Irakasleen formakuntza :: Hizkuntzalaritza, Glotodidaktika, Hezkuntza
Matrikulazio epea: 2020ko irailaren 1etik irailaren 15era, biak barne. IRAKASLEGUNEA atarian
DBHn ikasleek esparru eta egoera formaletarako urratsa ematen dituzte. Adin horretan, arlo akademikoan zein bizitzaren bestelako arloetan, gaitasun komunikatiboa garatzea funtsezkoa dute. Horretarako, hizkuntzaren lanketa ikuspegi komunikatibo batetik egiteak, ikasleari lagundu egingo dio hizkuntzaz modu esanguratsuan jabetzen. Zentzu horretan, atazetan oinarritutako ika-prozesuetan unitate didaktiko testuinguratuak antolatzen dira, prozesu hezitzailea osatuz.
Ikaslea ikas-prozesuaren oinarrian egonik, bere aurrerabidearen ebaluazioan ere esku hartu behar du. Bere ikas-prozesuan aurrerapena gidatzeko tresnak eskaini ahal dizkiogu, aurretik ezarritako irizpideak bete dituen azter dezan. Horrela, ebaluazioa kalifikatzeko baliabide bat izatetik harago, ikuspegi hezitzailea eman behar diogu. Horretarako, gure aritzeko moduak aztertu eta dauden tresnak ezagutzea ezinbestekoa da.
Ikastaro honetan hizkuntzari ikuspegi komunikatibotik begiratu eta sekuentzia didaktikoen ezaugarriak eta aukera-didaktikoak jorratuko ditugu. Ingurumaria horretan ebaluazioaren ezaugarri didaktikoak aztertuko ditugu, eta hainbat tresna aplikatuko ditugu.
Euskal Filologian lizentziatua. UEUko Glotodidaktika Saileko sailburua. Garabideko kidea eta Euskal Herriko Unibertsitateko Munduko Hizkuntzen Ondarearen UNESCO Katedran, Batzorde Tekniko Iraunkorreko eta Aholkulari Batzordeko partaidea. Basauriko Udal Euskaltegiko irakasle eta zuzendaria.
Alderdi praktikoak hartuko du berebiziko garrantzia ikastaro honetan; horrenbestez, gogoeta teoriko laburretik abiatuta, parte-hartzaileek euren praktika didaktikoa aztertuko dute eta gaitasun komunikatiboa lantzeko jarduerak garatuko dituzte, IKTek egun eskaintzen dituzten baliabide anitzak kontuan hartuta. Testuinguru horretan, ebaluazioaren garrantzia azpimarratuko dugu. Tresna horren balioak eta ezaugarriak aztertu eta hainbat tresna ezagutu eta aplikatuko ditugu.
Eskaera telematikoki egingo da, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko aplikaziora jota, IRAKASLEGUNEA atarian. Ikastetxe publikoetako nahiz itunpeko ikastetxeetako langileak sar daitezke han.
Eusko Jaurlaritza.Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa saila