Udako Ikastaroak :: Arkitektura, Eraikuntza

Hiria. Pertsonak. Memoria(k).

  • Izaera: Presentziala
  • Ordu kopurua: 10.00 ordu
  • Matrikula-epearen hasiera: 2014(e)ko maiatzaren 12a
  • Matrikula-epearen bukaera: 2014(e)ko uztailaren 13a

Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak homologatutako ikastaroa.

Etxe, kale, plaza eta eraikin publikoak gure bizipenez blai daude, ohiturez, sentimenduez, … Osagai ukiezin horiek dira hirien alderdi eraikiaren euskarri, eta sarritan ahantziak izaten dira interes espekulatiboen mesedetan. “Pertsona” aldagaia hirigintzaren ekuaziotik ezabatzeak eragindako ondorioak jorratu nahi ditu ikastaro honek eta, halaber, giza pertzepzio eta memorien tokia aldarrikatu hirien diseinu-prozesuetan.

Helburu horiekin, lehendabizi estratu bidezko hirigintza motela eta tabula rasa ereduak konparatuko dira. Gainera, azken eredu honen hainbat ondorioren inguruko eztabaida sortaraziko da (lo-hiriak, baserriaren idealizazioa, memorialak, tokian tokiko arkitekturak, …). Ondoren, ikastaroko kide bakoitzak bere hiriko pertzepzioa lantzeko ariketa praktikoa jorratuko du, irakasleen laguntzaz.

Bigarren atalean, “pertsona” aldagaia hirien diseinura itzultzeko aukerak proposatuko dira. Horretarako, ondare ukiezinaren eta prozesu parte-hartzaileen inguruan hitz egingo da, norberak bere herria nola bizi duen ulertzen lagunduz eta aipaturiko prozesuak sustatzen dituzten kolektibo batzuk ezagutuz. Amaitzeko, kontzeptu guzti hauek praktikan jartzen dituen proiektu bat azalduko da.

Ikastaroaren inguruko informazio osagarria: https://www.facebook.com/hiria.pertsonak.memoriak

Irakasleak

Helburuak

  • Pertsonak, oroimenak eta sentimenek hirian duten esanahiaren inguruan hausnartzea.
  • Egungo hiri-ereduak zalantzan jartzea.
  • Norberak hiriarekiko dituen sentimenduak identifikatzea eta hauek hiriaren diseinuan izan dezaketen eginkizuna ulertu eta lantzea.
  • Hirien diseinurako eredu ezberdinak ezagutzea, prozesu parte-hartzailea sakonduz.

Edukiak

  • “Pertsona” aldagaia. Pertsonak hiria bizi eta sentitu egiten du —pertzepzioak eta memoriak—. Aldagaiaren ahanztura hirigintzan.
  • Hirigintza eredu berrien —tabula rasa— eta motelen —estratu bidezkoak— arteko konparaketa.
  • Mintzagaiak: Tabula rasa ereduen ondorioetatik sortutako egungo adibideen inguruko elkarrizketak. Ikastaroko parte-hartzaileek aukeratu ahal izango dute proposaturiko mintzagaien artean zeintzuk jorratu.
  • Italo Calvinoren “Hiri ikusezinak” liburutik abiatutako hirien interpretazioa.
  • Ondare ukiezina: norberaren eta taldearen toki-pertzepzio eta memoriak.
  • Mapa-kolaboratzaileak.
  • Prozesu parte-hartzaileak hirigintza tresna gisa.
  • Landutakoa abian jarriz: Trapagaraneko San Andres auzoaren biziberritzea.

Metodologia

Ikastaroa azalpen teoriko eta ariketa bidez jorratuko da, landutako alde teorikoak ariketa praktikoekin eta mahai-inguruekin indartuz. Ariketa praktikoen helburu nagusia talde-gogoeta bultzatzea da. Amaitzeko, ikastaroan zehar landutako gaiak praktikan jartzen dituen proiektu-adibide bat azalduko da.

Nori zuzendua

Hirigintza mundura hurbildu nahi duen edonori. Aztertuko diren gaiak interes zabalekoak dira, norberaren hiriaz eta orokorrean sortze prozesuaz interesa dutenei zuzendua. Ez da hirigintzan jakituna eta trebatua izan behar ikastaroan parte hartzeko.

Matrikulaziorako argibideak

  • Matrikulatu aukera sakatu (goian dago, izenburuaren azpian) eta bertan agertutako zaizun fitxa bete.
  • Matrikula-orria bete ondoren, zure posta elektronikoan mezu bat jasoko duzu, matrikulazioa eta ordainketaren inguruko argibideekin.
  • Ez baduzu mezurik jasotzen, akatsen bat egon da. Horrela bada, jarri gurekin harremanetan: 943 82 14 26, i.iciar@ueu.org, (Irati).
  • Hemen UEUren matrikulazio-araudi orokorra.

Oharrak

Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Unibertsitateko Zuzendari Nagusiaren uztailaren 29ko 390/2014 ebazpenaren bidez irakasleen formaziorako homologatutako ikastaroa da.

Babesleak

Etiketak

Iruñea, udako ikastaroak, hiri-ereduak, hiri-diseinua, hirigintza, tabula rasa

Copyright @ 2019 UEU -- Bisitariak: 683568

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko eta eduki eta funtzio berezituak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Argibide gehiago eskuratzeko: cookie-politika.