldaerak jasoz, euren ahoskera eta transkripzio fonetikoarekin. Honela, makinen euskararen ulermena hobetuko da. Ahotsak.eus atarian hainbat Terabyte dute bideotan, baina 3 Mbyte baino ez dago transkribatuta.
  • Wikipediak eta Wikidatak milioika datu biltzen dituzte. Horien bisualizazioa egiteko tresnak badaude, baina euren balio pedagogikoa handiagoa izan daiteke, artikuluak eta ezagutza modu bisual batean eskainiz. Euskal Wikipediako blogean bi artikulutan azaltzen da nola bildu kultur ondasunari buruzko datu andana (Ondarea ezagutaraztea eta babestea ere wikilarion lana da) edo nola erabili Wikidata herriko ondasunak ikasteko edo bertsolarien banaketa urteetan zehar edo geografikoki (Humanitate Digitalak eta Wikidata).
  • Euskal prentsan landu diren gaien mapa bat egin daiteke, libreak diren testu digitalizatuak hartuz eta gaika antolatuz. Wikiteka indartzeaz gain gai horien inguruan idatzi dena ikustarazteko aukera ematen du, erreferentziak eta kontestu handiagoa emanez.
  • Wikipediako biografien %17 baino ez dira emakumezkoenak. Beste entziklopedia batzuekin alderatuz kopuru handia da, baina oraindik ere genero desparekotasun bat erakusten du. Arlo ezberdinetan dauden emakumeak ondo bisibilizatuak dauden edo ez ikertu daiteke.
  • Arloko zenbait proiektu Oxford Unibertsitatean: http://podcasts.ox.ac.uk/wikimedia-wikipedias-sister-projects-platforms-digital-humanities
  • Erabili daitezkeen Wikidata-tresna batzuk: https://www.wikidata.org/wiki/Wikidata:Tools

.

Jasotzaileak:

  • Ikerketa-lana nagusiki norbanakoei zuzenduta dago, baina lantaldeek ere jaso ahal izango dute. Edozein kasutan ikerlanaren zuzendari arduradun bat agertu beharko da.

  • Diru-poltsa jaso ahal izateko ezinbestekoa da unibertsitate mailako gradua (edo baliokidea den titulua) gaindituta izatea. Taldeen kasuan, partaide guztiek bete beharko dute baldintza hori.

  • Eskatzaileek beren euskara gaitasuna frogatu beharko dute EGA edo baliokide den titulu edo ziurtagiri bidez.

.

Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

  1. UEUko formularioa behar bezala beteta.

  2. Eskatzailearen curriculum vitaea behar bezala beteta, Udako Euskal Unibertsitateak prestatutako ereduaren arabera, eta curriculum vitaean adierazitako titulazioen eta merituen egiaztagiriak. Lantaldeen kasuan, partaide guztienak.

  3. Proiektuaren zehaztasunak, ahalik eta zehatzena (6 orrialdekoa gehienez), ondokoak azalduz: Lanaren ikerketa esparrua; Aurrekariak eta gaiaren gaur egungo egoera; Ikertzailearen edo taldearen aurreko esperientzia; Helburuak; Materialak, baliabideak eta lan metodologia; Lana garatzeko kronograma; Aurreikusitako emaitzak eta horien interesa; Euskarazko ezagutza librea sortu, erabili, elkartrukatu edota zabaltzeko gaitasuna; Bestelako finantzabideak, baldin eta baleude.

  4. Zuzendariaren espediente akademiko laburra.

  5. Dirulaguntzaren eskaeraren xede den jarduerarako beste dirulaguntzarik eskatu edo lortu bada, beste erakunde edo instituzio batzuetan jarduera berbererako egindako dirulaguntza eskabideen zerrenda, edo, hala balegoke, jasotako dirulaguntzena, bakoitzaren zenbatekoa eta helburua zehaztuta.

  6. Eskatzailearen euskara gaitasuna frogatzen duen dokumentua: EGA edo baliokide den titulua edo ziurtagiria. Lantaldeen kasuan berdin, partaide guztiek frogatu beharko dute aipatutako gaitasuna.

Argibideetarako helbide hau erabil daiteke: komunikazioa@ueu.eus

.

Ordainketa eta zuriketa: diru-poltsaren ordainketa modu honetan egingo da, izapide administratiboak burutu ondoren:

  • Kopuru osoaren %60a, esleitzen den une berean, aurreordainketa moduan.

  • Gainontzeko %40a, ikerketa-lanaren bukaeran, lana aurkeztu (artikulu zientifikoaren lehen bertsioa barne) eta epaimahaiak ontzat eman ondoren.

.

Balorazio-irizpideak:

  • Eskatzailearen eta zuzendariaren CVa

  • Proiektuaren egokitasuna (humanitate digitalak eta ezagutza librea), irismena, kalitate teknikoa eta egingarritasuna

  • Euskarazko ezagutza librea sortu, erabili, elkartrukatu edota zabaltzeko gaitasuna

Copyright @ 2019 UEU -- Bisitariak: 683568

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko eta eduki eta funtzio berezituak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Argibide gehiago eskuratzeko: cookie-politika.