Udako Ikastaroak :: Pedagogia
AOI metodologiaren urratsetan murgildu eta IKTen aplikazioan sakonduko da, Euskal Herriko zein nazioarteko praktika onei erreferentzia zuzena eginez. Era berean, eginez ikasteko helburuarekin, ikastaroan unitate didaktiko edota irakasgai bat AOI+IKT formularekin landuko da. Bukatzeko, ikasleek, banaka edo taldeka, beren aldetik, unitate didaktiko edota irakasgai bat AOI+IKT formularekin landu beharko dute eta, horretan laguntzeko, bi asteko on line tutoretza eskainiko da. Azkenik, egindako lanen aurkezpenekin ikastaroa itxiko da.
UEUko kidea, EUren Hezkuntza Proiektuan parte-hartzailea, Deustuko Unibertsitateko irakaslea, Informatika ingeniaria. PuntuEus Elkarteko kidea.
UEUko kidea, EUren Hezkuntza Proiektuan parte-hartzailea, Mondragon Unibertsitatean HUHEZIko irakaslea, pedagogo eta psikopedagogoa.
Aurrez aurreko saioetan: sarrera unean, tailer teoriko-praktikoak egingo dira. Horietan, azalpen teorikoak eman eta horren ulermena eta aplikazioa ikusteko, jarduera praktikoak egingo dira, alegia, eginez ikasteko metodoa erabiliko da. Jarduera horietan, ikasleek taldean zein modu autonomoan aritu beharko dute, horiek baitira metodologia horretako bi konpromiso nagusiak.
Metodologiaren urratsak ezagutzen eta ulertzen goazen heinean, garapen eta hausnarketa unean hain zuzen ere, IKTen erabilera txertatzeko tailer praktikoak egingo dira, bertan, erabilera egokiak landuko dira. Beraz, aurrez aurreko saioetan, AOI metodologiaz, IKTen rol hezitzaileaz eta bi horien uztarketa praktikoaz arituko gara.
Ondoren, aurrez aurreko saioetan ikasitakoarekin ekoizpen unera igaroko gara. Ikasleek, banaka edo taldeka, unitate didaktiko edo irakasgai bat aukeratu eta AOI+IKT formula aplikatu beharko dute. Azken ekoizpena gidatzeko eta orientatzeko on lineko tutoretzak egingo dira eta egindako lanen aurkezpenekin ikastaroa bukatutzat emango da.
Unibertsitateko irakasle edo irakaslegaiei eta, oro har, gai hauetan interesa duten guztiei.
Ikastaroak aurrez aurreko hiru saio ditu: uztailaren 12an, uztailaren 19an eta irailaren 18an. Irailaren 6tik 10era, tutoretza on line egingo da.