Udako Ikastaroak :: Kimika

2011 Kimikaren Nazioarteko Urtea

  • Izaera: Presentziala
  • Ordu kopurua: 15.00 ordu
  • Matrikula-epearen hasiera: 2011(e)ko maiatzaren 9a
  • Matrikula-epearen bukaera: 2011(e)ko uztailaren 10a

Ikastaroan erabilitako materiala eskuragarri dago Unibertsitatea.net atariko Otarrean. Ikusi hemen 'Fijitu-olioarekin biodiesela egiten' esperimentuaren bideoa.

Ikastaro honi 18 ordutako Balio Akademikoa aitortuko zaio.

Kimikaren Nazioarteko Urtea izendatua da aurten. Gure ikastaroan, kimikak egiten dizkigun eguneroko agerpenez hausnartu nahi dugu, eta horretarako hiru gai aztertuko ditugu, bakoitza bere neurrian. Batetik, Lur planetak duen arazo globalari buruz arituko gara, kimikak eta politika energetikoak berotegi-efektua sortzen dutela baieztatzeko orduan. Bestetik, Euskal Herrian industria kimikoak duen garrantzia eta presentzia nabarmenduko dugu, horretarako Cikautxo lantegira bisita egin eta bertan ekoizten diren elastomeroak ikusiko ditugu. Azkenik, eguneroko bizitzan guztiok “birziklatzen” dugun olio erabiliari buruz hitz egingo dugu, frijitzeko olioari buruz, alegia. Berau transesterifikatu ondoren, biodiesela lor daiteke. Gure ikastaroan Eibarko Udalak batzen duen olio erabiliaren kantitatea aztergai izango dugu eta bilketa eraginkorragoa izateko neurriak proposatuko dira.

Irakasleak

  • Eneritz Anakabe Iturriaga

    Zientzia kimikoetan doktorea. UPV/EHUko irakasle eta ikertzailea. UEUko kidea.

  • Sonia Arrasate Gil

    Zientzia Kimikoetan doktorea. UPV/EHUko irakasle eta ikertzailea. UEUko kidea.

  • Maite Artetxe Pujana

    Kimikan lizentziatua. Doktorego ikerlaria (polimeroak). XV.CAF-Elhuyar 3. sariduna izan zen. UEUko kidea.

  • Gorka Bueno Mendieta

    Telekomunikazioetan doktorea, UPV/EHUko irakaslea eta ikertzailea. UEUko kidea.

  • Jacinto Iturbe Barrenetxea

    Kimikan doktorea. Ingurumenaren kimika fisikan aditua. UEUko kimika saileko partaidea. UPV/EHUko irakaslea.

  • Fernando Mijangos Ugarte

    Kimikan doktorea. UPV/EHUko irakaslea. UEUko kidea.

  • Leyre Perez Alvarez

    Kimikan doktorea eta EHUko ikertzailea. Dibulgazio artikulu bati esker XV.CAF-Elhuyar 3. sariduna izan zen. Mikrogel arloan nazioarteko aldizkarietan zenbait artikulu argitaratu ditu.

Helburuak

Kimika entretenigarria dela erakustea. Kimika gure eguneroko bizitzan agertzen dela eta egunerokoa baldintzatzen duela eztabaidatzea. Kimikak duen garrantziaz jabetzea.

Edukiak

Lehenengo egunean Lurraren eta Eguzkiaren arteko energia-balantzea aztertuko da, Eguzkiak Lur planetaraino bidaltzen duen energia eta Lurrak tenperatura konstantea mantentzeko irradiatzen duena kontuan hartuz. Lurrak duen batez besteko tenperatura global “goxoa” berezko berotegi-efektuari sor zaio, baina oreka apurkor hori antropogenikoki aldarazten ari da. Gure energia-iturriek eta politika energetikoek badute, noski, zer esanikhorretan. Azken finean, zer aldatu da Copenhagetik Cancunera? Goiz osoko jarduera honetan Jazinto Iturbek eta Gorka Buenok euren ikuspuntua emango digute, ikuspuntu kimiko-fisikoa zein energetikoa entzuleekin partekatuz eta eztabaidatuz.

