Udako Ikastaroak :: Ikuskizunak, Pedagogia

Dantza tradizionala, bake-kultura elikatzeko baliabide eraginkorra.

  • Izaera: Presentziala
  • Ordu kopurua: 15.00 ordu
  • Loa eta otorduak: Loa: 18.20 € / eguneko
  • Matrikula-epearen hasiera: 2010(e)ko maiatzaren 10a
  • Matrikula-epearen bukaera: 2010(e)ko ekainaren 27a

Bake-kultura. Lehentasunezko balio handia, gaurko gizartean. Bake-kultura elikatu nahi da, indartu, zabaldu, errotu.

Bake-kultura elikatzeko baliabideen artean badago bat, gertukoa, erraza, arina, dibertigarria, erakargarria, merkea… eta zinez eraginkorra: dantza tradizionala. Hori bai, eraginkorra bezain ezezaguna da. Bakegintzarako ikuspegiaz erabili gabea.

Irakaslea

  • Patxi Montero Sanz

    Euskal Herriko eta Europako dantza tradizionalen irakaslea. Giza balioen eta bake-kulturaren heziketan aritua. UEUko kidea.

Helburuak

  • Dantza tradizionala deskubritzea, bake-kultura elikatzeko baliabide zinez eraginkor bezala.
  • Baliabide hau helburu horretarako erabiltzen ikastea.

Edukiak

Alde teorikoa:

  • Zergatik da dantza tradizionala bake-kultura elikatzeko baliabide eraginkorra? Zertan da eragin hori?
  • Nola erabili baliabide hau? Erabilgarritasun ereduak.
  • Orientabide praktikoak.

Alde praktikoa:

  • Dantza: aukeratutako dantza tradizionalen bilduma ezagutu, ikasi eta gozatzea. Arrazoi politiko edo ekonomikoak direla, gaur egun topikoz eta aurreiritziz hartzen ditugun hainbat herrialdetako dantzak landuko ditugu (hamabost dantza inguru).
  • Proposatzen den metodoa esperimentatu nor bere baitan (bizipena).
  • Ebaluazioa, eta emaitzen azterketa taldean.

Metodologia

  • Jarduera honek sentipenean izan nahi du eragina. Horregatik, batez ere praktikoa izango da. Praktikoa, parte-hartzailea eta ludikoa.
  • Jarduera, dantza egitean datza. Zati handi batean, animazio-ekintza baten itxura izango du: dantza bakoitza labur azaldu, eta dantzatu, tokian tokiko musiken laguntzaz. Horrela, bata bestearen atzetik, erritmo lasai baina animatuan.
  • Dantza bakoitzaren aurretik haren jatorria azalduko da (herrialdea edo kultura), haren esanahia, zein egoeratan dantzatu ohi den…
  • “Hitzen beharrik gabe”: berezitasun hau erakustea izango da helburu nagusia. Interesatzen zaigu ikasleek beraiek esperimentatzea ez dagoela hitzen beharrik dantzaren bitartez eragina lortzeko.
  • Horregatik, benetako egoeran bageunde bezala jokatuko dugu. Diskurtsoetan sartu gabe, dantzan egingo dugu, une ludikoa gozatu, eta utzi, dantzek euren lana egin dezaten (euren edertasunaz menpera gaitzaten).
  • Izaera ludikoa: lortu nahi den lehenbiziko emaitza, gozatzea da, ondo pasatzea. Azken helburua (bake-kultura elikatzea), berez etorriko da.
  • Aldi berean, jakina, ikasleek dantzak ikastea da helburua, nork bere esparruan erabili ahal izateko gero. Hori horrela, dantzak barneratzeko estrategia egokia erabiliko da.
  • Ikastaroaren azken saioan etorriko da teoria, dantzak ikasten amaitutakoan: ikastaroko esperientzia baloratuko dugu, emaitzak, baliabide hau nola erabili, baliabide ludiko bezala erabiltzeko aukera…
  • Normalean, ikastaroaren amaieran ikasleak gai izango dira dantza guztiak (edo gehienak) euren kabuz dantzatzeko.
  • Material osagarria: ikasitako dantzen bilduma (audioa); dantzak bideoz grabatzeko aukera.

Nori zuzendua

Bake-kulturaren aldeko heziketan diharduten edo interesa izan dezaketen hezitzaile, dinamizatzaile eta erakundeei:

  • Hezkuntza arautuko irakasleak: Lehen eta Bigarren Hezkuntza, Hiritartasunerako Heziketa, Musika, Kulturartekotasuna, Helduen Hezkuntza…
  • Pedagogia edota psikopedagogiako profesional edo ikasleak
  • Gizarte-hezitzaileak.
  • Immigrazio-arloko talde, erakunde edo dinamizatzaileak.
  • Aisialdiko dinamizatzaileak
  • Bake-heziketa edo kultura-irekitasuna jorratzen duten fundazio, elkarte, GKE, talde edo erakundeak.

Oro har, ikastaro hau irekita dago:

  • Dantza tradizionalaren edo folklorearen arloan dihardutenei.
  • Interesa daukan edonori.

Matrikulaziorako argibideak

  • Matrikula orria bete ondoren, zure posta elektronikoan mezu bat jasoko duzu, matrikulazioaren inguruko argibideekin.
  • Ez baduzu mezurik jasotzen, akatsen bat egon dela adierazten du. Horrela bada, jarri gurekin harremanetan: 943 82 14 26, i.iciar@ueu.org (Irati).