Irakasleen formakuntza :: Hezkuntza, Psikologia
Pertsona guztiak sozialak gara, gorputza dugu eta honen bidez pentsatu, ulertu, adierazi, komunikatu, gozatu, sentitu eta sentiarazten dugu.
Sexualitatea, hitzekin eta gorputzaren zentzumenekin bakoitzak espresatu, komunikatu, sentitu, intimatu, plazera eman eta jasotzeko modua da. Sexualitatea, beraz, pertsonaren dimentsio bat baino gehiago da: garena da. Horregatik, sexualitatearen garapen integrala eta atsegingarria bermatzea, pertsonaren garapena osotasunean laguntzea da. Hortaz, hezkuntza afektibo-sexuala, haurren eta gazteen hazkuntza integrala lortzeko alderdi garrantzitsua da.
Ukitu, plazera eman eta intimatzeko behar fisiko eta afektiboek, jaiotzatik heriotzaraino laguntzen gaituzte. Baina pertsonok sentsibilitate desberdinak ditugu eta ez zaizkigu afektu adierazpen berdinak gustatzen, horregatik da beharrezkoa hainbat gaitasun lortzea: besteak eta norbere burua entzutea, zer nahi dugun eta zer ez dugun nahi eta zer gustatzen zaigun eta zer ez zaigun gustatzen jakitea, nahi eta sentitzen dugun bezala egin eta disfrutatzea, norberari eta beste inori minik eman gabe…
Haur eta gazteek osotasunean heziak izateko eskubidea dute maila guztietan, sexualitatea komunikazio, osasun, plazer eta afektibitate iturri bezala ulertuz.
Emakumeak eta gizonak parekidetasunean eta diskriminaziorik gabe biziko garen jendartea lortu nahi badugu eta harreman komunikatzaile, atsegin, berdintasunezko, arduratsu eta askeak lortu nahi baditugu, haurrei kalitatezko heziketa afektibo sexuala eskaini beharko diegu.
Honen faltak norbanakoaren garapenean eragina izan ez ezik, parekidetasunean oinarrituriko jendartearen eraikuntzan behar diren oinarrizko aldaketa sozialak ematea eragotziko baitu.
Heziketa sexualak, esan bezala, pertsona gisa hazten laguntzen gaitu, baina arlo biologikoan zentratzen bagara soilik, pertsonalitate gizakoia eraikitzeko aukerak eta kasu askotan aurreiritzi eta estereotipo sexistez beteta dauden ideiak aldatzeko aukerak ukatuko ditugu.
Horregatik, ikastaro honen helburua haur eta gazteen hezkuntza etapa guztietan dimentsio afektibo-sexuala modu praktikoan lantzeko gakoak ematea izango da.
Ikastaroaren metodologia oso praktikoa izango da, helburua norberak bere ikastetxean hezkuntza afektibo-sexuala lantzeko proiektu bat egitea delako; eta praktikotasunari dagokionez, horrek inpaktu zuzena izango duelako norberaren hezkuntza ekosistema propioan, hau da, komunitatean.
Ikastaro amaieran, proiektu horiek taldean partekatuko dira, proposamen desberdinekin ikasle bakoitzak bere proiektua aberasteko aukera izango duelarik.
Ikastaroaren bloke bakoitzean atal teorikoa egongo da, zeinetan baliabide desberdinen bidez, edukiak barneratuko diren. Aldi berean, irakasle bakoitzak norbere ikastetxean gaia lantzeko unitate didaktikoa sortzen joango da, hau edukiz jantziz. Irakasleak proiektua txertatzeak eragin positiboa izango norbere ikastetxean, elkarbizitzarako eta haur zein gazteen garapen sexualerako aukera berriak zabalduz.
Gainera, unitate didaktikoak ekarriko dituen emaitzek, lotura zuzena izango dute etapa guztietako haurrek eskuratuko dituzten konpetentziekin. Zehazki, “Oinarrizko Hezkuntzako Curriculuma (Heziberri 2020)”-k barnebiltzen dituen oinarrizko zehar-konpetentzia eta diziplina barneko konpetentzia askorekin.
Ikas-prozesu honetan zehar etengabeko tutorizazioa ere egongo da; irakasleari espazioen azterketa eta antolaketa hezkidetzailerako konpetentziak lortzen lagunduz, unitate didaktikoaren diseinuan aholkatuz, bere ikas-prozesuaren gertuko eta etengabeko jarraipena zein ebaluazioa eginez eta zalantza orokorrak argituz.
Sexu-hezitzailea, Indarkeria Sexistaren Prebentzioan eskarmentuduna, Genero Berdintasun teknikaria, Hezkidetza Programetan aritua, gizarte eta kultur dinamizatzailea eta EHko Sexu Askapenerako Mugimenduan militantea. UEUkidea.
1. Sexualitatea gure gizartean
2. Haur eta gazteen garapen afektibo-sexuala
3. Heziketa afektibo-sexuala
4.Aniztasuna sexuala ikastetxean
5. Proiektuaren diseinua
6. Proiektuaren aurkezpena eta ebaluazioa
lkastaroa on-line motakoa izango da eta, horretarako, Moodle irakaskuntza-plataforman oinarrituta dagoen UEUren “Ikasgela Birtuala” erabiliko da. lkastaroa parte-hartzailea izango da, eta teoria bizi esperientzietan eta eguneroko lan jardunean kokatzea izango·du helburu, hausnarketa pertsonalak elkarbanatzean oinarrituz.
Oinarri kontzeptualak idatzizko zein ikus-entzunezko materialen bidez landuko dira. Ondoren, lan pertsonala beharrezkoa izango da, hausnarketa pertsonaletatik kolektiboetara salto egiteko, horretarako baliabide teknologikoak erabiliz. Honetarako, taldedinamiketan (foroetan) norberaren iritzi, hausnarketa, esperientzia edota zalantzak ikaskideekin partekatzeko aukera izango da, taldeari modu eraikitzailean eraginez. Aldi berean, gure helburua ikastaroan zehar landutako edukiak martxan jartzea izango da, horretarako parte hartzaile bakoitzari, bere eguneroko errealitatean aurrera eramateko, ordu kopuru zehatzeko lanketa bat proposatuko diogu. lkasleek momentu oro irakaslearen jarraipena eta tutoretza izango dute.
Lanketa horren xedea, norberaren ikastetxean gaia lantzeko unitate didaktikoa sortzea izango da. Beraz, ikastaroa amaitzeko proiektu honen memoria aurkeztea ezinbestekoa izango da. Ondoren, ikasle guztien artean partekatuko dira unitate didaktiko guztiak, elkarren arteko esperientzietatik ikasteko eta material gehigarria eskuratzeko.
Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako irakasleei.
Eusko Jaurlaritza. Hezkuntza Saila