Bigarren egunean, elastomeroak, plastiko elastomerikoak zer diren, zer ezaugarri nagusi dauzkaten eta nola ekoizten diren Eibarko ikasgelan azaldu ondoren, Cikautxo lantegira (Ondarroatik hurbil) bisitan joango gara, ekoizten dituzten pieza elastomerikoak ikusteko asmoz. Arropa-garbigailu guztiek danborraren ondoan duten plastikozko pieza horietaz Leire Perezel eta Maite Artetxek emango digute oinarrizko informazioa, gero bisitan disfrutatu ahal izateko.

Hirugarren egunean, olio erabiliaren bilketa eta transesterifikazioari buruz arituko gara, olio erabilia biodiesel bihurtzeko. Eibarren dagoen biztanleria kontuan hartuz zenbat olio erabili batu ahalko zen eta zenbat batzen den kalkulatuko dugu. Horretarako olioak zer diren, nola bihurtu ahal diren biodiesel erreakzio kimiko bati esker, eta zenbat frijitzekoolio hondakin gisa harraskatik botatzen den aditzera emango digu Estibaliz Olivaresek. Saio teoriko esperimentala egin nahi dugu eta gure kalkuluen emaitzak Eibarko Udalari aditzera eman nahi diogu, zertan hobetu ahal den proposatzeko. Agian energia aurrezteko abiadura 120tik 110era jaitsi baino eraginkorragoa izan daiteke olio erabiliak biodiesel bihurtzea.

Metodologia

Metodologia parte-hartzailea izango da, teoria, praktika eta irteera batera uztartuz. Ohiko ikasle/irakasle rolak gaindituko dira guztiok iritzia eman ahal izateko. Zenbat buru, hainbat aburu.

Talde txikia izateak lagunen artean aritzeko aukera ematen digu eta nor bere neurrian subjektu aktibo bilakatuko da.

Zientzialariak iritzi kontrajarriak eztabaidatzeko parada izango dugu.

Nori zuzendua

Ikastaro honen izenburuan kimika agertzen den arren, horrek ez du esan nahi kimikariontzat soilik denik, entzuleria zabal bati zuzenduta dago. Dibulgazio mailan arituko gara eta gurekin etorri nahi duenari bidea erraztuko diogu.

Berotegi-efektua zertan datzan jakin nahi duenarentzat, industria kimiko bat bertatik bertara ikusi nahi duenarentzat, olio erabiliarekin zikindu nahi ez duenarentzat dago diseinatuta ikastaro hau. Ongi etorriak zarete zuek guztiak, Kimikaren Nazioarteko Urte honetan kimikaz gozatzera.

Egitaraua

2011-07-18

Ordua Edukiak Irakaslea
09:00-11:00

Zenbat energia ematen digu Eguzkiak?

11:00-11:30

Atsedena. Mokadua.

11:30-13:00

Politika energetikoak.

12:30-13:00. Eztabaida.

2011-07-19

Ordua Edukiak Irakaslea
09:00-10:00

Polimero elastomerikoak. Ezaugarriak.

10:00-14:00

Irteera: Berriatuako Cikautxo lantegira.

2011-07-20

Ordua Edukiak Irakaslea
09:00-11:00

Zer dira frijitu olio erabiliak. Biodiesela lortu daiteke eurekin? Muntaia esperimentala.

Ikusi esperimentuaren bideoa

11:00-11:30

Atsedena. Mokadua.

11:30-13:00

Zenbat olio erabilia batzen da Eibarren? Zenbat batu beharko zen? Zer egin ahal dugu bilketa eraginkorragoa izateko?

Matrikulaziorako argibideak

  • Matrikula orria bete ondoren, zure posta elektronikoan mezu bat jasoko duzu, matrikulazioaren inguruko argibideekin.
  • Ez baduzu mezurik jasotzen, akatsen bat egon dela adierazten du. Horrela bada, jarri gurekin harremanetan: 943 82 14 26, i.iciar@ueu.org (Irati)

Etiketak

udako, ikastaro, eibar, Kimika liluragarria, kimika entretenigarria, energia politika, berotegi efektua, industria kimikoa, birziklapena, Cicautxo

Copyright @ 2019 UEU -- Bisitariak: 683568

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko eta eduki eta funtzio berezituak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Argibide gehiago eskuratzeko: cookie-politika.