Irakasleen formakuntza :: Hizkuntzalaritza, Glotodidaktika, Hezkuntza
Matrikulazio epea: 2020ko irailaren 1etik irailaren 15era, biak barne. IRAKASLEGUNEA atarian
Ikastaro honen helburua oro har Lehen Hezkuntzako etorkizuneko irakasleak hizkuntza eta literaturaren irakas-ikaskuntza prozesuak abiatu eta jarraitzeko gaitzea izango da.
Oinarrian dagoen ulerkera da hizkuntzen ikaskuntza prozesua dinamikoa dela eta etengabeko eraikuntzan diharduela, eta norabide horretan, honako galderei erantzuna bilatzeko joera gailendu behar da behinean: Zer irakatsi? Nori? Nola? Noiz eta non? Zergatik? Zer emaitza lortzeko? Zer eta nola ebaluatu?
Lehen Hezkuntzako ikasleek funtsezkoa dute, arlo akademikoan zein bizitzaren bestelako arloetan, gaitasun komunikatiboa garatzea. Horretarako, hizkuntzaren lanketa ikuspegi komunikatibo batetik egiteak, ikasleari lagundu egingo dio hizkuntzaz modu esanguratsuan jabetzen. Zentzu horretan, atazetan oinarritutako ikas-prozesuetan unitate didaktiko testuinguratuak antolatzen dira, prozesu hezitzailea osatuz.
Ikaslea ikas-prozesuaren oinarrian egonik, bere aurrerabidearen ebaluazioan ere esku hartu behar du. Bere ikas-prozesuan aurrerapena gidatzeko tresnak eskaini ahal dizkiogu, aurretik ezarritako irizpideak bete dituen azter dezan. Horrela, ebaluazioari, kalifikatzeko baliabide bat izatetik harago, ikuspegi hezitzailea eman behar diogu. Horretarako, gure aritzeko moduak aztertu eta dauden tresnak ezagutzea ezinbestekoa da.
Ikastaro honetan hizkuntzari ikuspegi komunikatibotik begiratu eta sekuentzia didaktikoen ezaugarriak eta aukera-didaktikoak jorratuko ditugu. Ingurumaria horretan ebaluazioaren ezaugarri didaktikoak aztertuko ditugu, eta hainbat tresna aplikatuko ditugu.
Ikastaroa online motakoa izango da, eta ikastaroa emateko Moodle irakaskuntza-plataforma batean oinarrituta dagoen UEUko Ikasgela Birtuala erabiliko da.
Era berean, ikastaroak gogoeta teorikoa eta praktikoa uztartuko ditu, baina bigarrenak batez ere hartuko du protagonismoa. Izan ere, egiten dugunaren analisiak izango da ikastaroaren abiapuntua. Gogoeta teoriko laburrak oinarri izanda parte hartzaileek euren praktika didaktikoa aztertuko dute eta gaitasun komunikatiboa lantzeko jarduerak garatuko dituzte, IKTek egun eskaintzen dituzten baliabide anitzak kontuan hartuta. Halaber, ebaluazioa hobekuntzarako tresna dela jabearazi eta hainbat teknika zein tresna aztertuko dira, zer-noiz-zertarako erabili argitzen hasteko. Zentzu horretan, parte-hartzaileek ikastaroko jarduerak egiteaz batera, ebaluazio-irizpideak eta adierazleak zehaztu eta horien araberako tresnak sortuko dituzte (errubrika, tartean).
Eskaera telematikoki egingo da, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko aplikaziora jota, IRAKASLEGUNEA atarian. Ikastetxe publikoetako nahiz itunpeko ikastetxeetako langileak sar daitezke han.
Eusko Jaurlaritza.Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa saila