Irakasleen formakuntza :: Hezkuntza, Psikologia

297 Gizarte arloa osatzen, emakumeen ekarpenekin

  • Hasiera-data: 2020(e)ko apirilaren 20a
  • Amaiera-data: 2020(e)ko maiatzaren 29a
  • Tokia: Ikasgela Birtuala
  • Ordutegia: Astean zehar. 00:00-24:00
  • Izaera: On-line
  • Ordu kopurua: 30.00 ordu

Matrikulazio epea: 2019ko irailaren 9tik 27ra arte, biak barne. IRAKASLEGUNEA

Aurretik gertatutakoaren oinordekoak gara. Zenbait kulturetan garrantzitsuagoa da nondik gatozen zein garen baino. Garai batean identitatea ez zen ezaugarri indibidualetan oinarritzen baizik eta jatorriaren arabera eraikitzen zen, nongoa zinen, nondik zentozen. Egungo kulturan, gure oinordekotza ikuspegi historikotik jorratzen da. Norbera zein den jakiteko, aurretik bizi izan ziren oinordekoek zer egin zuten jakitea beharrezkoa izanik. Ikuspegi batean ala bestean, gure aurre historia, arbasoak zein ziren jakitea gure identitatearen definizioan garrantzia duen elementua da, gure auto-identitatean eta gure autoestimuan.

 

Pertsona arrunten bizi esperientziak garrantzitsuak dira. Norberaren autobiografia egitea garrantzitsua da. Askotan gizonak bakarrik dira biografia bat merezi duten pertsonaiak. Emakumeen bizi esperientziak ez dira biografia bat eraikitzerainokoak bihurtzen. Askotan emakumeen bizitzak tradizio patriarkaleko eremuetan gertatzen dira eta emakumeak ez dira protagonista sentitzen baizik eta beraien bizitzetako protagonistak gizonezkoak dira.

 

Gure histori familiarra, ezagutzen joaten gara, mitoen, bertsio ofizial eta extraofizial, sekretu, txutxu-mutxu eta abarren bidez, baita isiltasunen bidez eta hauek sortutako tabuen bidez ere. Norberak, bide guzti hauetatik, bere bizi esperientzia eta parte-hartzearen ondorioz historia familiarra ezagutzen du. Guzti honetan eragina izango du, formazioak, behaketa eta iniziatibarako

gaitasunak, sare sozialetan hartzen dugun tokiak, hierarkiek... Honela familiako kide bakoitzak ere bere bertsio propioa sortzen du familiaren historiaz.

 

Modernitateak indibidualizazioa ekarri du eta pertsona delimitatzeko molde berriak. Ardura indibiduala, betebehar eta eskubide indibidualak, askatasun indibidualak. Indibidualizazio honek, autokontzientzia eta jende arruntaren bizitza garrantzitsua denaren ideia ekarri digu. Norberaren bizitza besteengandik bereizten saiatzen gara eta gure bizitza gure egiten duten bizipenak, sentimenduak eta abar markatzeko, gordetzeko, sailkatzeko ohitura haratu dugu. Egunerokoak, argazki albumak, pelikulak, etxeko grabazioak, marrazkiak, ziurtagiriak, diplomak, tituluak eta errekonozimenduak... baita identitate dokumentu ofizialak ere. Modernitatean hasi garen pertsonentzat garrantzitsua da ebidentziak, oroitzapenak, frogak nahiz bizitzaren testigantzak jasotzea eta izatea. Hala ere emakume askok beraien identitate hau markatzen duten bitartekorik ez dute sortzen. Askotan emakume hauen bizitzak tradizio patriarkalak markatzen ditu. Emakumeok askotan, gure historiaren kontzientziarik ez dugu, alegia, gure istorioa garrantzitsua dela ez dugu sinesten.

 

Kultura eta Historia emakumeon ikuspegitik arakatu nahi dugu bloke honetan. Hain juxtu emakumeon ibilbide eta ekarpen kultural nahiz historikoari jarriko diogu arreta. Beraiek egindako lanari esker baikara gu ere garenak.

