Irakasleen formakuntza :: Literatura, Hezkuntza

178 Testu literarioak lantzeko estrategiak eta baliabideak

  • Izaera: Presentziala
  • Ordu kopurua: 30.00 ordu

Matrikulazio epea: 2015eko irailaren 7tik 25era arte.

Literaturazaletasuna biziarazteko ezinbestekoa da irakurleari testu literarioak ulertzeko baliabideak eta estrategiak eskaintzea. Bide horretan, heziketa literarioan sakonduz, ikasleek literatura testuak interpretatzeko gaitasunez jabetuko dira, literatura irakurtzeko autonomia garatuz.

Harrera literarioan edo irakurketa literarioan sakontzeko hizkuntza-kode eta genero-kode berezitu batean gaitu behar dute ikasleek, alegia, komunikazio literarioan. Horretarako, premiazkoa da irakasleek honako hiru alderdi hauez hornitzea ikasleak:

a) Mundu sinbolikoak: literatura testuetan garaturiko eta proposaturiko sinboloez jabetzeko irakurleak (edo hartzaileak) literatura baliabideak eta literatura-kodeak identifikatzeko eta interpretatzeko gaitasuna garatu behar du.

b) Testuartekotasuna: zenbait literatura testutan eginiko aipuak, erreferentziak edo keinuak ulertzeko, irakurleak (edo hartzaileak) literatura testuen arteko zubiak eraikitzeko gaitasuna garatu behar du, eta baita mugimendu literarioen arteko zubiak eraikitzeko gaitasuna ere.

c) Diziplinartekotasuna: kode artistiko ezberdinez jabetzeko, premiazkoa da irakurleak (edo hartzaileak) adierazpide literarioak eta bestelako adierazpide artistikoak (zinea, musika, internet, etab.) harremanetan jartzea.

Hiru alderdi horietan sakontzeko proposamen didaktikoak garatuko ditugu ikastaro honetan, gaur egun internetek eskaintzen dituen tresnei lehentasuna emanez.

Aurrez-aurreko saioak urtarrilak 11, 12, 18, 19, 25, 26 eta otsailak 22.

Irakasleak

  • Iratxe Retolaza Gutierrez

    UEUko Literatura saileko sailburua. Euskal Filologian lizentziatua. UPV/EHUko irakaslea. Aldizkari eta egunkarietako kolaboratzailea.

  • Amaia Serrano Mariezkurrena

    UEUko Literatura saileko sailburua. Magisteritzan diplomatua eta Euskal Filologian lizentziatua. UPV/EHUko irakaslea.

Helburuak

Ikastaro honek honako helburu hauek izango ditu jomugan:

  • Curriculumeko literatura edukiak aztertzea, eta literatura eduki horietariko bakoitza garatzeko aproposa den joera didaktikoa identifikatzeko gaitasuna garatzea.
  • Heziketa literarioaren funtzioak eta literaturaren didaktikaren joerak aztertzea.
  • Literaturaren irakurketaren autonomian sakontzeko garatu diren proposamen didaktikoak ezagutzea.
  • Irakurzaletasuna garatzeko estrategiak eskaintzea (testu literarioak aukeratzeko irizpideak, testu literarioak lantzeko metodologiak, etab.).

 

Edukiak

Ikastaro hau hiru modulutan garatuko da:

1. Moduloa: Irakurzaletasuna eta irakurbideak

Modulu honen helburu nagusia irakurzaletasuna sustatzeko estrategiez gogoeta egitea da. Horretarako, heziketa literarioaren funtzioak zehaztuko eta eztabaidatuko ditugu, eta irakurzaletasuna zein irakurbideak lantzeko proposamen didaktiko zenbait aztertuko ditugu.

  •  Heziketa literarioaren definiziorantz.
  •  Literatura testuak nola hautatu: zenbait irizpide.
  •  Liburu bat nola landu: zenbait ibilbide eta proposamen didaktiko.
  •  Testu labur bat nola interpretatu: zenbait esperientzia eta proposamen didaktiko.

2. Modulua: Irakurketa konparatua: diziplinartekotasuna

Modulu honen helburu nagusia hitzak beste adierazpide batzurekin (irudia, hotsa eta mugimendua) harremanetan nola irakur daitekeen aztertzea da. Horretarako, literaturaren eta beste zenbait diziplina artistikoen arteko zubiak aztertuko ditugu, betiere irakurketa literarioaren bideetan sakontzeko:

  • Literatura eta zinemaren arteko zubiak irakaskuntzan.
  • Literatura eta komikiaren arteko zubiak irakaskuntzan.
  • Literatura eta ilustrazioaren arteko zubiak irakaskuntzan.
  • Literatura eta Interneten arteko zubiak irakaskuntzan.

3. Modulua: Sormen-tailerrak eta literatura testuaren birsorkuntzak

Modulu honen helburu nagusia irakurleak testu literario baten inguruko interpretazioak, inpresioak eta sentipenak azaltzeko gaitasuna garatzea da. Bide horretan, sormena lantzea beharrezkoa da, eta horretarako literatura testuen interpretazioan sakontzetik abiatuko gara, literatura testu baten birsorkuntzarako proposamen didaktiko zenbait aurkeztuz:

  • Literatura testuaren birsorkuntza literarioa.
  • Literatura testu idatzitik audio-literaturara.
  • Literatura testu idatzitik fotonobelara / fotopoemara.
  • Literatura testu idatzitik bideoliteraturara.

Metodologia

Ikastaroak izaera praktikoa izango du. Modulu bakoitzaren helburuak erdiesteko jarduera zehatzak egingo dira programan jasotako langaien inguruan. Ikastaroan zehar proposamen didaktiko zenbait aurkeztuko dira, eta proposamen didaktiko horietariko baten garapen zehatza egin beharko dute parte-hartzaileek, ikastetxean modu praktikoan aplikatu ahal izateko. Irakasleen lankidetza eta laguntza izango dute sortzen zaizkien zalantzei eta zailtasunei aurre egiteko, eta baita ikastetxean aplikatu beharreko proposamen didaktikoa garatzeko ere. Irakasleek campus birtualean (esaterako, moodle edo edmodo gisako plataformetan) jarriko dituzte eskura jarduera horiek egiteko behar diren baliabideak.

Nori zuzendua

Irakasleak Orokorrean

Matrikulaziorako argibideak

Eskaera telematikoki egingo da, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko aplikaziora jota (esteka), IRAKASLEGUNEA atarian. Ikastetxe publikoetako nahiz itunpeko ikastetxeetako langileak sar daitezke han.

Babesleak

  • Eusko Jaurlaritza.Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa saila

Etiketak

ikastaroa, ikastaroak, bilbo, testu, ulermena, literatura, irakurle, irakurri, heziketa, hizkuntza, liburu, testu, ilustrazio, komiki, internet, fotonobela, fotopoema, bideoliteratura

Copyright @ 2018 UEU -- Bisitariak: 683568

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko eta eduki eta funtzio berezituak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Argibide gehiago eskuratzeko: cookie-politika.