Udako Ikastaroak :: Estatistika

Eguneroko estatistikaren oinarriak: errealitatea manipulatzeko (edo horretaz konturatzeko) teknikak.

  • Izaera: Presentziala
  • Ordu kopurua: 10.00 ordu
  • Matrikula-epearen hasiera: 2015(e)ko maiatzaren 25a
  • Matrikula-epearen bukaera: 2015(e)ko uztailaren 5a

Hiru gezur-mota daude: gezurrak, gezur madarikatuak eta estatistika. Izan ere, estatistikaren erabilera maltzurrari edo okerrari esker edozein hipotesi froga daiteke. Ikastaroaren irakasleak berak umeak zikoinek ekartzen dituztela baieztatzen duen eredu matematikoa argitaratu zuen, eta oraindik inork ez du teoria ezeztatu. Badaude adibide larriagoak: 2010ean C. Reinhart eta K. Rogoff Harvard-eko ekonomialariek austeritate politikak zuritzeko erabili den analisi matematikoa aurkeztu zuten: azken urteotan eragin gehien izan duen analisi ekonomikoa. Geroago frogatu zen ereduak akats larriak zituela: datuak baztertu zituzten, estatistika era zalantzagarrian erabili zuten eta... Excel kalkulu-programa gaizki kodetu zuten (!).

Ikastaro honetan estatistikaren oinarriak aztertuko dira, (ia) zerotik hasita. Estatistika ulertzeko tresna errazak emango dira, eta datuak grafikoetan zein mapetan irudikatzeko gakoak irakatsiko dira. Beti ere ikuspuntua praktikoa izango da: zergatik da beharrezkoa estatistika ulertzea? Zeintzuk dira estatistikaren funtsezko oinarriak? Nola egin daiteke iruzur datuekin? Nola identifikatu (edo nola egin) mapa eta grafiko manipulatuak?

Irakaslea

  • Josu Lopez Gazpio

    Kimikan doktorea, zientziazalea, UEUko kimika sailburua eta zientzia-dibulgatzailea. Tolosaldeko Atarian, Zientzia Kaieran eta Ekosferan kolaboratzen du. zientziarentalaia@gmail.com

    Twitter: @Josu_lg

Helburuak

  • Estatistikaren oinarri-oinarrizko kontzeptuak ezagutzea.
  • Ohiko akats estatistikoak identifikatzeko tresnak ezagutzea.
  • Grafikoetan eta mapetan irudikatutako datuak interpretatzen jakitea.
  • Datuak grafikoetan eta mapetan irudikatzen jakitea (Excel eta Google Fusion Tables erabiliko dira, besteak beste).

Edukiak

Estatistikaren oinarriak.

  • Maiztasunak, zentralizazio-neurriak, sakabanatze-neurriak.

Datuen adierazpen grafikoa.

  • Histogramak, barra diagramak, sektore grafikoak.
  • Nola aukeratu grafiko (des)egokiena?

Korrelazioa eta erregresioa.

  • Korrelazioen egokitasuna; korrelazioa eta kausalitatea.
  • Simpson-en paradoxa.

Datuen adierazpen grafikoa mapak erabiliz.

  • Mapa koropletikoak; Nola egin mapa egokiak?
  • Nola erabili mapak iruzur egiteko?

Akats estatistikoak.

  • Ohiko akats estatistikoak.
  • Datuen, grafikoen eta mapen egokitasuna ziurtatzeko arauak.

Estatistika eta hauteskunde-sistemak.

  • D’Hont-en legea (eta bere mugak).
  • Alabamako paradoxa; Gerrymandering-aren adibideak.

Metodologia

Ikastaroa nagusiki praktikoa izango da. Irakaslearen azalpenak adibide praktikoetan oinarrituko dira. Ariketa gehienak ordenagailuz egingo dira.

Nori zuzendua

Estatistikari buruzko ezagutzarik ez duen edonori. Eguneroko bizitzan ikusten diren zenbakiak, datuak, grafikoak, mapak, inkestak eta abar hobeto ulertu nahi dituen edonori. Estatistika ez jakiteagatik engainatua izan nahi ez duen edonori. Estatistika ez dakitenei engainatzeko datuak, grafikoak eta mapak manipulatu nahi dituen edonori.

 Aurreko ezagutzarik izatea ez da beharrezkoa baina Excel programa ezagutzea lagungarria izango da.

Matrikulaziorako argibideak

  • Matrikulatu aukera sakatu (goian dago, izenburuaren azpian) eta bertan agertutako zaizun fitxa bete.
  • Matrikula-orria bete ondoren, zure posta elektronikoan mezu bat jasoko duzu, matrikulazioa eta ordainketaren inguruko argibideekin.
  • Ez baduzu mezurik jasotzen, akatsen bat egon da. Horrela bada, jarri gurekin harremanetan: 943 82 14 26, i.iciar@ueu.eus, (Irati).
  • Hemen UEUren matrikulazio-araudi orokorra.

Oharrak

Eusko Jaurlaritzaren sare publikoko irakasleen homologaziorako prozeduran aurkeztu dugu ikastaro hau, ebazpenaren zain.

Etiketak

ikastaroa, Eibar, mapak, korrelazioak

Copyright @ 2019 UEU -- Bisitariak: 683568

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko eta eduki eta funtzio berezituak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Argibide gehiago eskuratzeko: cookie-politika.