 

Emakumeon ekarpenen inguruko ikerlan, bilduma eta azterketa zenbait badauden arren, oraindik badago bakoitzak zer arakatu eta zer ulertu. Bide horretan saiakera bat da ikastaro hau, orain arte bildutako zenbait informazio, testigantza, testu eta metodologia feminista konpartitzeko helburua eta nahia dugu.

Ikastaroaren metodologia oso praktikoa izango da, helburua norberak bere ikastetxean Gizarte Zientziak hezkidetza ikuspegitik lantzeko proiektu bat egitea delako; eta guztion arten, Gizarte Zientzietan zeharka berdintasun ikuspegia lantzen den praktika onen bankua osatzea delako. Praktikotasunari dagokionez, horrek inpaktu zuzena izango du norberaren hezkuntza ekosistema propioan, hau da, komunitatean.

Ikastaro amaieran, proiektu horiek taldean partekatuko dira eta praktika onen bankua baita ere, elkarren arteko esperientzietatik ikasteko eta material gehigarria eskuratzeko.

Gainera, unitate didaktikoak eta praktika onen bankuak ekarriko dituzten emaitzek, lotura zuzena izango dute etapa guztietako haurrek eskuratuko dituzten konpetentziekin. Zehazki, “Oinarrizko Hezkuntzako Curriculuma (Heziberri 2020)”-k barnebiltzen dituen oinarrizko zehar-konpetentzia eta diziplina barneko konpetentzia askorekin.

Irakaslea

  • Aiora Epelde Agirre

Helburuak

  • Feminismoaren oinarriak ezagutzea.
  • Oinarrizko kontzeptuak aztertzea.
  • Gaur egungo sexu sistema aztertu eta kokatzea.
  • Genero rolen eta indarkeriaren arteko lotura aztertu eta kokatzea.
  • Feminismoaren garapen historiko nahiz kulturala aztertzea.
  • Historia egin duten emakumeen lorpenak ikustaraztea.
  • Hezkidetzaren garrantzia kokatzea.
  • Hezkidetza indarkeriaren prebentziorako tresna egoki gisa kokatzea.
  • Unitate didaktikoetan genero ikuspegia txertatzeko irizpideak ematea.
  • Ikasgelan hezkidetza nola landu ikastea.
  • Ikastetxeei hezkidetzaren inguruko tresnak eskaintzea, eta pertsonei era positiboan eta berezian elkar ezagutzen, bizi izaten eta adierazten laguntzea.
  • Irakasleek berdintasun ikuspegia txertatzen duten praktika onen bankua osatzea.
  • Irakasleek hezkidetzako ikuspuntua txertatuta, Gizarte Zientzietako unitate didaktikoa sortzea.
  • Aurrera begira estrategia eta eremu ezberdinak lantzea.
  • Ikastaroari dagokionean, Moodle plataformaren atal eta baliabide desberdinak ezagutzea eta norberaren gaitasun digitala indartzea.

Edukiak

1. BLOKEA: FEMINISMOAREN OINARRIAK.

  • Oinarrizko kontzeptuak: Patriarkatua, androzentrismoa, berdintasun formala eta erreala, pribatu/publikoa…
  • Sexu-genero sistema eta sozializazio prozesuak, genero rol eta estereotipoak, transexualitatea…
  • Indarkeria matxistak (zuzena, estrukturala eta sinbolikoa).
  • Intersekzionalitatea.

 2. BLOKEA: GURE GENEOLOGIA FEMINISTAK.

  • Mugimendu feministaren historia, bereziki mendebaldeko jendartean: feminismoaren hiru olatuak.
  • Euskal Herriko genealogiak hamarkadaz hamarkada.
  • Borroka garrantzitsuenak aldarriz aldarri.
  • Emakume esanguratsuak ikustarazten.
  • Gaur egungo tendentziak eta erronkak.

 3. BLOKEA: ERRORA JOZ: HEZKUNTZA ETA HEZKIDETZA.

  • Hezkidetzaren historia.
  • Emakumeon ikusezintasuna eta estereotiporik gabeko erreferenteak.
  • Esperientzia eta praktika positiboak.
  • Indarkeriaren prebentziorako tresnak (mutilen desjabetze prozesuak, nesken ahalduntze prozesuak, autodefentsa feminista, heziketa sexu afektiboa,...)

 4. BLOKEA: AURRERA GOAZ: ESTRATEGIA EZBERDINAK.

  • Arlo instituzionala: berdintasun politikak, mainstreaming…
  • Arlo akademikoa: ikerketa eta proiektu esanguratsuak.
  • Kalea gurea da: MFren aldarriak, M8ko Greba, me too…
  • Arlo ezberdinetako borrokak, dinamikak eta kanpaina ezberdinak (langileak, kirolariak, zientzialariak, bertsolariak...) ikustaraztea.

 5. BLOKEA: PROIEKTUAREN ETA PRAKTIKA ONEN BANKUAREN DISEINUA

  • Norbere ikastetxearen beharren identifikazioa.
  • Gizarte Zientziak genero ikuspegitik curriculumean eta ikasleen oinarrizko konpetentzietan.
  • Gizarte Zientzietan hezkidetza zeharka lantzeko baliabideak eta tresnak.
  • Hezkidetzako ikuspuntua txertatuta Gizarte Zientziak lantzeko unitate didaktikoaren diseinua.
  • Gizarte Zientzietan hezkidetza zeharka lantzeko praktika onen bankuaren diseinua.

 6. BLOKEA: PROIEKTUAREN AURKEZPENA, PRAKTIKA ONEN BANKUAREN AURKEZPENA ETA EBALUAZIOA.

  • Praktika onen bankuaren aurkezpena.
  • Unitate didaktikoaren aurkezpena.
  • Unitate didaktikoa ikastetxean txertatzeko urratsak.
  • Ebaluaketa.

Metodologia

lkastaroa on-line motakoa izango da eta, horretarako, Moodle irakaskuntza-plataforman oinarrituta dagoen UEUren “Ikasgela Birtuala” erabiliko da.

lkastaroa parte-hartzailea izango da, eta teoria bizi esperientzietan eta eguneroko lan jardunean kokatzea izango du helburu, hausnarketa pertsonalak elkarbanatzean oinarrituz.

Oinarri kontzeptualak idatzizko zein ikus-entzunezko materialen bidez landuko dira. Ondoren, lan pertsonala beharrezkoa izango da, hausnarketa pertsonaletatik kolektiboetara salto egiteko, horretarako baliabide teknologikoak erabiliz. Honetarako, talde-dinamiketan (foroetan) norberaren iritzi, hausnarketa, esperientzia edota zalantzak ikaskideekin partekatzeko aukera izango da, taldeari modu eraikitzailean eraginez.

Aldi berean, gure helburua ikastaroan zehar landutako edukiak martxan jartzea izango da, horretarako, batetik, parte hartzaile bakoitzari, bere eguneroko errealitatean aurrera eramateko, ordu kopuru zehatzeko lanketa bat proposatuko diogu. Ikasleek momentu oro irakaslearen jarraipena eta tutoretza izango dute. Lanketa horren xedea, norberaren ikastetxean gaia lantzeko unitate didaktikoa sortzea izango da.

Bestetik, talde guztiaren artean, gaiaren inguruko praktika onen bankua osatzea proposatuko diegu. Honetan ere, irakasleak bide lagun izango dituzte.

Beraz, ikastaroa amaitzeko proiektu honen memoria aurkeztea eta praktika onen bankuaren osaketan parte hartzea ezinbestekoa izango da. Ondoren, ikasle guztien artean partekatuko dira unitate didaktiko guztiak eta praktika onen bankua, elkarren arteko esperientzietatik ikasteko eta material gehigarria eskuratzeko.

Nori zuzendua

Irakasleak orokorrean

Matrikulaziorako argibideak

Eskaera telematikoki egingo da, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko aplikaziora jota, IRAKASLEGUNEA atarian. Ikastetxe publikoetako nahiz itunpeko ikastetxeetako langileak sar daitezke han.

Babesleak

  • Eusko Jaurlaritza.Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa saila

Etiketak

feminismoa, generoa, emakumeak, hezkidetza, berdintasuna, UEU, ikastaroak, Eibar

Copyright @ 2019 UEU -- Bisitariak: 683568

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko eta eduki eta funtzio berezituak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Argibide gehiago eskuratzeko: cookie-politika.